Trantsizioko urteak: euskara erreanimatzen

NDUwMw==

Euskarari eta euskaldunei dagokienez, ETAren indarkeriak lekurik uzten zuenean, bestelako gaiak ere irakurtzeko aukera egon zen inoiz edo behin egunkari atzerritarretan trantsizioan. Aurreko urteetan indarkeriaren gorakadarekin batera euskararen zapalketa albiste izan bazen, euskarazko hezkuntza, komunikabide, literatur edota hiztegien txanda zen une hartan. 

Hamarkadak ziren “The New York Times” egunkariak Lizarrako estatutuaren onarpenaren berri eman zuenetik. 1931ko ekainaren 15ean heldu zen albistea agerkari estatubatuarrera. Ondoren, iluntasun eta debekuen urteak etorri ziren, baina nazioarteko prentsak argi ikusi zuen euskaldunentzat lortutakoa ahaztu ezinekoa zela. Urtetan zehar zenbait artikuluk jaso zituzten beren aldarrikapenak: “Basques Dream Still Autonomy” (“The New York Times”, 1960-3-16), “Basque Radio Asked” (“The Washington Post”, 1971-12-10)… 

Azkenik, frankismoaren amaierak posible egin zituen horrelako titularrak: “Basque Autonomy Returns Powers Franco Took Away” (“Los Angeles Times”, 1978-1-1), “Basque Language Law” (“The Washington Post”, 1979-4-22) edo “Basques in Northern Spain Vote for Home-Rule Legislature for First Time” (“The New York Times”, 1980-3-10). 

1982ko azaroaren 29an “Daily News Record” egunkari estatubatuarrak artikulu labur bat argitaratu zuen euskararen eta euskaldunen egoera berriari buruz. “Basques Enjoy Revival” zuen izena eta, besteak beste, Euskaltzaindiaren esfortzuak azaltzen zituen “zaharkituta” geratua zen hizkuntza baten eta luzaroan “zaindu gabe” egondako kultura baten mesedetan. Testuak euskarari “Euskadi” deitzea bezalako nahasteak jasotzen zituzten, baina barkatzekoa da. Izan ere, euskarak alor eta eremu asko zituen berreskuratzeke eta bere burua egoki ezagutarazteko ere ibilbide luzea egiteke.

Irudia | Prentsa estatubatuarrean agertutako ikastola baten argazkia | "The New York Times" (1980-1-6) | LGPL

Zer duzu buruan “Trantsizioko urteak: euskara erreanimatzen”-ri buruz