Asteko zinema estreinaldien errepasoa
Asteko zinema estreinaldien errepasoa –
Estreinaldiak: Urtarrilak 26
Egilea: Maialen Goñi
.
Call Me by Your Name
Luca Guadagnino zinegile italiarraren harribitxia Berlinen, Toronton, Melbournen, baita Donostian ere, izan zen 2017an, eta Oscar sarietarako hautagaia da lau kategoriatan, tartean, film onenaren eta gizonezko aktore onenaren (Timothée Chalamet) sailetan. Eta ez da gutxiagorako: 1983ko udara, Italia iparraldeko etxalde batera, egingo dugu bidaia André Acimanen eleberrian oinarritutako film eder honetan. Elio Perlman gazteak bertan igaroko ditu udako egunak, atseden hartzen, irakurtzen, paseatzen… Aita unibertsitateko irakaslea da, eta urtero bezala, ikasle atzerritar bat ekarriko du uda haiekin igarotzera. Aurtengoan Oliver estatubatuarraren txanda izango da. Eta Elioren eta haren artean harreman berezi bat sortuko da. Detaile txikiekin eraikitako istorio hunkigarria, Chalameten antzezpenak borobildutakoa.
.
Nelyubov (Sin amor)
Andrey Zvyagintsev zinegile errusiarrak, Leviatán (2014) arrakastatsuaren egileak, bikote baten dibortzio gogorra hizpide izango duen drama osatu du. Ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onenaren kategorian proposatu dute Oscar saria eskuratzeko, eta Cannesen epaimahaiaren saria lortu zuen. Moskuko auzune batean, erdi mailako bikote bat dibortzio-prozesu bat igarotzen ariko da. Haien arteko eztabaidak ohikoak izango dira, eta haserre-giroa tarteko, hamar urte inguruko semea alboratu egingo dute. Gau batean, baina, eztabaida gogor baten ondoren, mutikoak etxetik alde egin duela ohartuko dira, eta une horretatik aurrera, bilaketa-lanetan murgilduko dira, desesperatuta. Gizarte errusiarraren erradiografia gogorra.
.
Le sens de la fête (C’est la vie)
Eta dramatik komediara egingo dugu jauzia: Olivier Nakache eta Eric Toledano (Intouchables eta Samba) zinegile frantziarren komediak luxuzko ezkontza baten antolaketa-prozesua erakutsiko digu. XVII. mendeko gaztelu batean zeremonia, argazkiak, otordua, festa eta ezkontzetan ohikoak diren jarduera guztiak primeran atera daitezen arduratu beharko da Max, baina langile-taldea oso handia izango da, eta eginahalak eginahala, arazotxo txikiak sortuko dira etengabean. Film koral eta dibertigarrian hartu dute parte, besteak beste, Jean-Pierre Bacri, Vincent Macaigne eta Kévin Azaïs aktoreek.
.
The Commuter (El pasajero)
Akziozko eta beldurrezko thrillerretan berezitu den Jaume Collet-Serra zinegile katalanak bi hamarkada baino gehiago daramatza Hollywooden, eta bere proiekturik berrienean Liam Neeson, Patrick Wilson, Vera Farmiga eta Sam Neill aktoreekin egin du lan. Neeson Michael MacCauleyren azalean sartuko da. Enpresa-gizonak trenez egiten du egunero lanetik etxerako bidaia; egun batean, emakume misteriotsu batekin hasiko da hizketan, eta hark joko arriskutsu bezain erakargarria proposatuko dio. Une horretatik aurrera, bera eta familia arriskuan jarriko dituen konspirazio kriminal batean nahastuko da.
.
Estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!