Gelditu sarraski hau!

Gelditu sarraski hau –

Gelditu sarraski hau!!!Duela urte pare bat idatzi nuen nire blogean sakelakoaren hedatze geografiko eta funtzionalak sarraski handi bat ekarri duen kontsumo elektronikaren mundura. Segapotoak nonahi daude gaur egun eta, gainera, egin ere, zernahi egin dezakete. Pentsatzekoa zen big-bang moduko hori baretu egingo zela denborarekin, baina baita zera ere! Hardware eta software aurrerapenei esker, gero eta gauza gehiago egiten dituzte, gero eta hobeto gainera.

Horrela, pentsatzekoa da zulo beltzera doazela, astiro baina etengabe, gutxienez ‘publiko orokorrarentzat’ egindako kontsumoko gailu asko eta asko: oinarrizko argazki kamerak, mp3 entzungailuak… Gogoratzen duzue lehen iPhonea aurkeztu zutenean, duela 10 urte? Askok esan genuen bada: “A bai: iPod bat, telefonoduna”. Erakutsi gaur egungo iPod bat edozein milleniali. Justu kontrakoa esango dizu: “Oh, iPhone bat, telefonorik gabe!”. Bide batez, galdetzen badidazue, ez dut uste iPodari bizi itxaropen luzerik geratzen zaionik…

Baina harira: esan nahi nuena zen, duela urte pare bat kezkatzen ninduen zerrenda hori, telefonoaren erruz desagertzera doazen gailuena, handitzen doala etengabe. Telefonogileak narbarmendu nahian dabiltza, besteengandik bereizi behar dute produktua erosle potentzialak erakartzen saiatzeko, eta horrek frankenstein bitxien jaiotza ekarri du.

Lehen biktima, argi eta garbi, tabletak izan dira. Hilabete gutxi batzuen buruan, pasa gara telefono txiki eta eramangarriak nahi izatetik, pantaila erraldoiak nahi izatera. Gama altueneko telefonoek sei hazbete inguruko pantailak dituzte jadanik. Publiko zabalari saldutako lehen tabletak zazpi hazbetekoak ziren. Tamainaren kontu hau hain da esajeratua, ezen telefonoz hitz egiteko modua ere aldatzen ari den. Gero eta normalagoa da telefonoa aurpegi parean duzula hitz egitea, eta ez belarrian pegatuta…

.

Bitxikeriak

Baina horrez gain, benetako bizarrokeriak aurki ditzakegu hor zehar. LG etxeak, adibidez, eltxoak uxatzen dituen sakelako bat aurkeztu du berriki. (Harrigarria suerta liteke, baina, guztia kontatzen hasita, telebistak eta aire egokituko gailuak ere saltzen ditu teknologia berarekin).

Yotaphone enpresa errusiarrak ere frankenstein bitxi samarra du: alde batetik telefono normala da baina, buelta emanez gero, atzeko aldetik tinta elektronikoko pantaila du, eta beraz e-book baten gisan erabil daiteke.

Samsungek ere egin izan ditu bere esperimentutxoak. Galaxy Beam modeloek (2012an atera zuten bat, eta 2014an beste bat), proiektore propioa zuten, powerpointak eta abarrak telefonotik zuzenean erakutsi ahal izateko. Lenovo etxeko tablet batzuetan ere aurki daiteke ezaugarri hori, baina ez dirudi arrakasta handirik izan duenik.

Chanhong H2 smartphoneak, bestalde, espektrometriak egin ditzake izpi infragorriak erabiliz eta, horrela, di-da esan diezazuke parean duzun tomatea freskoa den ala ez, intern bidez erosi duzun botika kopia faltsua den ala ez… edota zenbatekoa den zure gorputzeko gantz portzentaia.

Argazki eta bideo kamerak, eskanerrak, musika entzungailuak, eltxoak uxatzeko gailuak, proiektoreak, espektrometroak… zer gehiago desagertuko da sakelakoen erruz? Esparru honetan ere ez genuke bioaniztasuna aldarrikatu beharko? Baten batek geldi dezala sarraski hau, mesedez!!!

Gelditu sarraski hau Gelditu sarraski hau Gelditu sarraski hau

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.