Oihu bat basamortuaren erdian
Oihu bat basamortuaren erdian –
Tindufeko basamortuan, basamortuaren basamortuan, hortxe daude saharar gazteak. Eta badaude, egon euskal aditzaren zentzurik hertsienean. Errefuxiatu kanpamenduetan bertan sortuak, Nazio Batuek agindutako erreferenduma noiz egingo zain, esperoan eta desesperoan.
Saharar gazteek ez zuten ezagutu Mendebaldeko Sahara, euren aberria, errefuxiatu jaio baitziren jada Aljeriak utzitako basamortuaren zoko horretan. Marokoren aurkako gerra-garaia ere ez zuten zuzenean ezagutu, eta gazte anitz, zereginik ez eta etorkizun lausoa dutelarik, linboaren ziurgabetasunean harrapatuak daude, ez gerra ez bake egoera batean.
NUPeko Carlos Vilches eta Natxo Esparza irakasleek errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren saharar gazteei buruz ikerlan soziologikoa egin eta emaitza aurkeztu zuten gaur Katakrak-en.
Saharako kanpamenduetako gazte errefuxiatuak, Linboaren ziurgabetasunean harrapatuak du izena lanak, liburu formatuan aurkeztu dena, Kabiak elkartearen eskutik. Carlos Vilches eta Natxo Esparza liburuaren egileekin batera, proiektu hau gauzatzen lagundu duen Arabako SEADen Lagunen Elkarteko Marta Ponce, Saharar gazteen erakundeko Hareira Mohamed eta Fronte Polisariok Nafarroan duen ordezkari bat ere izan ziren bertan.
Bazen garaia usteak eta bizipenak izateaz gain, ikerketa soziologiko serio batean saharar gazteek bizi duten egoeraren gaiari heltzeko tenorea. Oporraldia Bakean programaren bidez Saharako ume bat etxean izan edota Sahara bihotzean dugunontzat, ezinbestekoa.
Liburu aurkezpen interesgarria, inondik ere, eta handik Gaztelu plazara joan ginen, Altsasuko gazteek aske izan beharko luketela aldarrikatzera. Ez ahal da izanen oihu bat basamortuaren erdian! Inshallah!
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko ekainaren 5ekoa]
Hausnarketa tontoa…oso arraroa dela haur zurien aurpegiak pixelatzearena telebista-prentsan, baino haur beltzen aurpegiak ez dituzte pixelatzen… Haurrak haur munduko toki guztietan… Aupa Sahara! Inshallah!