Baionako gaskoiak, Donostia eta Atturri ibaia

Baionako gaskoiak, Donostia eta Atturri ibaia –

Baionak hastapenetatik Atturri eta Errobi ibaien elkargunetik atera ditu indarra eta hiri izateko oinarrizko arrazoia. Hortik omen datorkio izena: Ibai + gunea = Baiona. Horixe da, bederen, gaur sinesgarrien dugun teoria.

Baionako gaskoiak, Donostia eta Atturri ibaia

Itsasoaren  hurbiltasunak eta ibai nabigagarri horien bokaleak eman zion hasiera-hasieratik ukan duen merkatal hiriaren ospea. Errobi ibaiak Nafarroa Behereko ipar muga zehaztu ondoren, Lapurdin sartzen da, Baionaren barruan Biarnotik datorren Atturri ibaiarekin lotzeko eta biak elkarturik itsasoratzeko. Errobi ibaiak eman dio hiriari sortzezko euskalduntasuna eta Atturri ibaiak ekarri zituen gaskoiak hirira. Hauek biziki trebeak ziren merkataritza kontuetan eta laster hiria indarberritu zuten.

Haatik, XII. mendean zerbait gertatu zen Baionan, eta bertako merkatari gaskoiak (kaskoinak eta kaskoiak ere deituak) Gipuzkoako kostaldera hedatu ziren, bertako hirietako merkataritza euren eskuetan hartuz. Hondarribian, Pasai Donibanen, Lezon, Errenterian, Herreran eta Donostian finkatu ziren, gehien bat. Hiri horietan Baionako gaskoierak indar handia hartu zuen, eta Hondarribiko eta Donostiako hirietan, esate baterako, mintzaira nagusia izatera ere iritsi omen zen, herri horietako toponimo ugarik, gaur egun oraindik ere, ederki oroitarazten diguten bezala.

Baina zergatik joan ziren Baionako gaskoiak Gipuzkoako itsas bazterreko herrietara? Kristobal Gamon izan zen gaskoiek Gipuzkoako kostaldean izan zuten indarraz hitz egin zuen lehenengoetakoa, baina zalantzarik gabe, Serapio Mujika izan zen migrazio hori hobekien aztertu zuena eta gaskoien hedatzeari buruz lehen teoria plazaratu zuena. Lapurdi Nafarroako Erresumaren eta Frantziako Erresumaren artean kokatu zen luzaz, garai zaharreko lotura feudalei jarraituz. Gaztelak Nafarroari Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertza kendu zionean, Baiona Nafarroako Erresumaren portu nagusi bilakatu zen, eta horrek sekulako indar ekonomikoa eman zion. XII. mendean, lotura feudalak aldatzerakoan, Frantziako erregearen menpekoa izatetik Ingalaterrako erregearen menpekoa izatera pasatu zen, eta hor zenbait gerra eta liskar piztu ziren. Serapio Mujikak bere idazkietan defendatu zuenez, horixe izan zen Baionako merkatari gaskoiak Gipuzkoarantz bultzatu zituen arrazoi nagusia. Teoria honek bere bidea egin zuen eta liburuz liburu, egilez egile errepikatu egin da gaurko egunera arte.

Hala eta guztiz ere, erran beharra daukagu hau ez dela gaskoiek Gipuzkoara burutu zuten migrazio handia ulertzeko plazaratu den teoria bakarra. Jose Luis Banus Agirrek bigarren teoria bat aldarrikatu zuen, ene ustetan, errealitatearekin uztartuagoa dena. Ikus dezagun. XII. mendean, hondarrek Baionako bokalea blokatu zuten eta honen ondorioz Atturri ibaiak beste bide bat bilatu behar izan zuen, eta Capbretonen, hemezortzi kilometro iparrerago, itsasoratu zen. Honek desesperazio handia zabaldu zuen Baionako merkatari gaskoien artean, ezin baitzituzten Nafarroako Erresumaren merkantziak ez atera eta ez sartu. Horrek beste portu bat xerkatzera bultzatu zituen, eta berehala topatu zituzten leku egokiak Bidasoa, Oiartzun eta Urumea ibaien bokaletan.

Hondarribia, Pasaia eta Donostia izan ziren gehien populatu zituzten hiriak. Izurun zaharra Donostia (Done + Sebastia) izatera pasatu zen gaskoien eraginez, 1000. urte inguruan bertako baserritarrek San Sebastian martiriaren omenez eraikitako  monasterioaren izena erabiltzen hasi baitziren hiri gaskoi berritua izendatzeko. Gaskoien garai haietatik datorkie donostiarrei inguruko herrietakoek ematen dieten goitizena: kaxkarinak, hau da, kaskoi arinak.  Pasaiako Badiari Passage deitu zioten, eta hortik datorkio gaur euskaraz duen izena. Hondarribia (hondar + ibia) toponimo zaharra ahoskatzeko zail samarra egiten zitzaienez gero, beraien sistema fonetikora hurbildu zuten Fonterrabia/Fuenterrabia famatua sortuz.

Eta zer gertatu zen Atturri ibaiarekin? Capbretonen bilatutako irteera ere emeki-emeki hondarrez betetzen joan zen, eta ibaiak  Vieus-Boucau-n (Bokale Zaharrean) bilatu zuen itsasoratzeko bokale berria, hogeita hamabi kilometrotara. XVII. mendean ibaiak hegoalderantz jo zuen, berriz ere, Miarritzetik hasieran eta Donibane Lohizunetik gero itsasoratuz. XIX. mendean, Napoleonen garaian, Baionak Atturri ibaiaren itsasoratzea berreskuratu zuen, ordutik Bokale Berria (gaur Bokale bakarrik)  deitu izan dugun ahotik itsasoratzen da.

Ederki asmatu zuten gure arbaso euskaldunek hiriari eman zioten izena, ibai + gunea, garai ilun haietatik gaurko egunera arte Baiona hiriaren bizimodu komertziala Atturri eta Errobi ibaiekin arrunt loturik egon baita.

Baionako gaskoiak, Donostia eta Atturri ibaia
Baionako gaskoiak, Donostia eta Atturri ibaia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

8 pentsamendu “Baionako gaskoiak, Donostia eta Atturri ibaia”-ri buruz

  • Kaixo,
    Interesgarria oso. Galdera bat: horren erraz alda daiteke ibai bat irteeraz? zaila begitantzen zait….

  • Benat Castorene 2018-05-31 12:49

    Kaixo Joseba,
    Segur bazira, zure azken lerroek dioten bezala, Baiona izenaren bi osagailuen jatorri euskaldunaz (Ibai + gune)
    nola esplikatzen duzu, bada, izen beraren presentzia Galizian, kasik Portugalekiko mugan ?

  • Joseba Aurkenerena 2018-05-31 14:04

    Arrazoi duzu Zet, niri ere harrigarri samarra egin zait beti, agian gaurko ibai bideratuen irudia buruan dugulako. Baina garai haietan, ibaiak ez ziren bideratzen… eta beraiek topatzen zuten itsasoratze egokiena. Aturri (edo Atturri. Gaur batuak lehena hobesten du) ibaiaren aldaketa horiek historian dokumentatuak daude.

    Adeitasunez. Pasa arratsalde on.

    Joseba Aurkenerena (Urruña)

  • Joseba Aurkenerena 2018-05-31 14:08

    Beñat, toponimi irakurketa horretaz ez naiz erabat ziur. Badakit bospasei etimologia daudela, baina horien guztien artean, nire ustez, egokiena hauxe da. Baina, kontu hauetan inoiz ezin da ziur egon.

    Galiziako aferari dagokionez, badakizu euskaldunak balearen gibeletik ibili zirela hainbat mendetan, eta euskal baleak gure kostaldetatik atzera egin zuenean, euskaldunok haien gibeletik joan zirela, Irlandara, Islandiara, Groenlandiara, Kanada aldera… eta baita Galiziara ere.
    Sarraskia urruneko kostaldeetan egiten zuten eta horretarako hainbat faktoria zabaldu zuten. Galizian horrelako batzuk zabaldu zituzten: Baiona, Anaia, Txapela… Gaur egun, oraindik euskal izena atxiki dutenak.
    Horregatik XVII. Mendearen amaieran eta XVIII. Mendearen hastapenetan horrelakoa erraiten zuten Europako kostaldeetan: “Baionatik Baionara itsasoa euskaldunena da”
    Hauxe da nik entzun eta irakurri dudana.

    Izan ongi, Beñat.
    Ea egun batean ostatu batean elkartzen giren, kafe goxo baten inguruan.
    Adeitasunez.

    Joseba Aurkenerena (Urruña)

  • Aitzol Azurtza 2018-08-14 13:34

    Kaixo Beñat,

    Galiziako Baiona hiriko webguneak dio hiriaren jatorrizko izena “Abobriga” zela Kristo aurreko 140 urtean lehen herrigunea sortu zutenean. Baiona izena Kristo ondorengo 1201 urtean eman omen zioten, hiri-forua igortzean:

    “Unha das datas máis significativas na historia de Baiona é quizais a de 1201, ano en que o rei Alfonso IX de León asinou nas illas Cíes unha Carta-Puebla pola que outorgaba a Erizana o nome de Baiona e lles concedía ós seus habitantes importantes foros e privilexios para o comercio marítimo. Deste xeito, deixaba de depender do señorío do mosteiro de Oia. “

    http://www.baiona.org/web/turismo/sobre-baiona/historia

    Susmatzen dut Galiziako Baiona hiriak Lapurdiko Baiona hiritik hartu zuela izena, Gipuzkoako Tolosa hiriak Okzitaniako Tolosa hiritik hartu zuen bezala, edota Estatu Batuetako Durango hiriak Mexikoko Durangotik hartu zuen bezala, eta honek Bizkaiko Durangotik.

  • Aitzol Azurtza 2018-08-14 13:54

    Kaixo Zet,

    Baiona hiritik iparraldera lurraldearen osaera areatsua da. Landak XIXgarren mendera arte padurez eta hondartzez osatutako lur eremu ezegonkorra zen, uholdeen eta itsasaldi handien arabera aldantzen zena. Hondar dunak haizearen menpe mugitzen ziren eta paisaia etengabe aldatzen zen, horregatik XVIIIgarren mende bukaeran Landetako lur areatsu mugikorra pinuz josten hasi ziren (http://www.mediaforest.net/p158-l-histoire-du-massif-des-landes-de-gascogne.html).

    Lurralde aldakor honetan uren ibilbidea ere aldakorra zen eta hala Aturri ibaiak mendeetan zehar itsasoratze ezberdinak izan zituen, arik-eta XVIgarren mendean zehar Baionako bokalean egindako kanaltze lanek Aturriren itsasoratzea behin-betikoz trinkotu zuten arte (http://www.valdadourmaritime.com/adour_affluents/histoire_adour.htm).

  • Aitzol Azurtza 2018-08-14 14:14

    Kaixo Joseba,

    Haurra nintzenetik entzun izan dut Donostiako Alde Zaharreko San Bizente elizaren inguruko donostiarrei “kaxkarin/kaskarin” deitzen zitzaiela “kasko arina zutelako”, hau da, buruan (kaskoan) ezer gutxi zutelako (nolabait esateko, “txoriburuak” zirelako).

    Harluxet hiztegiak honela dio “kasko” hitzari buruz:

    kasko

    iz. 1. Burua babesteko metalez edo beste material batez eginiko estalkia. 2. (lgart.) Burua, adimena; buruaren goialdea. 3. Mendiaren goialdea. • kasko polar. GEOL. Eskualde polarretan izotzez estalitako lurraldeak, bereziki Antartika eta Groenlandian.

    Bigarren adiera hau da “kaxkarin/kaskarin” hitzan erabiltzen dena. Hala, hiztegi berberak zera dio “kaskarin” hitzaren inguruan:

    kaskarin

    izond. (lgart.) Buruarina. Donostiar kaskarinak.

    Harluxet hiztegiak “kaskarin” hitzari zentzu orokorra ematen dio (edonorengan erabil daitekena) nahiz-eta Donostian zentzu murritzagoa ematen zaion (edo zitzaion, ez bait dakit egungo donostiarrek Alde Zaharreko sanbizentetarrei kaxkarin deitzen jarraitzen duten).

  • Joseba Aurkenerena 2018-08-14 15:49

    Aitzol Azurtza jauna, lehenik eta behin, mila esker egin dizkidazun gogoeta eta iradokizunengatik, aberatsak baitira oso.
    Kaskarin kontu horretaz badira, zuk erraiten duzun bezala, bi etimologia. lehena nik aipatu dudana kaskoi(n) arina = kaskarina, gaskoin arina eta bigarrena kasko arina (buruarina nolabait) Bigarren etimologiatik hurbil bada kaskagorra, maiz erabiltzen duguna, hau da, kasko (buru) gogorra. Gaintxurizketako baserritarrek, demagun, kaskagorra erabiltzen dute zentzu horretan, baina hitz baliakide gisa, kaskoi (gaskoin) erabiltzen dute. Jakina da garai bateko euskaldunek kaskoiak egoskorrak edo burugogogorrak zirela erraiten zutela.
    Milesker, berriz ere. Adeitasunez.