Akabu, Aneguria, Azken Trena eta Raust! dira Banden Lehiako 9. edizioko lau finalistak

Banden Lehiako 9. edizioko lau finalistak –

Banden Lehiako 9. edizioko lau finalistak -

Aurtengoan ere martxan da Banden Lehia. 15 talde aurkeztu dira 9. edizio honetako lehen fasera eta jada badakigu zeintzuk diren lau finalistak.

Estilo anitzetako banda eta kantuak izan dira lehian, rock taldeak dira gehienak, baina pop, metal eta punk alternatiboa lantzen duten taldeak ere aurkeztu dira.

Euskal Herriko txoko ezberdinetako taldeek hartu dute parte lehiaketan. Gehienak Bizkaia eta Gipuzkoako musikariak diren arren, Nafarroako talde bat ere badago aurten, Berakoa, hain zuzen ere.

Epaimahaikideak Ritxi Aizpuru (musika editore eta Baga Biga diskoetxeko arduraduna), Xabi Hoo (Enkore taldeko abeslaria), Maia Muruaga (Euskal Irratiko kazetari eta esataria) eta Aritz Gonzalez (Last Tour International) dira edizio honetan.

Bilboko Aneguria, Berako Azken Trena eta Basauriko Raust! aukeratu dituzte finalerako epaimahaia osatzen dutenek eta aurtengo maila oso altua izan dela azpimarratu nahi izan dute. Hiru talde aukeratu behar izan dituzte eta zaila izan da azken erabakia hartzea. Izan ere, oso lehia estua izan da, kalitate handiko proposamenekin.

Hiru finalista horiez gain, publikoak ere izan du bozkatzeko eta iritzia emateko aukeraGaldakaoko Akabu taldea izan da puntu gehien lortu dituena Banden Lehiako web orrialdearen bitartez egindako bozkaketan, 10.612 botorekin.

Taldeek publikoaren laguntza eta botoak behar izango dute berriro ere Azaroaren 24an Bilborocken ospatuko den finalean. Epaimahaikideak ere bertan izango dira kontzertuak ikusten eta irabazlea zein izango den erabakitzen.

Nahi duen edonor joan ahalko da finalera eta Banden Lehiako finalistez gain, Itziarren Semeak taldeak kontzertua eskainiko du.

Banden Lehiako 9. edizioko lau finalistak –