Orbainak

Orbainak –

Beste gauza batzuen artean, larruazaleko orbainak kentzen dituzte nire kaleko medikuntza estetikoko zentroan. Egunero pasatzen naiz paretik, eta egunero-egunero irakurtzen dut orbain zikinei buruzko kartela: «Larruazaleko orbainak kentzen ditugu, ederrago egon zaitezen».

Orbainak

Kartela ipini zutenean, jaiotzetiko orbainekin gogoratzen nintzen. Orain, berriz, jaiotzetikoak eta umetan, nerabetan, gaztetan, heldutan eta zaharrak garenean sortzen zaizkigunak ikusten ditut. Sortzen zaizkigunak, edo sorrarazten dizkigutenak.

Batez ere, hatz erakuslearekin behin eta berriro kolpatzen gaituztenean ateratzen zaizkigun marka horiei buruz ari naiz; hau da, hatz agintari epai-emaile horrekin, batzuetan oharkabean ia, eta zuloa egiteraino besteetan, gorputzean egiten dizkiguten markez. Eta, estetika-zentroko iragarkia bezalaxe, hatz horiek batez ere emakumetzat gaituztenoi zuzentzen zaizkigula pentsatzen dut. Gorputzak orbainez beteta ditugula, gureak baino, guztionak diren gorputzak dauzkagulako.

Guztionak garen heinean, nahi dutena esan, epaitu, agindu eta egin dezakete besteek gure gorputzekin, gure hitzari eta jarrerari jaramonik egin gabe. Eta horren adibide oso argia dira filosofiaren bidez, zientziaren bidez, legeen bidez eta, azken aldian, sare sozialen bidez emakumeen gorputzaren gainean eraikitzen diren etengabeko iritzi orojakileak eta ideologiak (ideologiak direlako, eta ez ideia hutsak). Eta, jakina, batez ere gizonek sortzen dituzte.

Komunikabideetan, gure gorputza hizpide izaten da etengabe: abortua bai ala ez, prostituzioa bai ala ez, pornoa egin edo ikusi dezakegu bai ala ez, haurdunaldi subrogatua bai ala ez, depilazioa bai ala ez, sexualki aktiboak izan gaitezke putak izan gabe bai ala ez, ama izan bai ala ez, ama ona zara bai ala ez, titia eman bai ala ez, donutsak jan ditzakegu bai ala ez, minigona bai ala ez, ezezkoa eman diozu bai ala ez, argi esan diozu bai ala ez, bortxaketa izan da bai ala ez, hilketa izan da bai ala ez, zaharregia zara.

Zerrendarekin jarrai nezake, bihar arte jarraitu ere, baina nekatu egin naiz. Nazkatuta nago gure gorputza gudu-zelai izateaz, guztien jomuga izateaz, guztiek epaitu dezaketen ondasun izateaz. Eta, harrigarriki, ez zait bururatu gizon zuri heterosexualen gorputzaren gainean sozialki eta etengabe eta denok elkarrekin eta kantari eta arauak emanez eta epaituz eta hatz erakuslearekin ohartaraziz hizpide izaten dugun gairik. Bat bera ere ez. Eta, baten bat bururatu bazaizu, esan, mesedez.

Ederra litzateke estetika-zentrora sartu eta hatz erakusleez egindako orbain guztiak bat-batean desagertuko balira; ederragoak izango ginateke, bai. Baina are ederragoa izango litzateke hatz erakusle horiek guztiak aldi berean hautsiko balira.

Orbainak

 

 

Feminista eta itzultzailea