Asteko zinema estreinaldiak!

Asteko zinema estreinaldiak –

Estreinaldiak: Irailak 8

Egilea: Maialen Goñi

.

It

Stephen Kingen eleberriaren egokitzapen beldurgarria aurkeztu du Andrés Muschietti zinegileak, eta nazioarteko prentsan kritika bikainak jaso ditu. Istorioa Maine (AEB) estatuko Derry herrixkan girotuta dago; haurrak desagertzen hasiko dira, eta gaztetxo talde batek beren beldurrei aurre egin beharko die, mende luzez heriotza ugari eragin dituen Pennywise pailazoa akabatzeko. Haurren beldurren inguruan ardaztuko da filma, eta eleberriko detaileengan jarriko du arreta, istorioaren bertsio sinesgarriena egiteko eta ikus-entzuleengan izua eta egonezina eragiteko, norberak bere beldurrak azaleratu ditzan. Aktore taldea Bill Skarsgard, Jaeden Lieberther, Sophia Lillis, Wyatt Oleff, Jeremy Ray Taylor eta Finn Wolfhard gaztetxoek, besteak beste, osatu dute.

.

Voir du pays (The Stopover)

Canneskko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten iaz Voir du pays drama Delphine eta Muriel Coulin ahizpa frantziarrek, eta gidoi onenaren garaikurra lortu zuen. Filmeko protagonistak Aurore eta Marine militarrak dira; Afganistandik bueltan, bost izarreko hotel batean hiru eguneko egonaldia egitera eramango dituzte Ziprera, gerra nolabait “ahazteko”. Baina indarkeria alboratzea ez da horren erraza izango… Soko eta Ariane Labed aktoreek gorpuztu dituzte bi soldaduak.

.

L’amant double (El amante doble)

Eta Cannesko jaialdian, baina Sail Ofizialean, aurkeztu dute aurten François Ozon zinegilearen berriena: L’Amant double. Chloé gaztea Paul psikoterapeutarekin maiteminduko da, eta hilabete batzuk geroago, elkarrekin bizitzera joango dira. Orduan jakingo du Chloék maitaleak bere nortasunaren zati bat ezkutatu diola, eta gaztea horrekin itsutuko da. Marine Vacth eta Jéremie Renier aktore laudatuek antzeztu dituzte bi protagonistak orotariko kritikak jaso dituen thriller erotikoan. Filmaren oinarrian Joyce Carol Oates idazlearen eleberria dago.

.

Churchill

Bestetik, II. Mundu Gerran berebiziko garrantzia izan zuen gertakari bati buruzko filma helduko zaigu Jonathan Teplitzky zinegile australiarraren eskutik. Aliatuak Ingalaterrako kostan lehorreratzeko prest zeudenean, Wiston Churchillek bere generalen eta aliatu estatubatuarren aurka egin behar izan zuen, baina kanpainak huts egingo balu, sarraskiaren arkitekto gisa gogoratuko zuten beldur zen. Brian Cox aktoreak gorpuztu du britainiar politikari ezaguna, eta bere lana goraipatu duten arren, filma erdipurdikoa dela esan du kritikak.

.

Estreinaldi guztiak ezagutzeko, sartu Zinea atarian!

Asteko zinema estreinaldiak

Asteko zinema estreinaldiak

Euskal pantailaren gunea