Azterketatik eta eskolartekotik emantzipaziora

Azterketatik eta eskolartekotik emantzipaziora –

Ekaina. Baxoa eta Selektibitatearen garaia Euskal Herriko milaka ikaslerentzat. Inposaturiko froga, euskaraz Hego Euskal Herrian, ia osorik frantsesez Ipar Euskal Herrian. Geroaren txanpona azterketa batean airera botatzea, lehiakortasuna, urduritasuna…hona mugaren bi aldeetako ikasleak batzen dituena.

Batxilergoko eta Lizeoko ikas-prozesua erabat baldintzatzen du bukaerako frogak.

Azterketatik eta eskolartekotik emantzipaziora

Errepikatzearen errepikatzeaz ikasitakoa goitika botatzeko ariketa zentzugabea da Selektibitatea. Baxoa berriz, Diziplina zientifikoak aparte utzirik, ez da hain eremu hesitua; norbere iritzia plazaratu eta pentsamendua garatzeko bidezidor gehiago baimentzen ditu.

Ezberdintasunak ezberdintasun, hezkuntza arrotz, merkantilista eta patriarkalaren bermatzen dute  biek ala biek.

Ekaina. Eskolartekoaren garaia Euskal Herriko ehunka bertsolari gazterentzat. Unibertsitatearen atari diren azterketekin antzekotasunak ditu, konparaketa antzuetan erori nahi ez nukeen arren.

Gogoeta bipilak egin izan dira eskolartekoaren formatuaren inguruan eta lehia leuntzeko proposamenak martxan jarri. Haatik, usutan iduri zait, lehia makillatu nahirik, erdibidean gelditzen garela. Ez, nerabeendako ere, eskolartekoak ez dira bertsotan egiteko plazarik egokienak. Kantatu ohi den bertso-kopuru urria eta ontsalaz izaten den gaikera ditut gogoan batez ere.

Helduen txapelketan nola, bertso-eskolan egosten den giroak edertzen du eskolartekoa bera. Oholtzatik jaitsirik, besteak beste, bertso-udalekuetan estutuko diren harremanak ere hor daude.

Dudarik ez dut aitzineko larunbatean Saran kantatu zuten gehienak badirela librean eta jaialdi batean saio puskak egiteko gai – bide batez, zorionak Gorka eta beste denoi!-.

Kontua da, «eskolartekoaren ondotik zer?» galderak oihartzun handiegia duela gutako anitzengan.

18 urteak bihurgune bat izan ohi dira, baita bertsoarekin dugun harremana birpentsatzeko orduan ere. Generoaren aldagaiaz solas egin izan da, ez baita kasualitatea eskolartekotik herrialdeko txapelketara, enbutua alderantzizkoa izatea. Bertso-eskolak eta eskualdeko saio kopuruak baldintzatzen zaitu : astero elkartu eta hilabetean pare bat aldiz plazan kantatu edo bertso-eskolarik gabe gelditu eta noiztenkako sariketekin konformatu.

Ikasi eta berariaz gustuko lana atzemanen genuela saldu ziguten. Gure gurasoek baino baldintza material hobeak izatearen ekuazioak gure belaunaldian ere funtzionatuko balu bezala. Helduen betiko mantra kexatiaz harago,  gazteriarengan errotiko aldaketa soziologikoak hauteman daitezke.

Ikasketen, lanaren eta bizi-proiektu baten eraikuntzaren urteetan, bertsoaren pieza non sartzen da desiren, espektatiben eta asmoen puzzlean? Harremanak eta aisialdia ere prekarizatzen diren heinean, norberetik kantatzeak zer erran nahi du? Azken txapelketa nagusiko bertsolaririk gazteena eta bere (edo gure!?) belaunaldiko ordezkari bakarra, 23 urteko Nerea Ibarzabal izatea kasualitatea da?

Gero-eta berantago emantzipatzen den gazteriak nola eginen du bere lekua bertso-munduan?

Azterketatik eta eskolartekotik emantzipaziora

SORTUko kidea