«AKPri buruzko plebiszitu itxurako erreforma»

Recep Tayyip Erdogan lehen ministroaren AKP alderdiak aldaketa horiek Europar Batasunean sartzeko lagungarriak izatea espero du. Oposizioak, aldiz, justizia kontrolpean hartu nahi izana leporatu zion eta BDP zein PKK alderdi kurduek boikota eskatu zuten, haien aldarrikapenak kontuan hartzen ez zituztelakoan. Azkenean, Turkian baiezkoa nagusitu zen eta, Kurdistanen, abstentzioa. Hona hemen horri buruzko iritzi bat, Turkiako Vatan egunkarian kaleratua:

Rusen Cakir, Vatan egunkaria (2010-09-14)  

Konstituzioa aldatzeari buruzko erreferendumaren emaitza [% 58 alde eta % 42k aurka] arrakastatsua izan da gobernuan dagoen alderdiarentzat, Justiziaren eta Garapenaren Alderdiarentzat (AKP, islamista moderatua). Zernahi ere dioten, erreferendum hori Gobernuarekiko konfiantza bototzat ere jo da. Eta herritarrek AKPren alde egin dute. Ikuspuntu horretatik, oposizioko alderdien estrategia txarra izan da. Herri galdeketa zuzen honetako lehenengo garailea, zalantzarik gabe, kanpaina hau ia berak bakarrik zuzendu duen Recep Tayyip Erdogan lehen ministroa da. Testuinguru horretan, Errepublikako presidente izateko duen asmoa indartu egin da. Erreferenduma, hain zuzen,  2014ko presidentetzarako hauteskundeetarako entsegu moduko bat ere izan da berarentzat.  

Fetula Gülen eta bere komunitatea ere (komunikabide garrantzitsuak eta ikastetxe sarea dauzkan anaitasun islamista moderatu berria) bozketa honetako irabazletzat jo daitezke. Lehenengo aldiz, Fetula Gülen (AEBetan bizi da) hauteskunde/erreferendum baten aurretik, publikoki eta nahita, alderdietako baten alde egitera arriskatu da. Nahiz eta atxikimendu horrek oposizioaren erreakzio oso negatiboa eragin duen eta Poliziako goi-arduradun batek komunitate horri Barne Ministerioa kolonizatu izana leporatzen dion liburu mugarria kaleratu duen, badirudi erreferendum honen emaitzak Güleni mesede handia egin diola. Bestetik, Erdogan lehen ministroak ezohiko jokaera izan du, emaitzen iragarpenaren ondorengo adierazpenetan Fetula Güleni eskerrak publikoki emanez; zeharka, baina argi.  

Herriaren Alderdi Errepublikanoak (CHP, kemalzalea, ezezkoa eskatu zuen) ez die erantzun alderdian idazkari nagusi berria, Kemal Kiliçdaroglu, izendatzeak eragin zituen itxaropenei eta alderdiaren barruko eztabaida areagotu besterik ez du egin, baina bozketako galtzaile nagusia, zalantzarik gabe, Ekintza Nazionalistaren Alderdia da (MHP, eskuin muturra). Erreferendumeko emaitzak eskualdez eskualde ikusita, baiezta dezakegu MHPk eta bere buruzagi Devlet Bahçelik ez dutela lortu hautesleak ezezkoa bozkatzeko konbentzitzea, batez ere, Itsaso Beltzeko, erdialdeko eta Anatoliaren ekialdeko gotorlekuetan. Alderdi horren estrategia osoa Gobernuak eta AKPk iragarritako «kurduenganako irekiera» kritikatzean oinarritu da. Emaitzen xehetasunei erreparatzen badiegu, ikus dezakegu MHPko boto-emaileek ere ez dutela AKPren aurkako akusazioa (PKK alderdiarekin bat egin izana) seriotzat hartu edo konstituzioaren erreformarekin zerikusirik ez duela pentsatu dutela.  

Bake eta Demokraziaren Alderdiak (BDP, debekatutako kurduen aldeko hainbat alderdiren oinordekoa) egindako boikoterako deia arrakastatsua izan da eta bere sustraitze erregional irmoa erakusteko aukera eman dio. Hemendik aurrera, inork ezingo du ukatu Anatoliako hego-ekialdeko eskualdeetan, non PKKren eta Turkiako armadaren arteko borroka gogorrenak gertatu diren, BDPk (eta, ondorioz, PKK-k) herritarren babes sendoa daukala. Aldiz, hauteslekuetara joan diren boto-emaile kurdu gehien-gehienek baiezkoaren alde bozkatu izanak erakusten du gaur egun AKP dela boikota eskatu den eskualde horretan BDPri aurre egin diezaiokeen alderdi bakarra. Hala ere, boikot honen eragina erlatibizatu egin behar da, galdeketa honen emaitza osoa baldintzatu ahal izan ez duen neurrian.  

Azkenik, erreferendum honek adierazten du AKP indartuta dagoela, bai nazionalismo turkiarra sendoa den eskualdeetan, bai nazionalismo kurdua irmoki sustraituta dagoen eskualdeetan. Egoera horretan, kritika kontrajarriak, korronte nazionalista turkiarraren jarrera eta pareko korronte kurduarena alde batera utzita, AKPk loka-puntuan zegoen «kurduenganako irekierarekin» jarraitzeko oztopoak desagertu direla ematen du. Nazionalismo turkiarrak eta kurduak elkar elikatzen dutela dirudien testuinguru honetan, alderdi nazionalista turkiarrak erreferendum honetan izandako porrotak eta kurduen aldeko mugimendua ordezkatzen duen alderdiaren arrakasta oso erlatiboak «oreka» hori hautsi dute eta horrek ondorio politiko nabarmenak izan ditzake.  

Hala, printzipioz, ez dago lehen ministroak «konstituzio zibil berria» ezartzeko egin duen promesa betetzeko oztoporik. Proiektu hori, zalantza handirik gabe, AKPren kanpainako eslogan nagusia izango da 2011ko uztailerako aurreikusita dauden hauteskundeetan.     

 

Courrier International astekaritik jasoa (frantsesez)

Jatorrizkoa, Vatan egunkarian argitaratu zuten (turkieraz)

Turkiako konstituzioa aldatzeko erreferenduma

Irudia | Turkiako konstituzioa aldatzeko erreferenduma | Ezezaguna | LGPL

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...