Garaipen gogorrago, garaipen gozoago

Garaipen gogorrago, garaipen gozoago –

Garaipen gogorrago, garaipen gozoago. Horrela laburtuko nuke, errotulu batzuk euskaratzeko egindako lana. Izan ere, 6 hilabete behar izan ditut Bizkaibus-ek kasu egin eta erdara hutsean zegoen errotulua elebidun jartzeko. Baina, azkenik aldaketa egin dute!

LEHEN, ERDARA HUTSEAN: DIRECTO

Txikikeria izan beharko lukeena, garaipen txiki bihurtu da. Gauza batek ahalegin handiagoa eskatzen dizunean, lortzeak satisfakzio handiago ematen du.

Mezu erraz eta laburra da, baina autobusean, agerikoena: Jendeak (bidaiariak zein kaleko jendea) gehien ikusten duen hitza. Egunero eta urtean zehar, milaka pertsonen aurrean dago ikusgai.  Bizkaibus-eko hainbat autobuseko letreroetan “Directo” jartzen zuen.

Oro har, Bizkaibus-ek elebitasun arauak betetzen ditu (garraio zerbitzu publikoa da). Baina letrero honek zehazki, urte mordo zeramatzan erdara hutsean.

ORAIN, ERROTULUA ELEBIDUN:    ZUZENEAN / DIRECTO

Nik beti pentsatzen nuen “norbait” aldaketa egiteaz arduratuko zela. Baina inork egiten ez zuela ikusita, kexatzea erabaki nuen. Eta erraza izango zela pentsatu nuen arren, pazientzia handia behar izan dut.

Elebide-ra, Eusko Jaurlaritzako zerbitzura, eskaera bidali nuen eta handik Bizkaibusera (Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako erakundera) berbideratu zuten. Bizkaibus-etik erantzun bai, baina kasu handiegirik ez zuten egiten. Eskaera “gogorarazteko” mezuak bidali behar izan zituen Elebidek. Hilabeteak aurrera egin eta kasurik egiten ez zutenez, Bizkaiko Foru Aldundiko normalizazio atalarekin kontaktuan jarri nintzen, eurek ere presio egin zezaten.

Ez dakit Elebide, Foru Aldundi edo biengatik, baina azkenik kasu egin dute. Orain linea guztiek “Directo” jartzeaz gain, “Zuzenean” eramaten dute. “Zuzenean” ez zuten zuzenean jarri. Baina azkenik, zuzen jarri dute. Garaipen gogorrago, garaipen gozoagoHorregatik, “zuzenean” hitza milaka pertsonek ikusiko dute aurrerantzean, lehen ikusezin zena.

Garaipen gogorrago, garaipen gozoagoHitz bakarra da. Baina interesgarriena hemen, ez da hitz bat gora ala behera. Hemen, garrantzitsuena, denok eskura dugun indarra da. Euskaldunok aktiba gaitezen, hain zuzen.

Elebitasuna “instituzionalizatua” dugu. Baina, langile/erabiltzaile mailan, oraindik ez dago euskararen presentzia bermatzeko kontzientziarik. Horregatik, euskaldunok aldaketa eskatzea eta exijitzea, inolako konplexurik gabe egitea, erabat garrantzitsua da. Baditugu erakunde ugari lan hori egiten (Euskal Herrian Euskaraz, Behatokia…), baina plano pertsonalean ere, egin behar dugun zerbait dela ez dugu inoiz ahaztu behar.

Lotsa, beldur eta nagikeria astindu eta gure hizkuntza eskubideak aldarrikatu behar ditugu!!!

Zure hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko bideak:

Behatokia-ren “Akuilari” aplikazioa sustatzeko bideoa. Gogoeta interesgarriak daude bertan:

“Trabak topatzen ditugu, baina badakigu oztopoak gainditzen.”

“Zu mugitzen zarenean, aurrera goaz guztiok. Zure ekintza baita gu guztion indarra.”

“Zarena, egiten duzuna delako.”

Garaipen gogorrago, garaipen gozoago

Euskara irakasteko laguntza eta ekintza.

3 pentsamendu “Garaipen gogorrago, garaipen gozoago”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo 2018-05-27 09:49

    Zorionak, eta eskerrik asko!

  • Eskerrik asko, zarena zaren horri!
    Baina hau mixeria, oraindik ere horrela ibili beharra.
    Zer jokabide arduragabea Bizkaibusek. Zer ganora gutxi Bizkaiko Foru Aldundiak.
    Zein eragin urri eta tristea Elebiderena, zeinari alderdi berberak kudeatzen dituen Bizkaibusek eta BFAk ere ez dioten jaramonik egiten.
    Elebitasuna (hizkuntza ordezkapenaren aurreko urratsetik gehiago daukana normalizaziotik baino oraindik) EZ dago “instituzionalizatuta”.
    EAEko Instituzio gehienek (hemen diren erakunde espainiarrak batere ez) “elebitasun” mozorroa janzten dute, itzulpenak eginez eskuratua, baina hemen ahobizi, belarriprest eta erabat instituzionalizatuta dagoena española da, Iparraldean frantsesa bezala.
    Zuzen-zuzen, itzulingururik gabe.

  • Eta ez da zuzenago “ZUZENEAN” ordez “ZUZEN” jartzea? Bale, biak dira zuzenak, baina agian errazago… bueno, galdetzearren…