Euskal musikariak Donostiako Jazzaldian
Euskal musikariak Donostiako Jazzaldian
Konturatu orduko heldu zaigu Donostiako Jazzaldia; aurtengoan 35 euskal talde, bakarlari eta disko jartzaileren partaidetza izango du jaialdiak.
Beraz, eta ordainpeko oholtza nagusietan (Trinitate Plaza eta Kursaal auditorioa) etxeko musikarien presentzia urria izaten bada ere, esan dezakegu antolakuntzak azpimarratu nahi izan duen bezala, “euskal jazzak presentzia nabarmena izango duela Heineken Jazzaldian”.
Donostiako Jazzaldian jotzeko bide ezberdinak ibili dituzte euskal musikariek. Badira urtarriletik apirilera bitartean jokatu den hautatze-prozesuaren bidez heldu direnak, Katapulta Tour ekimenaren baitakoak, Musikenek proposatuak eta bertako irakaslez osatutako taldeak, aurten lan berri bat argitaratu dutelako hautatuak, eta antolakuntzak zuzenean deituak; gehi Nauticool terrazako disko jartzaileak. Guztiak ez daude, derrigorrean, jazz musikari emanak.
Hauexek dira (taldeei buruzko testuak Jazzaldiarenak dira):
.
.San Telmo Museoan eta eguerdi bueltan hasita, jazzaren lau erraldoi omenduko dira, egunero bat: Thelonious Monk, Ella Fitzgerald, Dizzy Gillespie eta John Coltrane; horietako bi zuzenekotan Musikeneko irakaslez osatutako taldeak izango dira protagonista..
Iñaki Salvadorren Laukotea (100 urte Thelonious Monk jaio zela)
Iñaki Salvador (pianoa), Andrzej Olejniczak (saxo tenorra), Gonzalo Tejada (kontrabaxua), Borja Barrueta (bateria)
Ehun urte betetzen dira aurten jazzean eragin handienetakoa izan duen pianista bat jaio zela, Thelonious Monk. Haren obra gogoratzeko Iñaki Salvadorrek benetako super-talde bat osatu du euskal musikariekin, zein bere instrumentuan gehien nabarmentzen direnetako batzuk bildu dituelarik. Nazioartean proiekzio handienetakoa duen jazzeko euskal musikarietako bat da Salvador: zinemarako, telebistarako eta antzerkirako musika idatzi du, hainbat disko argitaratu ditu bai bere izenean eta bai beste batzuekin lankidetzan, Heineken Jazzaldiaren aurreko edizioetan arrakasta izan duten hainbat proiektu sortu ditu eta jazzeko euskal talde garrantzitsuenetako partaide izan da.
Uztailak 22 / 12.30 / San Telmo Museoa / 10 euro / SARRERAK AGORTUTA
.
Mikel Anduezaren Zazpikotea (50 urte John Coltrane hil zela)
Mikel Andueza (saxo altua), Bob Sands (saxo tenorra), Miguel Angel Lopez (saxo baritonoa), Francesc Capella (pianoa), Jose Luis Gamez (gitarra), Victor Merlo (baxua), Jo Krause (bateria)
John Coltrane duela 50 urte zendu zen, baina eragin erabakigarria utzi zuen etorkizuneko belaunaldientzat. Mikel Andueza euskal saxofonista gailenaren inguruan eratu den zazpikote bikain honek haren obra sorberrituko du. Kontzertuan, taldekide bakoitzak Coltrareneren irudiari erreferentzia egiten dion pieza bana aurkeztuko du. Coltraneren piezetan oinarrituta taldekideek egindako moldaketak interpretatuko dituzten arren, okasiorako taldean konposatutako obrak ere eskainiko dituzte. Une musikal bakoitza hura proposatu duen taldekideak azalduko du: zer kontzeptutan oinarrituta dagoen eta zer ekarri dion omenduaren irudiak bere ibilbide profesionalean.
Uztailak 25 / 12.30 / San Telmo Museoa / 10 euro / SARRERAK AGORTUTA
.
.
.Aurtengo jazzaldian Kursaaleko Terrazetan (Coca-Cola gunean, Heinekin terrazan eta Frigo gunean) joko dutenen arteko hamar talde hautatze prozesutik datoz, urtarril eta martxoa bitartean Donostiako makina bat oholtzatan (Forum FNAC, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba, eta Victoria Eugenia Kluba) burutu zen musika erakustalditik.
.
Z-Bone Project Quartet
Zedrik Bernardot (tronboia), Xabi Leon (teklatuak), Thomas Saez (baxua), Pierre Sangla (bateria)
Lapurdiko lau musikarik osatzen dute tronboiari protagonismo berezia ematen dion talde sailkaezin hau. Hainbat estilo bateratzen dituzte alaitasunez, bata bestearen gainetik jarri gabe, eta soinuz egindako puzzle bat osatuz. Puzzle horretan jazza (haren adierazpenik zabalenean) funky, reggae, nu soul eta trip hop estiloekin nahasten dute, emaitza gisa dantza egitera gonbidatzen duen musika lortuz.
Uztailak 22 / 18.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Diablues & Bluecifer
Asier Elorza (tronpeta, dobroa, gitarra, ahotsa), Mikel Etxeberria (aho soinua, gitarra, ahotsa)
Jazz eta blues akustikoarekiko pasioak batu zituen Bergarako 2 musikari hauek 2014 urtean. Belceblues taldeko abeslariak eta gaztetako lagun min batek osatzen dute bikote hau. Kontzertuetan, AEB hegoaldean aspaldi zegoen giroa arnastu daiteke. Instrumentazio tipikoa erabiltzeaz gain, doinu eta instrumentu bereziekin apaintzen dute beraien ezohiko soinua: ahots jokoak, aho soinua, dobroa, tronpeta… 2016an beraien lehenengo diskoa kaleratu dute: DisCovers.
Uztailak 22 / 22.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Pas de Bourrée
Catalina Sophie (ahotsa), Diego Rodriguez (gitarra), Guido Farusi (kontrabaxua)
Pas de Bourrée 2014an eratutako hirukoa da. Taldearen errepertorioa, batik bat, jazz intimo eta lasaian oinarritzen da, pop-ean, soul-ean eta Brasilgo musikan ere sarraldiren bat edo beste eginez. Konexio musikal polita dago hiruren artean eta komunikazio ona lortzen dute ikus-entzuleekin.
Uztailak 22 / 22.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Erik, Joanes & Dave
Erik Niemietz (pianoa, teklatuak), Joanes Ederra (baxua), David Gorospe (bateria)
Erik madrildarrak eta Joanes & Dave zarauztarrek Musikenen ezagutu zuten elkar eta 2016ko udazkenean osatu zuten hiruko hau. Taldearen musikan izendatzaile komun bat –groovea– partekatzen duten hainbat estilo fusionatzen dira. Horrela, EJDren estiloaren barruan sartzen dira, blues eta swing tradizioak ez ezik, baita jazz rock, funk eta soul musikak ere.
Uztailak 23 / 18.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Kass & The Gingerbread Boys
Kassandra Charalampi (ahotsa), Mikel Nuñez (pianoa, teklatuak), Victor Anton (gitarra), Chuchi Garcia (baxua), Unai Olabarri (bateria)
Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegian (Musikene) sortutako blues/gospel/rhythm&blues-eko banda bat da. Eskaintzen dituzten zuzeneko bortitz eta indar handikoetan, musikari ospetsuen –Ray Charles, Aretha Franklin, John Lee Hooker…– bertsioak egiten dituzte. Taldekideak beste hainbat proiektutako partaide aktiboak dira –The Soul Messengers, Modulando Big Band, Pemptousia edota SoloParaLocos– eta jaialdi askotan jo izan dute: Heineken Jazzaldian, Tolosako Blues Jaialdian, Mojo Workin’ Donostia deituan, eta Gaztela eta Leongo Jazz Jaialdian. Horiez gainera, beste hainbat auditorio eta aretotan ere eman dituzte kontzertuak.
Uztailak 24 / 18.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
The Disappointments
Alberto Navascués “Eskualo” (Hammond organoa), Jokin Pallarés (gitarra elektrikoa), Mikel Navascués (baxu elektrikoa), Jon Uribeetxeberria (bateria)
The Disappointments (Dezepzioak) Hammond organoaren soinuan eta musika beltzaren eraginetan oinarritutako musika talde bat baino zerbait gehiago da. Esan genezake egoera psikologiko bat dela, erritmoa eta musika sentitzeko era bat, baina, batez ere, zuzenean interpretatzeko modu bat. Soul, be-bop, blues, Northern Soul eta Modjazz-aren eragin argiak antzematen zaizkio. Taldearen zenbait konposizio propiotan hainbat eragin iradokitzen dira: Jimmy Smith, Lou Donaldson edota Booker T. & The M.G.’s; beste batzuetan, aldiz, zinemari lotutako musika beltzaren oihartzunak entzuten dira, Shaft, Bullitt, Dirty Harry edo Starsky and Hutch-en estiloko filmetakoak.
Uztailak 24 / 22.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
Didier Datcharry Trio
Didier Datcharry (pianoa), Jean-Xavier Herman (kontrabaxua), Marie-Hélène Gastinel (bateria)
Hiru musikari hauek 2008an elkartu zirenetik, jazzaren historiako hiruko klasiko handien –Oscar Peterson, Erroll Garner, Phineas Newborn Jr., Ahmad Jamal edota Monty Alexander buru zituzten hirukoak– unibertsoa lantzen saiatu dira buru-belarri, eta errepertorio erakargarriari forma ematea lortu dute. 2013an argitaratu zuten “Tribute to Jazz Trios”, publiko guztientzako pentsatutako album bat, 50. Heineken Jazzaldian aurkeztu zutena. Swinga da lan horretan nagusi, baina ordezkatuta daude jazz latinoa, bossa, balada eta reggaea ere.
Uztailak 25 / 18.30 / Kursaal Terrazak / Doan
.
Ghost Number & His Tipsy Gypsies
David Pisabarro aka 413 (banjoa, ahotsa), Jon Ander Burgos (tronpeta), Arantza Molina (biolina), Jean-Marie Le Bris (gitarra), Nacho Fombuena (kontrabaxua), Iñigo Manterola aka Pellejo (perkusioa, bateria), Lidia Insausti (koruak), Karmen Salazar (koruak)
Ghost Number & His Tipsy Gypsies 2014an sortu zen, joan den mendean sustraitutako musikari perspektiba berri bat emateko asmoarekin. David Pisabarrok (aka 413) musika-tresna akustikoz soilik osatutako talde bat eratzea lortu zuen eta, ordutik hona, kontzertu ugari eman dituzte hainbat aretotan eta zenbait jaialditan, hala nola 2015eko Kutxa Kultur Festibalean eta 2016ko Heineken Jazzaldian. Joan den mendeko 1930 eta 194040 hamarraldietako country & western, swing eta blues musiketan oin bat bermaturik
edo Karibeko calypsoaren eraginak gehituz. Taldearen joaldiek Cab Calloway, Hank Williams, Johnny Cash, Tom Waits edo C.W. Stoneking-en ahogozoa uzten dute.
Uztailak 25 / 20.00 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
La Prima Janis
Arantxa Ojeta (ahotsa), Javier Blázquez (tronpeta), Eneko Anaut (saxoa), Javier Olabarrieta (pianoa), Ander Percaz (gitarra elektrikoa), Mikel Navascués (baxu elektrikoa), Iñigo Redín (bateria)
Taldea Arantxa Ojetak Janis Joplin-i dion miresmen sakonetik jaio zen, zeinak proiektu hau ia-ia ezinbestekoa egin baitu. 2006ko urtarrilean egin zuten debuta. Ordutik hona taldeak hainbat kontzertu eman ditu mota guztietako lokal, areto eta jaialdietan. Bandaren soinu trinkoak eta eszenaratze bikainak beste aro batera garamatza: orduan, Janis Joplinen ahots urratu bezain adierazkorrak artista amerikarrak bluesa, soula eta rocka ulertzeko zuen era berezia oparitu zigun. Ahots paregabez interpretatzen zaizkigu haren abesti onenak.
Uztailak 25 / 22.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Reunion Big Band
Kassandra Charalampi (ahotsa), María Sedano (ahotsa), Oskitz Gorrotxategi (tronpeta), Joan Gonga (tronpeta), Alejandra Artiel (tronpeta), Asier Ardaiz (tronpeta), Lander Arriola (tronboia), Jordi Arcusa (tronboia), Imanol Iribarren (tronboia), Nacho Soto (tronboi baxua), Xabier Oruesagasti (saxo altua), Noel Sacristán (saxo altua), Jon Zufiaurre (saxo tenorea), Miguel Arribas (saxo tenorea), Andrea Castaño (saxo baritonoa), David Cid (pianoa), Daniel del Valle (gitarra), Pablo Álvarez (kontrabaxua), Juan Francisco Martínez (baxu elektrikoa), Manu Gaigne (percusioa), Pier Stefano Bruera (bateria)
Reunion Big Band izenekoa Europako hainbat tokitatik etorritako eta Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian (Musikene) ikasitako hogei bat musikari gaztek osatutako jazzeko formazio handi bat da. Emanaldi arrakastatsua eskaini zuten 2014, 2015 eta 2016ko Heineken Jazzaldian, hilero jotzen dute Doka Kafe Antzokian eta Donostiako lindy hop-eko dantzariekin lankidetzan aritzen dira swing dantzako emanaldien antolakuntzan, musika zuzenean egiten dutela. Daramatzaten bost urteetan, swing tradizionaletik hasi eta egungo jazzeko joera berrietara arteko errepertorioa landu dute, musika latinoa eta funka ahaztu gabe.
Uztailak 25 / 23.00 / Kursaaleko terrazak / Doan
.
.2016an diskoa argitaratu eta berau zuzenean aurkeztera datorren seiko sorta. Marcelo Escrich kontrabaxu joleak Charlie Haden omenduko du hirukotean, Ruben salvador tronpeta joleak Galizia eta Euskal Herria lotzen dituen lana aurkeztu eta Albert Arteta saxofoi joleak “The Legacy” aurkeztu. Aparte, bi Mikel piano jotzaile, Azpiroz bakarka eta Gaztelurrutia hirukotean, eta jazzetik aldentzen den Elena Setien donostiarraren ahots fina..
Mikel Azpiroz (Zuri)
Mikel Azpiroz (pianoa)
Bidaiatzea eta musika, horiexek Mikel Azpirozen (Donostia, 1971) ibilbidea markatzen duten bi oinarriak. Sei urte zituela hasi zen pianoa jotzen, musika klasikoko ikasketak eginez, eta oso garaiz hasi zen etxeko tokadiskoak jotzen zuen guztia entzuten; musika afroamerikarrak ukitu zuen bereziki. Hammond B3-aren xarmak harrapatuta, Elkano Browning Cream taldea sortu zuen, eta hor erritmoan oinarritutako sorkuntza lantzen du batez ere. Pianoarekin eta organoarekin erakusten duen malgutasuna dela-eta, hainbat proiektutarako deitzen dute beste musikari batzuek. Bidaiak eta musika elkar elikatuz (Australia, AEB, Nigeria, Txina, Ekuador, India…), nortasun musikal askotarikoa eta nabarmena lantzen segitzen du, eta azkenean, jazzik erritmikoenaren, bluesaren eta munduko beste musika batzuen inguruan lur hartzen du.
Uztailak 22 / 20.00 / Kutxa Kultur Kluba (Tabakalera) / Doan
.
R.S. Basque Faktor (Akúfeno)
Rubén Salvador (tronpeta, flugelhorn), Julen Izarra (saxo tenorra), Satxa Soriazu (pianoa), Javier Mayor de la Iglesia (kontrabaxua), Hilario Rodeiro (bateria)
“Akúfeno” diskoa Ruben Salvador proiektuaren liderrak ondutako lana da, Coruñan bizi izan zen hiru urteetan. Hiru saiotan eta hiru formazio desberdinek grabatutako diskoa da. R.S. Faktor-ek bi sukurtsal ditu, bata Euskadin eta bestea Galizian. Galiziakoa, R.S. Atlantic Faktor deitua, inguru haietako jazzeko musikari onenez osatua dago. Ruben Salvadorrek musikari horiekin gauzatu zituen lehenengo bi grabazio-saioak, musika-gogaidetasun handia lortu baitu beraiekin. Hirugarren saioa lehen sukurtsala, Euskadikoa, osatzen duten artistekin grabatu zuen, zeina R.S. Basque Faktor izenez ezagutzen baita. Musikari belaunaldi bikain horrekin landu eta grabatu zuen Ruben Salvadorrek bere orain hurrengo lana, Starting, zeinak, 2012ko BBK Sarietan, Jazzeko Disko Onenari zegokion Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi baitzuen.
Uztailak 22 / 22.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Elena Setién (Dreaming of Earthly Things)
Elena Setién (ahotsa, teklatuak, loop-a), Mikel Azpiroz (teklatuak), Karlos Arancegui (bateria). Artista gonbidatua: Niklas Knudsen (gitarra)
Elena Setién Donostiako abeslariak ibilbide arrakastatsua izan du nazioartean, eta etxera itzuli da, jazz lurrinak dituen bere pop sofistikatua aurkezteko. Azken lan diskografikoa Mikel Azpiroz musikari polifazetikoarekin batera produzitu du. Diskoan, Wurlitzer pianoaren, Moog sintetizadorearen eta Hammond organoaren soinu-aukerak arakatzen ditu. Tresnen tremoloa eta reverb-a ahotsarekin batera erabilita, Elenak, Mikelek eta Karlos bateriak amets-giro betean sartzen gaituzte. Donostiako kontzertura, gainera, Niklas Knudsen Danimarkako gitarrista gonbidatu dute. Dagoeneko ezaguna da Knudsen Heineken Jazzaldiaren publikoarentzat: 2014an izan zen hemen, Ibrahim Electric hirukoarekin.
Uztailak 23 / 12.30 / San Telmo Museoa / 10 euro / SARRERAK AGORTUTA
.
Mikel Gaztelurrutia Trio (Walk)
Mikel Gaztelurrutia (pianoa), Pau Lligadas (kontrabaxua), Alfonso López (bateria)
“Walk” diskak, Scott Peck idazlearen The Road Less Traveled izeneko liburuan du inspirazioa. Gure bizitzatan eta erabakietan parte hartzen duten mugimendua, indar erritmikoa eta inprobisazioa gogorarazi nahi ditu. Hiru zutabetan oinarritzen da: alde batetik, gai guztiak konposaketa originalak dira. Bestetik, musika afrokubatarraren erritmoak erabiltzen ditu eta azkenik, hirukoteak, gaien moldaketetan egindako lan trinkoa du eserleku, grabazioari nortasun erritmiko nabarmena eskainiz. Walk-en, afro, guaracha, mambo, bossa, reggae eta funk erritmoak aurkituko ditugu.
Uztailak 23 / 22.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Alberto Arteta Group (The Legacy)
Alberto Arteta (saxoa), Satxa Soriazu (pianoa), Luis Gimenez (gitarra), Kike Arza (kontrabaxua), Daniel Lizarraga (bateria)
Euskal Herrian gehien eskatzen den eta proiekzio handienetakoa duen saxofoi-jotzailea dugu Alberto Arteta. Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioan ikasi zuen jazza, non, Ohorezko Matrikula ez ezik, bere promozioko ikasle onenaren Karrera-amaierako Saria jaso baitzuen. Gero, Amsterdamen osatu zituen ikasketak, Dick Oatts, Gerald Clayton, Dave Douglas, Gary Foster eta beste hainbat musikari irakasle izan zituelarik. Hogei diskotik gora grabatu ditu, bai lider eta bai sideman gisa, horien artean aipatzekoak dira bere boskotearen buruan grabatu dituenak: “Bat” (2014) eta “The Legacy” (2016). Ehunka kontzertu eman ditu jazzeko jaialdi eta klub onenetan: Heineken Jazzaldia, Paradiso (Amsterdam), Café Central (Madril), Getxo Jazz Jaialdia, Bilbaina Jazz Club (Bilbo) eta Sala Caracol (Madril).
Uztailak 23 / 22.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Marcelo Escrich-Silent Trio (Charlie Haden Songbook)
Marcelo Escrich (kontrabaxua), Alberto Arteta (saxo tenorra, saxo sopranoa), Luis Giménez (gitarra)
Silent Trio Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko korridoreetan sortu zen, erakunde horretako irakasleak baitira hiru taldekideak. Lehen proiektu honetan, bide batez omen egiten diotela, Charlie Haden-en alderdi agian ezezagunena atera nahi izan dute argitara: haren konposizioak. Charles Edward Haden (1937-2014), izan ere, kontrabaxu-jotzaile itzela ez ezik, musikagile ere izan baitzen, eta esan behar da hark idatzitako lanak lehen notetatik ezagungarri gertatzen direla. Haren maisutasuna agerian geratu zen 1983, 1993, 1994 eta 2001eko Heineken Jazzaldietan eskaini zituen emanaldietan.
Uztailak 25 / 22.00 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
.Katapulta Tour Gipuzkoa plataformak, musikaren alorrean nabarmentzen ari diren gipuzkoar talentu berriak sustatzea du xede, eta berrikuntza moduan dator aurten, Gipuzkoako Aldundiak Jazzaldiarekin sinatu duen hitzarmenari esker..
Luma
Xabier Abel Martínez (gitarra elektrikoa, ahosa), Adrián Viñas Freiría (bateria)
Luma freskoa, zuzena eta bizia den rock bikotea da. Beraian lehen erreferentziak, Club EP-k, EAE osotik jotzera eraman zien, baita ere espainiar Estatuan zehar, hala nola The Bellrays, Holy Fuck, No Age, Siena Root, The Strypes, Belako eta Capsula bezalako bandeekin eszenatokia konpartituaz. Orain, Airwalk EP izeneko beraien bigarren estudioko lanarekin datoz, taldearen eboluzio bat bezala eta orain dela bi urte hasi zuten ibilbidearen erantzuna. Beraiek zuzeneko musika ikustera joan behar dela esaten dute, etxean gelditu beharrean YouTube-n atzeratuz, abesti bakoitzean hamar segundu bakarrik entzuten.
Uztailak 22 / 22.00 / Alderdi Eder / Doan
.
Grande Days
Ion Grijalbo (gitarra, ahotsa), Ignacio Bilbao (gitarra, ahotsa), JM Lluch (baxua, ahotsa), Ander Vildósola (bateria)
2013an sortua, zaila da Grande Days taldea sailkatzea. Bere musika indie rock doinuetera gerturatzen da post rock eta rock finena alde batera utzi gabe. Bost abestik osatutako lehendabiziko EPa Karlos Osinagarekin “Txap” (Lisabö) grabatu zuten Tolosako Bonberenea estudioan. Lan honetan Za! taldeko Pauren kolaborazioa izan zuten. AIE (Artistas en Ruta) programaren 2017ko zirkuituan aukeratuak izan dira eta Zarata-Mondosonoro aldizkariak urteko demo onena bezala aukeratu zuen Spark.
Uztailak 24 / 19.30 / Alderdi Eder / Doan
.
Buffalo
Ander Ederra (gitarra), Joanes Ederra (baxua), David Gorospe (bateria)
Buffalo talde instrumentala da. Zarautzen 2008an sortua, hiru lan argitaratu dituzte, azkenengoa Zinematik (2015) izenekoa Zarauzko Modelo aretoan grabatutako zuzenekoa da. Hastapenetatik jorratu dute musika instrumental eta esperimentala, hala ere ez da batere erraz klasifikatu dezakegun taldea. Beraiek argi dute ez direla etiketa zaleak, atmosfera musikal txiki eta delikatuen zale, kontzertu ugari eskeini dituzte, besteak beste, Heineken Jazzaldian eta Kutxa Kultur Festibalean. Buffalo beraien proiektu pertsonalena izateaz gain, hiru musikariek beste proiektu askotan parte hartu dute, esaterako Benito Lertxundi, Olatz Zugasti, Makala Jazz Funk Band, Txuma Murugarren eta abar.
Uztailak 24 / 22.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Charlie & The Colours
Charlie Atkey (ahotsa, gitarra), Iñigo Asensio (eskusoinua, teklatuak), Iker Lauroba (kontrabaxua, gitarra), Oriol Flores (bateria)
Charlie & The Colours Donostian jaio eta bertan bizi den musika-taldea da. Taldekide dira, taldeko buru den Charlie Atkey britaniarra eta Euskal Herriko eta Kataluniako hiru musikari. Beraien musika, folk eta pop-musika, eta, akustikoa eta elektrikoako arloetan mugitzen da, tristura eta alaitasuna, zalantza eta fedea bezalako toki ezberdinetara iritsirik. Iluntasunetik argira eta bakardadetik solidaritatera bidaiatzen duten abestiak. Bonsai Tree (2015ean autoeditatua) lehenengo diskarekin urte eta erdiz Estatuko areto ezberdinetan kontzertuak emanez ibili dira heldutasun aro batetara iritsirik, eta gaur egun, bigarren lanaren promozioarekin dabiltza. Bigarren lana honek Mehaka izena du Mehaka baserrian autoekoiztu dutelako.
Uztailak 25 / 18.00 / Kursaaleko Terraza / Doan
.
.Euskal Herriko Goi Mailako Ikastegiak, Musikenek, 3 talde gomendatu dizkio Jazzaldiari, ikasten ari diren musikari gazteek osatutakoak, Quintessence, From Lost to the River eta Flan de Mono jazz taldeak.
.
Quintessence
Maria Sedano (ahotsa), Erik Niemietz (pianoa), Javier Merino (gitarra), Joanes Ederra (baxua), David Gorospe (bateria)
Erik, Joanes & Dave hirukoa Maria Sedano abeslariarekin eta Javier Merino gitarristarekin elkartu da aldi honetan, Quintessence sortzeko. Kontzertua Musikenen egin duten ibilbidearen ispilu izango da. Bakoitzaren errepertorioko pieza ezaugarrienen hautaketa bat eskainiko dute, beren musika-ikasketak azken emanaldi batekin burutu ondoren. Quintessenceren ikuskizunean, jazz bokala eta instrumentala, jazz tradizionala, fusiokoa, bebopa eta jazz modala tartekatuko dira, eta ez dira faltako jatorrizko konposizioak.
Uztailak 23 / 22.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
From Lost To The River
Jordi Arcusa (tronboia), Noel Sacristán (saxoa), Pedro Nuñez (tronpeta), Daniel del Valle (gitarra), Juanfran Martinez (baxua), Carles Perez (bateria)
From Lost To The River Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian (Musikene) elkar ezagutu izanaren ondorioz sortutako taldea da. Bere xede nagusia Jazzeko Interpretazioa irakasgaiko karrera-amaierako zenbait proiektutako errepertorioak bateratzea izan da. Seikote honek taldekideen jatorrizko konposizioak eta moldaketak ez ezik, jazzeko estandar klasikoak, eta groove edo funkeko piezak interpretatzen ditu.
Uztailak 24 / 18.30 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
Flan de Mono
Iñigo Lopez (ahotsa), Imanol Iribarren (tronboia), Aingeru Torre (saxoa), Andres Navascuez (pianoa), Chuchi Garcia (kontrabaxua), Martin Holland (bateria)
Flan de Mono jazzaren eta estilo horretatik eratorritako musiken interpretazioan espezializatutako seikote bat da. Jazzeko hainbat aldaera sartzen dira taldearen errepertorioan, klasikoenetatik hasi eta garaikideenetara heldu arte.
Uztailak 25 / 18.00 / Kursaaleko Terrazak / Doan
.
.Bukatzeko, jada beren kasara ibilbide oparoa burutu edo propio egitasmo konkretu baterako elkartu diren maila handiko 3 talde dira antolakuntzak zuzenean hautatu eta deitu dituenak, Heineken Jazzaldian parte hartzeko.
.
Sky Beats
Lidia Insausti (ahotsa), Sergio Villar (gitarra), Manu Gestido (baxua), Gus González (bateria)
Donostiako Sky Beats bandak soul-aren sentsibilitatea eta rock-aren indarra fusionatzen ditu, askok musika genero garaikide bat bezala definitu dutena sortuz: soul ‘n’ roll-a. Lehen EPa 2013an grabatu zuten, Heineken Jazzaldian estreinatu zuten eta kopia guztiak saldu zituzten. Ordutik jaialdiaren edizio guztietan parte hartu dute; Fred Wesley, Stacie Collins edota Javier Vargas-en mailako musikariekin jo dute espainiar Estatuko hainbat aretotan, eta Radio 3 bezalako hedabideen kritika apartak jaso dituzte. 2016an kaleratu zuten lehen disko luzea, “Ad Libitum”: gustu handiz egindako 11 abesti. Udan errepidea hartu eta Europan zehar bidaiatu zuten euren lana erakutsiz, eta berandu baino lehen, mundu guztira zabalduko dute.
Uztailak 21 / 19.30 / Uztailak 22 / 18.30 / Sagues / Doan — Uztailak 24 / 20.00 / Kursaaleko terrazak / Doan
.
Descarga Libre 4tet (Dizzy Gillespie-ri omenaldia)
Mikel Makala (erritmo-kutxa, sampler-a), Jimmy Bidaurreta (teklatuak), J. M. Dorronsoro (tronpeta), Denis Barzaga (perkusioa)
“Unexpected Tapas“ (2011) albuma publikatu eta urte batzuetara, Mikel Makala DJ eta agitatzaile musikal euskaldun-alemaniarrak eta Jimmy Bidaurreta Gasteiz Big Band-eko zuzendari eta ekoizleak indarrak batu dituzte proiektu berri bat sortzeko: Descarga Libre. Latin, jazz, funk eta deskarga soinuen arteko nahasketa berreskuratu eta Fania bezalako zigilu ezagunen Nuyorican salsara hurbilduko dira, dantzarako musikaren tendentzia berriekin bat eginez. Zuzenekoetan lagun izango dituzte: Denis Barzaga, Donostian bizi den perkusionista kubatarra, eta J. M. “Dizzy Do” Dorronsoro, tronpetista donostiarra, azken hamarraldietako jazz eszena euskaldunaren ohiko musikaria.
Uztailak 21 / 19.00 / Victoria Eugenia Kluba / Gonbidapenarekin — Uztailak 24 / 22.30 / Sagues / Doan
.
Niña Coyote eta Chico Tornado
Koldo Soret (gitarra eta ahotsa), Uxua de la Fuente (bateria)
Izen berezi honen atzean Ursula Strong eta Koldo Soret-ek osatutako bikotea dugu. Strong-ek iragan “lotsagabea” izan du Zuloak edota Las Culebras bezalako taldeetan. Soret-ek dagoeneko utzi du arrasto elektrikoa, Surfin Kaos edota Chico Boom taldeetan izandakoa. Bertako bi musikari, energiaz eta garrez beteak, dagoeneko nazioartean hainbat bira egin dituztenak: Estatu Batuetan, Mexikon, Japonian eta Txilen. Euskarazko Album Onenegatik Etxepare Saria jaso dute aurten MIN sarietan (Musika Independentearen Sariak), “Eate”, azken diskoagatik.
Uztailak 22 / 21.00 / Zurriola hondartza / Doan.
.
.Guzti horietaz aparte, Nauticool izeneko eszenatokian, Kontxak Badia eta portua begira dituela, disko jartzaileek soinua jarriko diete ilunabarrei, Global Funk eta lagunen eskutik.
.