Estatus berriari buruzko apunte batzuk

Estatutu berriari buruzko apunte batzuk –Estatutu berriari buruzko apunte batzuk

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentziak abiapuntu ‘naïve’ edo inozo batekin ekin zion –eser gaitezen denok mahaian eta behar beste hitz egin dezagun, hortik akordioa eratorriko baita–. Ezagun da bidea astiro egiten ari dela, hain astiro 2015erako aurreikusi zuela Urkulluk balizko akordioari buruzko galdeketa. Azken asteetan baina martxa bizia hartu du: oinarriak hitzartu dituzte EAJk eta EH Bilduk. 1998ko Lizarra-Garazitik ikusi gabeko abertzaleen arteko hitzarmena da.

Mila erpin dituen abiapuntua adostu dute Ortuzar eta Otegiren indar politikoek, baina muina eta korapiloa betikoa da: estatu independente izateko aukera ahalbidetzea. Erabakitze eskubide edo autodeterminazio gisa ezagutu duguna, “oinarri predemokratikoa”, Gure Esku Dagok maiz bataitu duen bezala, edo “independentisten gutxiengo oinarria”, Otegiren arabera.

BEC puntara igo ziren Otegi eta Iriarte hitzarmena “historikotzat” jotzeko, aitzitik, EAJk ez du halako laurdenik egin akordioa goresteko. Azpimarratzeko modukoak dira bi jarrera hauek, elikatu egiten baitute zabaltzen ari den interpretazio bat.

Gertatutakoaren inguruan askoren irakurketak argazki bera erakusten du: ezker subiranista EAJren tesi eta terminologiara hurbildu da (Estatu Konfederala) jeltzaleek ez zezaten desadostasunerako aitzakiarik izan. Analisi horren arabera Ortuzarren alderdia ataka zailean dago: atzera eginez gero etsipena eragingo du oinarri abertzalean, aldiz, aurrera eginda,ezer onik ez dakarkion Madrilekin talkara kondenatzen du bere burua. Zergatik aterako da EAJ egonkortasun politikotik egonean egonda instituzio guztiak kontrolatzen baditu? Ondorioz, ikuspegi alderdikoi batetik begira, estatus berriaren epe ertaineko bi hipotesietan garaile aterako litzateke EH Bildu.

Aipatu diagnostikoak, adi, emantzat jotzen du abertzaleen porrota: estatutu berriaren ibilbideak ez daramala inora, Espainiako Kongresuak ez duelako sekula euskal nazioa aitortuko. 155garren artikulura eraman duen bide katalana gaur eta hemen emateko baldintzarik dagoenik ere ez dirudi; askotariko inkestak horren erakusle.

PSOE da Madrilgo ateak ireki ditzakeen bakarra, izatekotan

Iñigo Urkullu lehendakariarentzako ere Kongresuaren edo Konstituzionalaren ezetza da autogobernu berriaren porrotaren seinalea. Horregatik ikasturte berriaren hasieran “akordioa zabaltzea” eta “ibilbide instituzionala” bermatzea jarri ditu helburu. Beste modu batera esanda, PSOEren babesa ezinbestekotzat jotzen du -Podemos ez da gaur egun erabakigarria-. Batetik, sozialistekin gehiengoa lortzeko Madrilen, eta bestetik estatutuaren legezkotasuna errazteko.

Kontraesan hauen harira, Euskadiko PP-ko presidenteak, Alfonso Alonsok, Urkullu xaxatu du: “Lehendakariak uste badu orain arteko testua ez dela balekoa, ez dela legezkoa, EAJ konbentzitu behar du hitzarmen hori baztertu dezan”.

PSOE da estatutu berri batek Madrilen oniritzia izateko helduleku bakarra. Nola erdietsi? Daniel Innerarity pentsalariaren ildotik, hau da, erabakitze eskubidea “oztopoa” denez, eskubide horren egikaritze mugatu baten bidetik, “Kontzertu Politikoa”. Innerarity bezala, Juanjo Alvarez erreferentea da Urkullurentzako, eta argi gaitzetsi du “no imponer no impedir” Josu Jon Imazen leloa erabiliz, EH Bildurekin lotutakoa abertzaleegitzat joz. Sabin Etxean Ferrazekin estatus berri bat fintzeko ahalegina aztertzen ari dira, aurrekoa gehiegi desegin gabe, EH Bildu kanpo geldi ez dadin. Zaila, ezinezkoa ez esateko. “Akordioa zabaldu nahi dugu, baina ez diogu erabakitze eskubideari uko egingo, eta PSEk ez du horrelakorik onartuko“, erantzun die Urkullu eta Estebanen deiei Arnaldo Otegik, “EAJk bere posizioa mantentzea espero dugu”.

EAJ, EH Bildu, PSE eta akaso Podemos bilduko lituzkeen akordioak ere pentsaezina dirudi. “Ez dugu erabakitze eskubiderik aitortuko”, errepikatu du PSEko buru Idoia Mendiak, eta beste hainbeste Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Celaak. Gauzak zer diren, gaur ezinezko dirudiena posible izan zen ETAren garaietan: Loiola. Ez bada EAJ-Podemos-PSE akordio arraro bat ematen, gaur gaurkoz 1979ko Estatutua behingoz betetzea da ortzemugarik hurbilena; dena esanda dago horrekin.

Testuinguruak goitik beherako aldaketa behar du estatutua ez dadin ‘impasse’ egoeran gelditu. Inork ez baitio norbere proiektu politikoari uko egingo egun batetik bestera. Gauza ebidentea behar luke horrek, ez bagina bizi  ‘wishful thinking’-aren errepublikan. Egonean egonda euskal oasian gustura daudenei egoki irudituko zaie eztabaida antzuetan itzulinguruka ibiltzea ‘per saecula saeculorum’. Gainontzekoek ekinean jarraitu beharko dute aurrerabide bila, segur aski Kataluniaren esperantzara kondenatuta.

Estatutu berriari buruzko apunte batzuk  Estatutu berriari buruzko apunte batzuk

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Estatus berriari buruzko apunte batzuk”-ri buruz

  • Estatutu zatikatzailearen tranpatik atera eta nazio ikuspegiarekin defendatu behar dugu gure herria. Okupatzaileak kanporatzeko indarrak garatu eta politikeo antzuak utzi.

  • Landarerekin ados. Porrotera kondenatua dagoen autonomia proposamen bat besterik ez da hau, eta bultzatzaileek bereaiek ere badakite. Gure herria dagoen egoera latzaren aurrean, argazkietako postureoa utzi eta lehentasunezko gaiak direnak jorratu behar dira, gure biziraupena helburutzat hartuta

  • Erabakitze eskubidea edo autodeterminazioa “oinarri predemokratikoa” delakoan ados nago.
    Baino erabaki zuzena hartu nahi badugu, gaurko egoerari begirada zorrotz bat bota behar diogu, eta alderdi guztietatik:
    Gure elkartea inoiz baino anitzagoa da.
    Autodeterminazioren interpretazioa zabala da.
    Eta era interesatuan egiten da.
    1839. urtetik aurrera, gure eskubide historikoak estatuko konstituzioak baldintzatzen ditu.
    Eta iraultzaileek, bere aldetik, autodeterminazio eskubidea Klase borrokaren interes pean jartzen dute.
    Nire ustez, erdiko bidea da egokiena, Juanjo Álvarez eta Daniel Innerarity planteatzen duten bezela: “Kontzertu Politikoa”.