«Munduko Gizarte Foroa, Egipto eta eraldaketa»

NDUwMg==

Wallesteinek adierazi duenez, aurten 60.000-100.000 lagunek parte hartu dute Munduko Gizarte Foroan (MGF), Senegalgo Dakar hiriburuan, bertako gizarte mugimenduen lanari esker, baita Gobernuak onartu izanari esker ere. Dena den, Abdoulaye Wade presidenteak azkenean ez du eman iragarrita zeukan diru-laguntza, eta Gizarte Foroa bertan behera uzten ere saiatu da, baina ezin izan du, Brasilgo, Boliviako eta Afrikako goi-agintari asko bertaratzekoak baitziren. Wallesteinen ustez, Gizarte Foroak Senegalen Tunisiako eta Egiptoko matxinaden antzeko bat piztearen beldur zen Wade. Horrek antolakuntzak kaosa sortu zuen, eta errektore berriak 40 gela erabiltzen utzi zien.

Joan den ostiralean bukatu zen Munduko Gizarte Foroa, Hosni Mubarakek Egiptoko presidente kargua utzi behar izan zuen egun berean, eta herrialde arabiarretako azkenaldiko matxinadek zeresan handia eragin zuten parte-hartzaileen artean. Foroak halako matxinadarik eragin ote dezakeen? Wallersteinek bi jarrera nagusi ikusten zituen horren inguruan: batzuen ustez, hamar urtean, globalizazio neoliberalaren zilegitasuna nabarmen ahuldu du; beste batzuen ustez, ordea, politika eraldatzaileak beste nonbaitetik aterako dira, ez forotik.

Wallerstein bera bi gertaerak harritu dute. Bata da Dakarren Munduko Ekonomia Foroari aipamenik ere ez diotela egin, nahiz eta Davoseko Ekonomia Foroaren aurkako mugimendu gisa sortu zen, 2001ean. Bestea da parte-hartzaileek eztabaidagai guztiak elkarlotuta ikusten dituztela: neoliberalismoaren ondorio kaltegarriak, sexu berdintasuna, ingurumena, arrazismoa, osasuna, indigenen eskubideak, langile borrokak, giza eskubideak, eta ura, elikagaiak zein energia lortzeko aukera. «Foroko lorpen handiena izan dela iruditzen zait», nabarmendu du. Dena den, kezka bat ere nabaritu du parte-hartzaileen artean: «Jendeak zioen denok dakigula zeren aurka gaude, baina zeren alde gauden argiago utzi beharko genuke».

Hori zehazteko oztopo nagusia da denok ez dutela aldaketa premia bera ikusten. Batzuen iritziz, garapen gehiago, modernizazio gehiago eta, ondorioz, baliabideak modu orekatuagoan banatzeko beharra dago. Beste batzuen iritziz, ordea, garapenak eta modernizazioak kapitalismoaren madarikazioak dira eta zibilizazio aldaketa oso bat behar da. Bigarren jarrera hori hainbat giza taldek babesten dute, besteak beste, Hego Amerikako herri indigenek. Munduak balio onetan oinarritu behar duela eta hazkunde ekonomikoa geldiarazi behar dela diote. Beste hiri-mugimendu batzuek salatzen dute hazkundea klima aldaketa eragiten ari dela. Eta zenbait mugimendu feministaren arabera, hazten jarraitzeko nahiaren atzean eredu patriarkalari eusteko asmoa dago.

«Horixe da datorren hamarkadako eztabaidaren ardatza. Ezkerrak ezin badu gai nagusi horretan ados jarri, munduko ekonomia kapitalistaren porrotak eskuinaren garaipena ekar dezake eta, horrekin batera, orain existitzen dena baino okerragoa den munduko sistema bat».

Oraingoz, begi guztiak herrialde arabiarretara begira daude, zenbaterainoko iraultzak sortuko diren ikusteko zain, eta beste toki batzuetara ere zabal daitezke. «Horrelako matxinadetarako akuiluak toki guztietan daude, baita munduko eskualde aberatsenetan ere. Oraingoz, erdibaikor izateko arrazoiak dauzkagu».

Irudia | Ez da giro | NickBygon | Creative Commons By SA
Dakar, Munduko Gizarte Foroa, Senegal
Ainara Mendiola

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude