Negu harrigarri bat

Negu harrigarri bat –

Behin Arbizun Etxarriko batek hamabi txita lapurtu omen zituen. Harrezkero lapurrari Pio XII deitu omen zioten, «Pio Doze» erdeinu irrigarriz ahoskaturik.

Arbizukoek ez zuten Guardia Zibilera jo justizia eske, inor ez baita eguerdian ilargi bila abiatzen. Nolanahi, etxarriar horri zigor gogorra ezarri zitzaion: etxetik zetorkion izena —goitizena— herriak baztertu eta, harrezkeroztik Pio XII ezizenez ezaguna izan baitzen Sakana osoan. Zigor latza, isun bat ordaintzea baino askoz ere latzagoa, inondik ere.

Negu harrigarri honetan, hamabi txita ez, baizik eta hamaika ikusteko jaioak garenez, Iberian hiru hamarkada lanean emanda, Guardia Zibilaren «mando» batek, mendekuz eta azpikeriaz, hegan egiteko baimena atzera bota dio Patxi Zamorari, Nafarroako Kutxaren auzian ustelkeria salatzen hainbeste lan egin duen Kontuz elkarteko eledunari. Zorionez, Patxi Zamora ez da besoak antxumaturik geldituko den horietako bat, eta badakit irmoki jarraituko duela ikertzen eta ustelkeria salatzen.

Joan Margarit poeta katalanaren “Un hivern fascinant” (Negu harrigarri bat) liburu atera berrian bada “Finalitats” izeneko poema bat, eta amaiera, hauxe: «Ahanzturak ez nau sekula errugabe bihurtuko. Ezjakintasunak, aldiz, beti bihurtzen nau errudun».

Hainbeste urtez eskularru zuriko politikari ustelek egindakoa jakin behar da, ez baikara hamabi txita txikiz mintzatzen ari. Egunen batean, Patxi Zamora eta bera bezalako jendeari esker jakinen dugu. Eutsi goiari!

Garan argitaratua


KONTUZ! Elkarteak honakoa adierazi zuen emandako prentsaurrekoan:

Negu harrigarri bat
Arg: Ahotsa

Prentsaurreko honen bitartez USTELKERIA KASU BERRI BAT salatu nahi dugu. Errejimena sostengatu zutenak noraino iristeko prest dauden agerian uzten duen ustelkeria kasua.

Haien etengabeko presioek eta jarritako helegiteek ez gintuzten isilarazi. Lanean jarraitu dugu Nafarroan, gardentasunaren eta aldaketaren alde, ustelkeriaren kontra. Eta orain zitalkeriaz jokatu dute guri maila pertsonalean min egiteko.

1. Mendekuz jo dute Kontuz-eko bozeramale ezagunenaren kontra. PZ bere lanetik kanporatuarazi dute. PZ 31 urtez hegaldi laguntzaile izan da. Oposizio batzuk gaindituz lortu zuen bere lanpostua. Baina orain Guardia Zibilak abioietara sartu ahal izateko baimena kendu dio “ez gai” dela esanaz. INONGO AZALPEN EDO ARRAZOIRIK EMAN GABE. Enpresak bidegabetzat jo du gertatutakoa baina Patxi Zamora kanporatu egin du. Gainera, nabarmendu behar dugu Zamorak ASTEBETE LEHENAGO BERRITU ZUELA ETA 31 URTEZ ERABILI DUELA abioietan sartzeko txartel hori. Hain justu aurreko azaroan eman zioten Estatu Batuetan sartzeko bisa 2027. urterarte!!! Aldiz, guardia zibilak “ez gai” jo du, bestelako argudiorik gabe. Ez gai.

2. Nork sustatu du Guardia Zibileko arduradun baten erabaki hori? Ez dakigu, oraingoz!! Baina ongi dakizuenez, Kontuz-ek oso pertsona garrantzitsuak biluztu ditu, bai Nafarroakoak zein estatuan boterearen inguruan dabiltzanak ere. Eta hariak nork mugitu dituen argituko dugu.

Prentsaurreko osoa irakurtzeko sakatu hemen. 

Negu harrigarri bat
guardia zibila, kontuz, mendekua, nafarroa, Negu harrigarri bat, ustelkeria
Josu Jimenez Maia

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Idazlea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, besteak beste, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria, Atarrabiako Petri saria eta beste hainbat. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), baita olerki solteak ere Muxugorri antologian, Luces y sombras eta El Coloquio de los perros-en. Ohiko kolaboratzailea Nafar Ateneoaren "Constantes Vitales" aldizkarian, "Maiatz" aldizkarian eta "Hatsa" olerki bilduman ere. Artikuluak ere, ehun ta berrogeita hamar baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Itzultzaile gisa, Noriko Matsui-ren "How to perform kamishibai" eta "Ryookanen 101 haikuak" liburuen itzultzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude