(Zia edo boga) Plazeboak eta beste
(Zia edo boga) Plazeboak eta beste
Itzea Urkizu Arsuagak Tolosaldeko Atarian idatzia, asteburuko estropadak direla-eta.
Egunotan, pentsatzekoa da artalde izatera kondenatuta gaudela: denok hondartzara, denok inorena-baino-exotikoagoa-den-lekuren-batera, denok Aste Nagusira, denok Instagram abuztuaz leporaino betetzera. Denok, denek egiten dutena egitera. Eta, abuztukeriatan erortzen hasita, turismoa eta arrauna uztartu beharko lituzke jarraian datorrenak. Baina ez: artaldeak masetan mugituko dituzten bestelako hitzorduak datoz Kantauriko ertzetara.
Ez, ez naiz Kontxaz ari –oraindik–. Ez du halako badia bildurik, ez du Aquariumik eta bertako traineruak ez du bai-ala-bai parte hartzen, baina Zarauzko ikurrina prestigio dirdiratsuaren jabe da, arraun zaleen artean. Bi jardunaldi bandera bakarrerako, eta sari tentagarria. Pentsa, badu profezia txiki bat ere: “Zarautzen irabazten duenak, Kontxa irabazten du”.
Arraun zale haurrari hala irakasten diote txikitan, eta haurtzaroaren eta bere taldearekiko grinaren kokteletik, baieztapenarekiko fede itsua sortzen da, behin betiko. Zalantzarik ez baita: arrauna da euskal kostaldeko erlijiorik indartsuena. Arrauna da ateoenak ere zerura begira jartzen dituena; arrauna da, sekula santurik gurtu ez duena, iraileko lehen bi asteburuetan, kandelak piztera eramaten duena.
Onerako edo txarrerako, ordea, fantasiazko unibertso horrek palada asko ematen dizkio arraunaren hauspotzeari. Fede arraun zalea ez baita plazebo bat baino; itxaropen pilula bat. Plazeboa da herri oso batek, hamar udaz jarraian, “aurten bai” esan-pentsatu-idaztea; plazeboa da pentsatzea, norbere talde kuttunaren koloreko kuleroak janzteak, traineruari indarra emango diola; plazeboa da, patroiak “5 aurretik!” oihukatzea, GPSaren seinaleak pare bat segundoko aldea markatzen duenean.
GPSak, oihuek eta koloreek, guztiek bat egingo dute, asteburuan, Zarautzen. Baita itxaropen pilulek ere: trapua irabazten dutenek ez dute “Zarautzen irabazten duenak, Kontxa irabazten du” baino plazebo hoberik izango. Beste guztiak, berriz, artaldearen kondenari heldu, eta denek egiten dutena egitera: tira eta tira.