[Zine kritika] Oreina

Oreina –

Zuzendaria: Koldo Almandoz

Urtea: 2018

Herrialdea: Euskal Herria

Oreina

Kilkerrak entzuten dira, hontza, igelak ere, paduran. Animaliak bertan daude, lanbroak estalita, ur gazi eta geza nahasten diren lur zatian. Mareak gora eta behera egiten du, orduak behar ditu honetarako. Txalupek indar gehien duen korrontearen aldera begiratzen diote.Brankak ibaira, mareak beheruntz egiten duenean. Mareak gora egiten duenean aldiz, itsasorantz. Batzuetan errekak behera asko egiten duenean txalupak lohian geratzen dira, kieto, mediotik kanpo, denbora geldian, korronteak noiz berreskuratuko zain.

Almandozen zinta berrian galtzea gomendatuko dizuet oraingoan, paduran sar zaitezten, tentuz, padurek bere arriskua baitaukate, oina non jarri kontuarekin jakin behar da ez dezagun hanka behar ez den lekuan sar. Oreina filma maina handiarekin egina dago, trebezia zein maitasuna, hurbiletik jarraitu egiten dena, anai-arreba nagusi, lagun on edo guraso baten zaintzaz egina bezala. Zintak azaltzen diguna arretaz landu dela nabaria da.

Ilargiak gaua argitzen du, erreka, zelaiak, padura. Trena entzuten da urrutira, kilkerrak, eta motor bat pasatzen da alboko errepidetik, papertegiaren ondotik. Zementuzko egiturak gailentzen dira paisaian, ia naturak irentsi izango balitu bezalako masa geometrikoak, dikotomia apetatsua, ibai ondoan dagoen baserriarena bezala. Antzinako etxea, bitan zatitua, bertan isiltasuna bizi da, latza, estua. Bi garai desberdinek elkar egiten duten lekua, unea. Soka mehe batekin lotua, lazo batekin, artea, apaingarria, tranpa, esan ezin diren hitz guztiak harrapatzeko.

Nork entzungo ditu hitzok? Oreinak akaso. Eguzkilorearen modura atarian so, tradizio zahar baten oinordeko, mutu, bere baitan isiltasun guzti honen ezin egona gorpuzten duen totema.

Almandozek zinta xumea egin du, benetan sinplea, edonoren egunerokotasun normalenaren erradiografia. Bertan ispilua topatuko dugu, deskribatzen zaila den edertasunarekin. Zaurgarriak dira egiak. Edertasuna ere batzuetan, horregatik da hain zaila batzuetan egia esatea, mingarria, isiltasuna eufemismorik minena bilakatu daitekeelarik.

Argazki izugarri landua aurkituko dugu filmean, kokapen eta paisai guztiz sinesgaitzak irudituko zaizkigularik egunerokotasunean bizi ditugun parajeak. Zer esan aktoreen lanaz, oilo ipurdia eragiteko modukoak izango diren egoeretara eramango gaituzte, eskutik helduta, samurtasunez, eta ez gaituzte askatuko, pasarte ederrenetatik gogorrenetara eramanez, paduran, errekan, aparkalekuan, ikusi eta entzun beharrekoak bizi ditzagun.

Soinu bandaz zer esanik ez, filmean jasotzen diren paisaia sonoro eta emozionalekin guztiz sinbiosian dagoena, behar denean soilik agertzen dena, eta gero berriz isiltasuna.

Koldo Almandozen zinta benetan handia da, kaxa txiki batean bildurik, benetako lan zintzo eta sakona, edertasunak gehienetan ez duelako azalpen gehiegirik behar. Ireki bada egin digun oparia, eta sartu paduraren lanbroan, lasai, ez zaretela galduko, hori bai, agian ateratzerakoan ez zarete pertsona bera izango.

.

Oreina Oreina Oreina
66SSIFF, 66Zinemaldia, Elena Setien, Erika Olaizola, Ignacio Bilbao, Iraia Elias, Javier Agirre, koldo almandoz, kritika, Laulad Ahmed, New Directors, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Txintxua films, zinema, Zuzendari Berriak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude