Botika generikoak
Botika generikoak –
Gaur egun jendeak ez daki oso ondo zer diren botika generikoak. Baina, gaur horiei buruz aritzera natorkizue. Generikoak markarik gabe merkaturatzen diren botikak dira, konpainia farmazeutiko batek medikamentu original baten bertsio generikoa egitea erabakitzen duenean. Formulaziorako, dituen adituek produktua diseinatzen dutenean jatorrizko farmakoak zituen printzipio aktibo berberak erabiltzen dituzte, baina normalean osagai inaktiboak desberdinak izaten dira. Hau da, organismoarentzako inolako eraginik eduki ez duten osagaiak erantsiko dizkiete printzipio aktibo originalei, hainbat helbururekin: bolumena handiagotzea izan daiteke, edota zapore eta kolore atsegina eman nahiko diote, edota fabrikazioaren eta erabileraren artean pilula honda ez dadin beharrezko gehigarriak erantsi. Gehienetan printzipio aktiboaren izena daramate, EFG siglak eta elementu bereizgarriena prezioa da.
Nire ustez, generikoak merkeagoak izanik eta funtzio bera eskainiz, ez dago zalantzarik zer hautatu behar den. Horrek ez du esan nahi beti merkeenak erosi behar direla, baina sendagaien kasuan nire aburuz, bai, markadun pareko propietateak dituztelako. Horrez gain, beste bi abantaila daukatela pentsatzen dut. Lehenengoa, generikoek sendagaiaren benetako izena dutenez, gaixoak oso ondo gogoratu dezake zein pastila agindu dioten (industria farmazeutikoak, gainera, milioiak inbertitzen ditu iragarkien bidez izen horiek aditzera emateko). Eta bigarrena, sendagaien benetako izena mundu guztian berbera denez, seguru egon ahal dira tratamendua atzerrian ere identifikatu eta aurkituko dutela.
Bestalde, farmako generikoa kontsumitu aurretik, pazienteak beti mediku edo botikalariari galdetu beharko dio, eta etiketan agertzen den printzipio aktiboaren izena ongi egiaztatu. Botika hauek medikuek agintzen ez badute, botikek nekez salduko dituzte. Kontsumitzaileek ezer gutxi egin dezakete (medikuei botika generikoak errezetatzea eskatu eta errezetarik gabeko produktuen kasuan, botikan marka komertzialaren ordez printzipio aktiboa eskatzeaz gain). Eta, noski, auto-medikazioa beti alde batera utzi behar da. Gerta liteke, gainera, botika baten ordez markadun gabekoa erabiltzea egokia ez izatea.
Beraz, marka eta izen ezagunak alde batera utzi, eta ahal den neurrian sendagai generikoak erabiltzeko eta farmazialariari horrelako botikak eskatzeko aholkua ematen dut. Nik uste dut osasun agintariak generikoen alde ari direla apustu egiten, argi eta garbi, gastu farmazeutikoari eusteko borroka horretan. Medikamentu asko saltzen dituzten herrialdeek ere hortik jo dute eta gu horien ildoari jarraitu beharrean gaude. Tamalez, herrialde horiek oso garatuta dute generikoak erabiltzeko kultura eta guk ez. Baina nire esperientzian oinarrituta, esan dezaket gero eta botika generiko gehiago errezetatzen dituztela.