Emakumeak dantza ekitaldietan
Emakumeak dantza ekitaldietan
Kattalin Agerreri dantzan.eus atarian arrantzatu dion sarrera dakar salabardoak: “Lezo, Lekeitio, Lesaka eta Zaldibar: emakumeak dantza ekitaldietan”.
Lezon soka-dantzan
Lezon, San Juan bezperan, suaren inguruan dantzatu ohi den soka-dantzan, alpargata emakumeek ere dantzatu dute aurten. Desafioa dantzatu duten dantzarietako bat ere emakumea izan da aurtengoan. Orain arte gizonezkoak ziren soka-dantzako protagonistak baina aurten dantzariek dantzatu dute, generoa kontutan hartu gabe. Murixka dantza taldeko dantzariek atera dute soka.
.
Lekeition kaxarrankarekin
Ekainaren 29a, San Pedro eguna, egun handia izaten da Lekeition. Euskal Herriko dantza ikusgarrienetariko bat egiten dute, kaxarranka. Kaxaren gainean doan dantzariari arraunlariek laguntzen diete. Emakume arraunlariak badirenez herrian, aurten, hauetako batzuk kaxarrankarekin irten dira.
.
Lesakan zubigaineko entseguetan
Lesakan San Fermin egunean dantzatzen den zubigainekoan, oraindik neskek ez dute dantzatu baina bai entseguetan. Zenbait neska entseguetan parte hartzen ari dira eta entsegu orokorretan ordezkapenak egin dituzte, baita buruzagi postuan ere.
.
Zaldibarren dantzari-dantzan
Dantzari-dantza parekidea Durangaldeko hainbat plazatara heldu da. Zaldibarko jaietan, Sorne Uriarte, plazara atera da dantzari-dantza dantzatzera. Talde nagusiarekin batera, zortzi neska gaztek agintariena eta txotxongilo dantzatu dituzte.