Gogoratu, gomutatu, uztailaren seia da ailegatu
Gogoratu, gomutatu, uztailaren seia da ailegatu –
Remember, remember!
The fifth of November,
The Gunpowder treason and plot;
I know of no reason
Why the Gunpowder treason
Should ever be forgot!
…
Olerki honengatik dakigu (osorik hemen), azaroaren 5ean, Guy Fawkes Erresuma Batuko parlamentua leherrarazten saiatu zela. “V for Vendetta” maisu lana da poemaren euskarria; azkenekoz oso famatua egin den filmean, eta lehendabiziz hain ezaguna ez den komikian, Alan Moorek idatzia eta David Lloydek ilustratua. Kontutan hartzekoa da Margaret Thatcherren garai ilunean sortutako obra dela.
Orrialdeak pasa eta metrajean barna murgiltzen garen bitartean gai asko ukitzen dira: kontzientzia, boterea, biolentziaren erabilera… eta ikurrak.
“Eraikuntza hori ikur bat da, berau suntsitzea beste sinbolo bat det gisan. Ikurrek jendeak ematen dien garrantzia besterik ez daukate. Bere horretan ikur batek ez du ezer esan nahi, baina pertsona asko biltzen badira, eraikuntza bat leherrarazteak mundua alda dezake”.
Nik ikusi dut, behin baino gehiagotan, nola lehertu diren eraikin eta plaza oso bat.
Gogoratu, gomutatu,
uztailaren seia da ailegatu…
2011 – Almuertzikoa egin genuen asko estimatzen dudan iruindar kuadrilla batekin. Uztailaren seia zen orduan, eta egun luze hartako otordu bakarraz gozatzen genuen bitartean, 2010eko txupinazoaz aritu ginen hizketan. Gertaerak oso larriak izan ziren: gazte batek ospitalean amaitu zuen oso gaizki, beste batek espetxean, eta guztia eragin zuten poliziak… , nik zer dakit ba, Santamariak jarritako dominen batekin.
Iragan urtetako gertakizunak ikusita, geldialdi publiko eta zabala antolatu zen ikurriña plazara sartzeko. “Edan ur trago on bat”, “lotu ondo plaierak”, “itxi poltsikoak”, … Jana eztarrian geneukala abiatu ginen Gaztelu plazara, eta nire bizitzan ikusi dudan sokatira emanaldi hunkigarri eta ederrenaren lekukoa izan nintzen.
Gogoratu, gomutatu,
uztailaren seia da ailegatu…
2012 – Adiskide berdinekin abiatu nintzen norabide berberean. Polizia gehiago zeuden, eta matematikak horrela dioenez (munizipal 1 + 2 foral = jasotzen dituzun ostiak²) kolpe gehiago banatu ziren, baina oraingoan ere, ikurriña plazan sartu zen, eta majo izorratu ziren UPN-koak (mesedez eta faborez, Barcinaren aurpegia 5:42 minutuan). Plazako egoera okertzen doa minutuak aurrera egin ahala: 11:30etan gaizki, baina egon daiteke, 11:45etan (giza)haragi egosi usaina dago, 11:55etan olatuak irensten zaituzte, eta benetan pozgarria dela 12etan txupinazoa entzutea, eta ez soilik jaien hasiera delako.
Giriak hil nahi nituen, ardo epela botatzen ari zirelako plastikozko pistolekin; baina beno, asko nahiko gaizki egongo zirela pentsatzen dut, lurrean ez dakit zenbait “txankletanga” horietako ikusi bainituen. Irudikatu une batez: txupinazo egunean, Iruñeko plazan, hankautsik. Beroa, estuasuna, egarria… eta Urzante azeitunen puzgarri madarikatu horiek (eta ni gainera propaganda egiten).
Gogoratu, gomutatu,
uztailaren seia da ailegatu…
2013 – Izan ziren bultzadak eta borrakadak, eta beti bezala, barrura. Gure tokia eusten bageneukan nahiko lan, jende olatuetatik ahalik eta ondoen ateratzen. Eta orduan, 11:50etan…
Amonak esaten zidan: “zuek ez duzue inoiz ulertuko zer sentitzen genuen guk ikurriña bat ikustean, orain normala da…”. Urte hartan San Ferminetatik bueltan esan nion ba: “berdina ez dakit, baina antzeko zerbait bai” . Esaera zahar batek dio “bost zentimoko pupua, eta hamar pezetako trapua”; kasu honetan alderantziz litzateke. Hamar pezetetako pupua jasan dugu euskaldunok, zer esanik ez iruindarrek; eta pairatutako minarekin alderatuta, ikurriña hura bost zentimoko trapua zen. Bandera trapu bat omen da haizerik ez badabil: infernuko plaza horretako itoan eta beroan, nik haize ufada galanta nabaritu nuen. Palestinar sentitu nintzen Jerusalemen, saharar Aaiunen. Historikoa. Zahartzarora iritsiz gero ahaztuko ez dudan zerbait.
V for Vendettaren amaieran eraikina lehertzen den bezala lehertu zuen ikurriña hark Iruñeko Udaletxea. Ondoren EH Bilduk jarri zuen urte batean, eta iazkoan ez zegoen. Ikurriña elipse bat izan zen, eklipse bat, eta hutsune horrek sinbolizatzen omen zuen bere falta. Niri ere hutsune handi bat egin zitzaidan barnean.
Ez dakit balkoian zer egongo den aurten, baina ziur naiz beste behin ere plazako leherketak inguruan harrapatzen duen guztia eramango duela aurretik. Haizea plazatik dator; eta ikurriña jartzea ez da sinbolismo hutsa. Desobedientzia da.
…
Gogoratu, gomutatu,
uztailaren seia da ailegatu,
konspirazioa, bolbora eta ukazioa.
Ez plaza eta ez balkoi,
inperio honen morroi,
lehertu okupazioa.