Urretabizkaia, Izagirre, Apalategi, Rodriguez eta Antza 2010eko Beterriko Liburua saria irabazteko bidean
111 Akademia 2010eko Beterriko Liburu izendatuko den obra aukeratzeko jardunbidean murgilduta dago bete-betean. Urtarrilaren erdi aldera zabaldu zen lehen bozketa txanda, eta bertan 2010eko libururik gogokoenaren aldeko botoa bidaltzeko eskatu zitzaien 168 akademiakideei. Akademiaren arautegiaren arabera, lehenengo txanda horretan obra batek jasotako botoen %30a bereganatu behar du Beterriko Liburu izendatua izan dadin. Ez zen, ordea, halakorik gertatu, eta beraz, akademiako Batzorde Eragileak lehen saio horretan boto gehien jaso zuten bost obrak akademiakideen irizmenpean jarri ditu bigarren txanda batean:
- Arantxa Urretabizkaiaren 3 MARIAK.
- Koldo Izagirreren AUTOPSIARAKO FROGAK.
- Ur Apalategiren FIZKIOAREN IZTERRAK.
- Eider Rodriguezen KATU JENDEA.
- Mikel Antzaren OSPITALEKOAK.
Beraz, martxoaren 16ra bitartean zabalik egongo den bigarren bozketa txandan bost horietako baten alde egin beharko dute akademiakideek. Bigarren horretan obra batek jasotako botoen %40a bereganatuko balu, akademiako Batzorde Eragileak huraxe izendatuko luke 2010eko Beterriko Liburu; kopuru horretara iritsi den obrarik ez balego, boto gehien jaso duten bi lanak hirugarren txandara pasako lirateke, eta babes gehien jasotzen duenak irabaziko luke saria.
Laugarren urtez, 111 Akademiak txanda sistemaren aldeko apustua egin du Beterriko Liburua aipamena jasoko duen obra izendatzeko; izan ere, sistema honek saritutako obra ahalik eta akademiakide gehienek irakurtzea ahalbidetzen du, eta beraz, babes handiagoz izendatzen da sariduna. Akademiakideen parte hartzeak garrantzi handia du, hortaz, sari honen aukeraketan. Maila eta mota guztietako irakurleak onartzen ditu 111 Akademiak, baina urtean zehar egiten duten irakurketaren emaitza akademiarekin partekatzea eskatzen zaie, iritzi eta botoak bidaliz, bereziki.