Pello Errota, Anje Duhalde eta Barañaingo 9ak
Barañaingo 9ak –
Pasa den urtean erreportaje bat idatzi nuen Bertsolari Aldizkarian, duela 35 urte Xabier Letek idatzi eta zuzendutako obra baten inguruan: Gabon Txirrita. Antzerkigintza izango da, seguraski, Leteren alde ezezagunenetako bat, eta hori alde ia guztietatik jorratu zuela: aktore, gidoigile, itzultzaile, musikari, zuzendari, ekoizle, baita instituzioetatik egin zuen lanarekin ere. Txirritaren inguruko lan honek baditu mila pasarte, baina gauza zinez kurioso bat kontatzera mugatuko naiz gaurkoan.
“Gabon Txirrita”-ren ernamuina izan zen “Deusetik izatera” liburua, eta azken honek 1976an ikusi zuen argia, ez lehenik zentsuraren filtroa pasa gabe. Liburuak pasa zuen kontrola, baina ez osorik; Estatuak bertso batzuk zentsuratzea erabaki… eta Txirrita zentsuratu zuten! Baita Tellei-Txiki eta Pello Errota ere! Txirritak esan zuen bere aipamenak izango zirela 80 urtean, baina Pello Errotari esan izan baliote bere orduko bertso batzuk batek daki zenbat urte beranduago zentsuratuko zirela, jakin nahi nuke zer erantzun aterako zuen ezkerreko poltsikotik.
Honakoa duzue obran zentsuratutako bertsoetako bat, Pello Errotarena, hain zuzen ere:
Persegituak izandu gera
juan dan zenbat urtian,
asko zebiltzan agindu nahirik
Kantabriako partian,
mantxa gabeko lore ederrak
estalirikan lurpian;
Errespetua guardatzen zuten
Lartaun hemen zan artian,
oraindik ere denbora dago
berriro saia gaitian.
Ez dakit egoeraz jabetuko ote zen edo ez, baina Anje Duhalderi norbaitek esan behar lioke Pello Errotaren oso antzeko zerbait gertatu zaiola. Ez denboran ez espazioan koinziditu ez duten bi plaza-gizonak berriz ere zentsurak batu ditu; berriz ere Duhalde bere letra kantatzen hasi eta hamaika urtera. Non, eta Barañaingo plaza batean.
Gaur goizean, agian lerro hauek irakurtzen zabiltzan bitartean, Barañaingo 9 herritar Guardia Zibilaren kuartelean arituko dira deklaratzen, Entzutegi Nazionalak hala eskatuta. Arrazoia: gorazarrea. Klasiko bat. Barañaingo jaietan, txupinazoaren ondoren, herriko presoaren familiari omenaldi xume bat eskaini zitzaion. Xabier Sagardoiren senitartekoi zenbait keinu eskaini zitzaizkien: lore sorta bat, brindis bat, hitz batzuk… eta kanta bat.
Leteren alde ezezagunenetako bat antzerkia zen bezala, estatuarena errepresio forma berriak dira; eta Letek antzerkia bezala, alde guztietatik lantzen du estatuak bere konpetentzia.
Bederatzi lagun horien artean daude hizlaria; txanpaina zabaldu zuten preso ohiak, txanpaina zabaltzeagatik eta preso ohiak izateagatik; ikusle bat; ez dut kontrastatu lorezaina atxilotu duten, baina ziurrenik bai (norbaitek eramango zituen ba loreak omenaldira, nik zer dakit); baita ere “Amnistiaren dema” abestu zuten bi musikari. Anje Duhalderen abesti bat (ez atzo goizekoa, arraioa) jo zuten gitarrista bat eta tronpeta jole bat.
Pello Errotaren bertso zentsuratuen gisan, hemen dauzkazue Anje Duhalderen olerki pertsekutatuak:
Amnistiaren alde,
zigortuen alde,
gu ere haiekin bat,
zigorpean gaude.
Ez dugu izaterik
aske haiek gabe
Haiekin askatuko
baigara gu ere.
Amnistiaren dema
garaipen eguna
lortzen ari garena
lortuko duguna.
Amnistiaren demak
bakea du izar
eta askatasuna
oinarrizko indar
herri dena abian
hego eta ipar
gaur borroka dugu ta
garaipena bihar.
Amnistiaren dema…
Zaudete ziur haiek
Ez dute etsiko
ez ditugu guk ere
horrela utziko.
Denak noizbait etxean
zutik eta tinko
egon ziur lortuko
dugula betiko.
…