PPk testuinguru politikoan joka dezakeen paperaz
Nafarroan Rajoyren alderdiak UPNtik bereiztu eta gero ze oinarri sozial izan daitekeen jakiteke, Basagoiti Jaurlaritzan sozio dituenei presio egiteko lanetan dabil buru-belarri, Euskadiko Alderdi Sozialistak Batasunaren legeztatzea edota hauekin elkarrizketak hasiko balitu, EAEko gobernua kolokan egongo litzatekeela argi utziz eta Ezker Abertzalearentzat lau urteko “berrogeialdi demokratikoa” eskatuz.
Rajoyren papera beste bat da baina, eta Madrildik, Euskal Herriko testuinguru berriaz honakoa esan zuen atzo El Paisen.
“ETA bere historiako beste une batzutan baino ahulago dago, eta aspaldi baino babes sozial txikiagoa du. Bi xehetasun horiek positiboak dira eta poztu egiten gara horretaz. Baina hori esanda, une honetan zarata, informazio eta adierazpen gehiegi ikusten dut, eta zenbait kontu argi utzi nahiko nituzke etorkizunerako. Lehenik, hauteskundetara aurkezteko presa duena ETA eta Batasuna direla. Gobernuak eta Estatuak ez dute inongo presarik izan behar hauek hauteskundetara aurkeztu daitezen. Bigarrenik, Estatuak eta Gobernuak ez dute exijentzia maila inoiz jaitsi behar. Hau esanda, axola zaidan bakarra ETAk bere amaiera iragarriko duen komunikatua da, eta ez amaieraren itxura emango duena.”
Atera al daiteke ezer garbian adierazpen honetatik? ETAren amaiera nahi du Rajoyk, baina horretarako urratsik ematea aurrikusten al du?
Hurrengo erantzunean, politika antiterroristaren bere gakoak adierazten ditu: “Espainiako segurtasun indar armatuen eraginkortasuna eta ETArekin negoziaziorik ez.”
Espainiako gobernuak, prozesu politikoari bide emateko neurririk hartuko balu (dispertsio politikan aldaketak ematea aipatzen da) PPk aurka egingo lukeela atera daiteke elkarrizketatik? PSOEk Zapatero salbatzeko ETAren amaiera aterabide ikusten duen bezala, pentsatzekoa da PPrentzat ere oposizio lana egiteko aukera izango dela prozesu bera. Ikusteko dago noraino gogortuko duten mezua, baina ez dirudi epe laburrean bederen, Zapaterok Rajoyrengan aliatu bat izango duenik. Ez eta prozesuak ere, Basagoiti-Rajoyren babesik jasoko duenik ere. Une honetan baldintzak garbi ditu Alderdi Popularrak: segurtasun indarrengan konfidantza eta negoziaziorik ez.
[…] ETAren prozesuan garaileak eta garaituak behar dira. Horrek iragartzen al du, aurreko batean iragartzen genuen bezala, PPk, eman daitezkeen mugimenduetan, gertakariak oztopatzeko papera hartuko […]