Zeinek erre nahi ditu hondakinak? (10)

Erretiroa hartu arren, zementu industriaren korridoreetan izen bat badu Gamindek. Eta izen horrek zerbait balio du zementu fabriketan hondakinak «balioztatzeari» buruz aldekotasunak hedatzeko. Hizlari ibili da leku ugaritan. 2009an Bartzelonan eman zuen hitzaldi erakusgarri bat, zementu industriaren egoeraren eta erronken berri emateko. Labur eta zehatz azaldu zituen zementu fabriketan hondakinak «balioztatzearen» abantailak:

  • Ingurumen abantailak: bestela desegingo liratekeen hondakinak aprobetxatzen dira; baliabide naturalen beharra gutxitzen da; eta negutegi efektuko gasen isurketak murrizten dira.
  • Gizarte abantailak: ingurumenaren ikuspegitik konponbiderik ez duten hondakinak kudeatzen dira: eta instalazio berrietan egin beharreko inbertsioak murrizten dira.
  • Abantaila ekonomikoak: «arrazoizko» kostua duen zerbitzu bat ematen da; eta zementu industriaren lehiakortasuna hobetzen du.

Hiri hondakinetako errefusa erretzeari buruz ere, zementuaren industriak zer baldintza dituen aztertu zuen hitzaldi hartan. Erabat bideragarria dela, baina zementu fabrikatik kanpoko beste planta batzuek prestatutako hondakinak erabiltzea komenigarriagotzat jo zuen. «Konponbide ona, efizientea, segurua eta lehiakorra da», aldarrikatu zuen, eta zehaztu zuen, zementua egiteko labeetan, erregaien %37 «alternatiboak» izateko helburua posible dela(45).

Zementuaren industriari gainera zer-nolako arriskuak datozkion ere zerrendatu zuen Gamindek Bartzelonako hitzaldian: egungo krisi egoera; 2008an hasi eta 2009an jarraitu duen zementuaren kontsumoaren beherakada; «postkyoto mehatxua»; elektrizitatearen garestitzea; «balioztatzeari jartzen zaizkion mugak»… Baina industria arazo horiei erantzuten ari zaiola ere zehaztu zuen, efizientzia eta produktibitatea hobetuz, «balioztatzea» ugarituz eta berrikuntzan inbertituz.

2009an beste hitzaldi bat eman zuen Madrilen, azaroaren 17an. Bartzelonan aipatutako zenbait gai errepikatu zituen, baina beste datu batzuk ere eman zituen. Esaterako, Espainia Europako zementu produktore handiena eta munduko seigarrena izan zela 2007an; 2008an, berriz, %23,8 jaitsi zela zementuaren kontsumoa eta, egun, produkzioa Asiara mugitzen ari dela. 2008an 46,5 milioi tona erregai fosil jan zituela zementuaren industriak, eta 4,1 milioi tona «erregai alternatibo». Energia kontsumoari dagokionez, Espainian kontsumitutako energia termikoaren %1,9 jan zutela zementu fabrikek, eta energia elektrikoaren %1,8. Digantearen buztinezko hankak erakutsi zituen Gamindek. Eta buztinezko hankei sendotasun apur bat emateko defendatu zituen hondakinak «balioztatzearen» abantaila ugariak, berriz ere. Azaldu zuen Galiziako, Herrialde Katalanetako, Espainiako eta Euskal Herriko 36 zementu fabrikak ingurumen baimen integratuak dituztela, ingurumenarentzat eta langileentzat segurua dela errausketa, eta errausteari buruzko araudiak bete egiten direla.

Gaminderen Madrilgo eta Bartzelonako hitzaldiak entzunda, pentsa liteke desabantailarik batere ez duela hondakinak erretzeak; mezu hori Gamindek eraman du zementuaren patronalera, Tecnaliara eta ISR-ra, esate baterako. Madrilgo hitzaldian aurkeztu zituen ondorioen zerrenda argigarria da, alde horretatik:

a) Hondakinen sorreraren hazkundea «geldiezina» da.

b) Hondakinak zabortegietara ez botatzen laguntzen du haiek zementu fabriketan erretzeak.

d) Europako herrialdeetan 25 urte daramatzate hondakinak «balioztatzen».

e) Segurtasunaren eta osasunaren aldetik, baldintza ezin hobeak daude tratamendurako.

«Zementu plantetan energia lortzeko balioztatzea egiteak hondakinen energia aprobetxatzen du, modu seguruan, aldaketa klimatikoaren aurka». Horrela bukatu zuen Madrilgo hitzaldia.

Izan ere, klima aldaketarekin oso kezkaturik agertu izan da Cementos Lemona enpresako burua. Gaminde Eusko Ikaskuntzako kide ere bada, eta erakundearen XVI. kongresuko lehendakaria izan zen. Elkarrizketa egin zioten kongresu haren harira, eta ingurumenaz eta garapen iraunkorraz jardun zuen Gamindek elkarrizketatzailearekin. «Helburua ez da Europarentzako mundu zoragarria eta etorkizun oparoa lortzea, gosez hiltzen diren herrialdeak dauden bitartean. Garapen iraunkorrak bide bi horiek ditu, beraz: gizarte berdintasuna, hau da, munduko biztanle guztiek gutxieneko beharrizanak aseta edukitzea, eta garapenean aurrera egitea, munduak gaur egungoak baino okerragoak ez diren baldintzetan aurrera segitzeko moduan». Biodibertsitatea, «demodibertsitatea» eta eskubide berdintasuna aldarrikatu ostean, garapen iraunkorraren alde, industriak aldatu beharra daukala nabarmendu zuen: «Bestelako materialak erabili beharko dira, hondakinak beste era batean kudeatu, beste energia mota batzuk erabili». Izan ere, Gaminderen hitzetan esateko: «Energia da alarma pizten duen gaia. (…) Zenbait energia baliabide agortzen ari gara, eta gainera klima aldatzen ari da; ematen du gizakiaren eragina handia dela aldaketa horretan, batez ere karbonoan oinarritutako erregaien erabilerari dagokionez. Beraz, bada unea zer edo zer egiteko, eta oraintxe, ez bihar». Negutegi efektuarekin oso kezkaturik zegoela azaldu zuen, orduan, Cementos Lemonako buruak: «Asko kezkatzen nau gai horrek, atmosferara CO2 asko igortzen dudan industriala naizen heinean, eta buruhauste bat baino gehiago daukat horregatik».

2006ko azaroan beste hitzaldi bat eman zuen, Energia, industria eta gizartea(46) jardunaldietan, eta zementu industriaren lehiakortasuna arriskuan zegoela nabarmendu zuen, 2007an kontsumoaren gailurra jo eta erorketa librea hasi aurretik, alegia: «Energia erabilera intentsiboa duen Espainiako industriak lehiakortasuna galtzeko arrisku handia du». Zementuaren industria da «energia erabilera intentsiboa» duenetako bat. Arriskuaren aurrean, aukera eraginkor bakarra ikusten zuen bideragarri Gamindek: gehiago erabiltzea «erregai alternatiboak» ?jatorri fosileko erregaien %37 beste erregai batzuekin ordezkatzeko aukera ikusten zuen?. Industriari energia kontsumoa errazteko eta negutegi efektuko isurien gainean «nahikoa eskubide» emateko eskatu zuen, baita ere. Eta hiru proiektu zehatz seinalatu zituen, garrantzitsuak zirela eta lehenbailehen abian jarri behar zirela ohartaraziz. Hiru proiektu horiek «eskakizun normatibo guztiak» zeuzkatela eta haien aurkako «trabak ezabatzea» galdegin zuen. Hiru proiektu horiek ziren: Bizkaia Energia, Petronorren koke planta eta Gipuzkoako errauste planta(47).

Artikulu hau irakurtzen hasten direnek bere buruari galdetu ohi diote, zementuaren industriak hondakinak behar baldin baditu, errausteko, ez ote den errauste plantekin lehian ariko. Hitzaldi hartan erantzun zuen Gamindek.

Nicolas Gamindek 2006an ezinbestekotzat jo zituen hiru proiektu haiek azken urte honetan egin dute aurrerabidea. Bahia de Bizkaia Gas birgasifikatze plantak Espainiako Industria Ministerioaren baimena jaso du aurten, apirilean, gasa biltegiratzeko hirugarren edukiontzi bat jartzeko. 200 milioi euroko inbertsioa izango da, eta Europako Inbertsio Bankuak jarriko du erdia. Senerrek gidatutako enpresa talde batek egingo ditu eraikitze lanak ?FCC ere aurkeztu zen lehiaketara?. 2009ko uztailean, berriz, Petronorren Muskizko (Bizkaia) koke planta eraikitzeko finantzaketa argitu zen. Europako Inbertsio Bankuak jarriko ditu koke planta(48) eraikitzeko behar diren 800 milioi euroetatik erdiak. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren egitasmoak 400 milioi euro balio ditu —BEZik zenbatu gabe, 223,5 milioi euroko gastua izango du errauste plantak—, eta erdia finantzatuko duela iragarri du Europako Inbertsio Bankuak, 195 milioi euro aurreratuta, nahiz eta finantzaketa horri buruzko bateko eta besteko berriak ez dauden argi, eta hitzarmena ez dagoen, artean, sinatuta.

————————-

(44) Aclimako kide da, esaterako, Cementos Rezola «ingurumen industria».

(45) 2009an eman zuen hitzaldia Gamindek, baina CER klubak, ikusi den legez, 2001erako ja emanak zituen aholku horiek berak. Hor sumatzen da hondakinak «balioztatzeari» buruzko esfortzua ez dela gau bateko ametsa, baizik eta esfortzu iraunkor eta jarraitua.

(46) Jornada sobre energía, industria y sociedad, jatorrizko gaztelaniaz.

(47) Josu Jon Imazek beste egitasmo bat nabarmendu zuen 2009an Donostian, EHUko udako ikastaroetan: Gipuzkoarako ziklo konbinatu estiloko plantaren bat beharrezko zela adierazi zuen, eta Pasaiako kanpoko portuan jar zitekeela iradoki.

(48) Bide batez esanda, kokea da zementu fabriketako erregai preziatuetako bat. Fuel hondakinekin egiten da kokea.

Irakurri artikulu segida osoa hemen.

Cementos Lemona ala erraustegia?

Irudia | Cementos Lemona ala erraustegia? | Flickr | LGPL

http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html http://credit-n.ru/zaymyi-next.html

2 pentsamendu “Zeinek erre nahi ditu hondakinak? (10)”-ri buruz