Futbola politika da
Futbola politika da –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Gerlarekin konparatu zuen futbola Ignacio Ramonetek 1990ean: “Nazio pasioen funtsezko hedatzailea da. Partidu batean, “nazioaren bertuteak” dakartzate jokalariek. Bertute horiek dira, besteak beste, “gizontasun” zaharkitu bat, indarrean eta kemenean oinarritzen dena, “leialtasuna”, “sakrifizioa”, “lurraldearen zentzua”, “betebeharraren zentzua”, “komunitate baten parte izatea”…
…
Hilen monumentuek, haien inguruko banderek eta omenaldiek nazio sentimendua errotzeko balio dute, baina, XXI. mendean, bide gaurkotuagoak eta egokiagoak behar ditu estatu batek, atxikimendu hori lortzeko. Horretarako dago futbola. Edo Frantziako Tourra Euskal Herritik pasatzea…
Frantziak Munduko Futbol kopako finala jokatzeak –eta irabazteak– karga politiko handia du. Ez gara kirolaz ari. Politika da, eta politika bakarrik. Kirolaren mozorro azpian eta jokoaren aitzakian, Frantziak sekulako gola sartu digu euskaldunoi.
Uholde zuri-gorriurdin batek estali zituen Ipar Euskal Herriko herriak. Eta gogoeta etsitua: non dago “Hau ez da Frantzia” aldarrikapenaren indarra? Zer lortuko dugu horrelako nazio ikuspegi frantsesa duen jendearen erdian itorik?
Kostaldeko herri batzuetako Herriko Etxeek pantaila handiak jarri zituzten herriko plazetan, jendeak finala ikus zezan. Pantaila handi horiek dira, orain, hilen oroitarrien funtzioa betetzen dutenak. Pantailak jarri dituzten Herriko Etxe horietako batzuetako gobernu taldean daude abertzaleak. Nola onartu dute diru publikoa erabiltzea frantses nazionalismoaren –kolonialismoaren– agerraldi lotsagabea erakusteko? Ez ote da sortuko krisi politikorik herri horietako kontseiluan? A ez… ez gara politikaz ari, kirola “baizik” ez da…
Beste hiri bateko auzapeza Euskal Elkargoko presidentea da, eta haren Herriko Etxe handia Frantziako banderaren kolorez apaindurik agertu zen zenbait egunez.
Berriki mintzatua da Max Brisson, oraindik paparrean daramana Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari ohiaren medaila eta Aieteko konferentzian izan zena. Ahoa irekitzen duenean beti mintzo da euskararekiko eta abertzaleekiko errespetuz, baina garbi azpimarratuz frantsesa dela eta Ipar Euskal Herria “Frantzia” dela. Onartzen omen du Frantziak euskarari egin dion kaltea, eta keinu batzuk egin nahi ditu konpontze aldera, baina ez du sekula dudan jarriko frantsesaren nagusitasuna. Max Brisson da “polizia gisakoa”. Ohituak gintuzten “polizia gaiztoekin”, eta oraingo politikariek jarrera irekia agertzen dutenean, biribilketan goaz elkarrekin.
Literaturak, zinemak eta atxiloturik egon direnek badakite polizia gisakoak direla arriskutsuenak. “Aberri handia” eta “aberri txikia”-ren zabaltzaile berriak dira. XIX. mendean hori behar zuen Frantziak, euskaldunek pentsa zezaten euskalduna izateagatik frantses zirela. XX. mendean lelo horren behar gutxiago sentitu zuten, buru-garbiketa eta asimilazioa ia lortua zutelako. Abertzaletasunak indar pixka bat hartu duenean, itzuli behar izan dute planteamendu horretara.
Argigarri bezain kezkagarria. Nazio kontzientzia azkartzera beharturik gaude nortasun kosmopolitek erabat irentsi baino lehen
Futbolak oinarrizko sentimenduak bizten ditu, “nongotasun sentimenduak” haien artean.
1998 eta 2018an Frantziak eta 2010an Espainiak Munduko FIFA Futbol Lehiaketa irabazi zutenean argi ikusi genuen euskalherritar askoren bihotzak noren arabera egiten duen taupada. Jende andana handiak ospatu zituen frantziar futbol-taldearen garaitzapenak Iparraldean eta espainiarrarenak Hegoaldean (nahiz-eta Hegoaldean kaleko poz-algara adierazpenak Iparraldean baino mugatuak eta neurtuagoak izan ziren). Frantziarkeria eta espainiarkeria handiusteak Euskal Herriko kaleak bete zituen oren batzutan.
Horrelakorik gerta ez dadin, futbol-jainko/jainkosen aldarean Espainiako eta Frantziako taldeak FIFA lehiaketan lehen-bait-lehen kanpora ditzatela egiten dut erregu.