Ez dezagun, bada, berriz ahaztu

Ez dezagun, bada, berriz ahaztu –

Ez dezagun, bada, berriz ahaztu

Lekukotza-liburuak perspektibaz irakurri behar dira eta Zarauzko gutunak, 36ko gerra (Amagoia Gurrutxaga Uranga, 2017) irakurtzean asko eskertu dut Urolakoa ez izatea, bestela Gurrutxagak egin duen lan sakona ostenduko zuen nire barruko kuxkuxeroak, hura edo hori ezagutzen ote dudan buruari galdezka ibiliko nintzelako. Lan mardula egin du Gurrutxagak eta Zarauzko postalak (Zarauzko Udala, 2013) liburuaren bigarren atala osatu du gerra garaiko eta gerra osteko “jazarpen egitura eta giroa” azaldu guran. Eta lortu du, 300 orrietan edozein irakurlek ulertuko baitu zer nolako egitura zeukan frankismoak Zarautzen baita egitura horrek ezarri zuen gorroto eta izu legeak ekarri zituen ondorioak ere: heriotza, kartzela, umiliazioa, arpilaketa, deserria, bortxaketak etab.

Egiturari dagokionez, hiru zatitan antolatu du Gurrutxagak bere liburua: ‘Kokatzeko’ (Gerra aurreko eta Gerra osteko testuinguruaz), ‘Gutunak’ (Gerrak ekarri zuen egoera berria eta bere ondorioak) eta ‘Testigantzak’ (24 zarauztarren lekukotzak). Hiru zatiek mosaiko bat osatzen dute: lehenak egoera orokorra azaltzen du, datozen bi ataletan kontatzen direnak zelanbait aurkeztuz, bigarrenak 1936tik 1943ra gertatzen direnak eta bere ondorioak azaltzen ditu, eta azkenak lekukoen berbak dakartza. Liburuak orokorretik zehatzera egiten du eta gertaera berbera hainbat bider azaldua agertzen da, baina errepikakor egin barik lagungarria da hainbeste datu eta izen-abizenekin erraza baita galtzea.

Nabarmena da Gurrutxagak egindako dokumentazio lan itzela, liburua aipuz, datuz, koadroz eta lehen- eskuko dokumentuz josita dagoelako (argazkiak, gutunak…), bereziena “Galtzaileen memoranduma” izanik. 1980an, EAJko gudari batzuek zerrenda bat egin zuten, non “jazarpen egitura eta giroa” ezarri zutenen izen-abizenak agertzen diren. Gurrutxagak osorik atera du eta honekin 80 urteko isiltasuna eta inpunitatea apurtu du. Bukatu aurretik, Karmele Etxabe ume errefuxiatuaren gogoeta bat, perspektibaz irakur dezagun, “denak etortzen zaizkit gogora orain Siriatik-eta datozen horiei begira. Gu halaxe ibiliak gara, ez daukat ahazteko…”.

Ez dezagun, bada, berriz ahaztu

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.