Gazte saioak ere bai
Gazte saioak ere bai –
Izaten dira ba bertsotarako gau loriagarriak. Gau horietan, autoan etxerantz zoazela «jainko txiki bat» sentitzen zarela deskribatu zuen behinola Unai Iturriagak. Ene sentipen batzuk plazaratzeko aitzakia gisa erabiliko dudan bertso-gaua ez zen hainbesterakoa izan, baina ezin ukatu euforia dosi batekin egin nuela etxerako bidea.
Gipuzkoako kostaldeko herri bat. Areto egokia. Aulkiak, mikrofonoak, argiak primeran. Entzuleak sarrera ordaindu behar; bai, autoestimak autoestima, oholtzan ginenetako batzuen ahalgerako. Herrian urteroko ohitura bilakatu den gazte saioa. Urte guti batzuetako aldea bertsularion artean. Hari-muturrei tira egiteko gaiak, Eguberriei buruzkoak, aktualitekoak, fantastikoak. Gogotik txalo egiten zuen entzulea. Saio ona, biziki ona zenbait unetan.
Saio ondorengo tragoan zera aipatu nien bertsokideei, gazte sariketa anitzetan kantatuak ginela elkarrekin, baina ez nuela gogoan maila honetako saiorik. Herri hartako ilustre batek lasai asko erran zezakeen berriak jaio garela.
Orain arte azukre gehiegitxo agian? Aizue, ez dizuet alferrik eguberri garaiko saio bat aipatu… Noan harira. Titular gisa : «Gazte sariketak bai, gazte saioak ere bai». «Gazte sariketa gutiago eta gazte saio gehiago» idaztekotan egon naiz, baina ez nuke nahi Osinaldeko, Lizardiko edo Hernandorenako antolatzaile bat samurtzerik. Baiki, plazak egiteko aukera dira gazte sariketak. Zortea -eguna, eginiko lana, epaileak– alde izanez gero, izen bat ere irabazten joan omen zaitezke. Haatik, Eskolartekoetan hazi eta hezi ginenontzat, herrialdeetako txapelketak ez al dira gure « izaera lehiakorra » lantzeko aski eta sobera? Denoi eragiten digu lehiak, gazte sariketen formatu karratua denoi zaigu hertsagarri. Salbuespena dira gure agendetan agertzen diren gazte saioak. Ene belaunaldiko kideekin puntuak tartean direla kantatzera ohitu naiz. Eskaera bat beraz hemendik, hain onak ez garenoi ere plazak eskeintzeko borondatea izatekotan, antola itzazue gazte saioak.
Hara non eskatzen hasi garen berri ! Bertan goxo belaunaldiarentzat saioak eskatzera natorrela pentsatuko du baten batek. Baina hori bakarrik ez, autogestio artistikoa bezala kontzeptu potoloak ere esperimentatu beharko ditugu, ezta? Gazte Boterearen inguruko txostenak berrinterpretatzeko tenorea dugu. Batera bizitako esperientziak, galdera eta erantzunak, herri honen errelatoan hartuko dugun lekua edo garaipen eta porrotak partekatzen ditugu. Goazen bada gure nahi eta beharren neurriko saioak sortzera.
Bertsotarako dei orori baiezkoa ematea urrezkoa legea da bertsolarien artean. Ez gaitezen beraz telefonoak noiz joko duen zain egon.