EITBren gainbeherari buruzko bost galdera

MzMwMQ==

Datuak krudelak dira

Gogorra da datua: telebista ikusten ari direnetatik, hamarretik batek ere ez du ikusten bere telebista publikoa EAEn. Ez euskaraz ez erdaraz- Gehitu horri telebista ikusten ez daudenak edo ikusteko ohiturareik ez dutenak. Zenbat norbanakok ikusten du orduan ETB? Eta euskarazkoaren kasuan, kirol erretransmisio eta guzti, nekez iristen da ehuneko batera.

Egia da gaur egungo telebista kontsumitzeko erak aldatu egin direla eta horri zuzendaritza eta norabide (?) berri baten zama gehitu behar zaizkiola.

Gertaera bitxi bezain berriak ari dira jazotzen. Esaterako, ETAren agiria plazaratu zenean jendeak TVEra jo zuen ETBra baino gehiago. Aspaldi da Telenortek Teleberriri irabazi ziola… gainbehera agerikoa da.

ETBren orain arteko historian, Euskalerrian albiste garrantzitsu bat sortzen zenero – istripu handi bat, manifestazio erraldoiak, atentatuak, albiste politiko bereziak…-, nabarmena izaten zen nola jotzen zuten ETBko informatiboetara euskal ikusleek. Ba hori ere galtzen hasi da:  Irailaren 5eko  eguerdian, ETAren agiria publikatu zen egunean, ez ziren ETBko informatiboak izan ikusienak: TVEan informatu ziren  %30 eta ETB2an %22 ( ETB1ko Gaur Egunen, %2,5%)

Datuak benetakoak ote?

Egia da adituek kolokan jartzen dituztela Sofres enpresak ematen dituen udientzia datuak. Izan ere Euskal Erkidegoan 250 familiek baizik ez dute euren etxeetan audimetrorik eta, gainera, hautatutako familia-ereduen tipologia bera ere ez da zaintzen azken denboretan. Arazoa askoz okerragoa da zenbakiak txikiak direnean, euskarazko katearen kasuan bezala. Izanak izan, Sofresen datuon arabera antolatzen da telebistetako pastel publizitarioa, esaterako.

Euskal Telebista EAJak kontrolatzen zuen garaian, portzentai hauek %20aren inguruan mugitzen ziren, ia oraingoen bikoitza. Baina azkenengo urtean,  TDT dela eta, telebista ikusteko moduak apur bat aldatu dira, nahiz eta inola ere hainbesterainoko desberdintasunik justifikatzeko.

Zer ari da gertatzen?

Aski da EiTBko edonorekin mintzatzea entzuteko lagunkeriaz beteta daudela udazken honetan burutuko diren ekoizpenetatik asko eta asko. Ageriko desastreen arduradunak ere (Urrusolo, Terol…), ez direla ordezkatuak izango… Esaten da, gainera, euskararen mundua urrutitik ere ezagutzen ez duen etxeko badaezpadako profesional bat jarriko dutela aurki ETB1eko edukietako arduradun… 

Gauzak beltz ikusten badira orain, bada esaten duenik are gogorragoak ikusteko gaudela, EITB beraren etorkizuna ere kolokan dela. PSE-EE eta PPren arteko aginte banaketaren izenean, benetan ezgauza diren pertsonak ari direla batere irizpiderik gabe jokatzen.  Esaten denez,  gaiztotik baino, beste zerbaitetik dute gehiago EiTBko gaurko gidariek…

Datuok ezagututa, zein da zure iritzia?

Nondik erantzuten hasi asmatu ezinik bazabiltza, hara hemen bost galdera:

  • 1- Uste duzu Blanca Urgell sailburu duen  Kultura Sailak  zerbait egingo duela egoera bideratzeko, ala legealdia amaitu arte utziko diote usteltzen?
  • 2- Badakizu zein aurrekontu duen EiTBk urteko?
  • 3- Gutxieneko zein audientzia eskatu behar litzaioke talde guztiari?
  • 4- Eta GaurEguni eta Teleberriri?
  • 5- Uste duzu 10 urte barru EiTBrik izango dela?

Guztiak erantzun nahi ez badituzu, nahi dituzunak ere erantzun ditzakezu zenbakia aurrean jarrita.

Eskerrik asko.

Irudia | Bada norbait hor? | mrsraggle | Creative Commons By SA
eitb

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

5 pentsamendu “EITBren gainbeherari buruzko bost galdera”-ri buruz

  • Bizitza guztia bizikletan aritu direnei autobusa eman diete gidatzeko. ETBko albistegietan aginte postu jakin bat izan duenak galdetua: off bat? zer da off bat?

  • Kultura Sailak oso ondo lotua eta bideratua du EITBko politika guztia, hizkuntzari dagokiona barne.
    Batzuk Plana deitzen diote horri; haiek “Misio” bezala hartzen dute.
    “Misioa” burutzeko tresna garrantzitsutzat dute komunikabideena eta horretan jarduten dute sutsu.
    “Misioaren” eginkizun nagusia, existentziarik ez omen duen Euskal Herri madarikatu hau “normalizatzea” dutela diote, hitz horrek espainol espainolista militanteentzat duen esanahi guztiarekin.
    Kultura Sailak oso ondo daki EITBko telebista eta irrati kate horiek betidanik entzun eta ikusi dituztenak ez direla, portzentai erraldoi batean, “bereak”, ez direla Espainia bat, batua eta bakarraren aldekoak, etsaiaren ideologiakoak baizik.
    Etsaia “konbertitzea” zaila dutelarik, haren ideologia eta haren hizkuntza perfilatzen dira ezabatze-lanetan zulatuak izateko lehenak eta errazenak.
    Euskal Estatu baten alde posizionatzen direnen ideologia ezabatzea dute, beraz, eskuetan dituzten komunikabideen lehen helburua.
    Nortasun-trinkotzaile gerta daitekeen neurrian, hizkuntza ere ikusmiran izateko elementu dute. Bazter-hizkuntza baztertuen hizkuntza bihurtzetik hasten da “normalizazioa”.
    Izenez zuria eta hizkuntzaz euskalduna ere izan arren, Urgellek ez du PP-PSOEren estrategiatik aldentzen den sentsibilitaterik erakutsi, eta ez du erakutsiko.
    Etxalarkoa eta euskalduna izan arren, Manuel Aznar Zubigaray zenak ere erakutsiko ez zuen bezala.

  • […] horrela eta oso oker ez bagaude, logikak erakusten du nor izango den lehenagoko sarrera batean aipatu dudan ETB1eko edukietako arduradun berria: Rosa Diez, oraindik ere Euskadi Irratiko […]

  • Gaurko egunkariek diotenez, ETB-1eko edukien arduradun berria den Diez Urrestarazuk egindako “ikerketa” bateko konklusioen artean honako hau zegoen: “ETB-1 es una cadena de televisión obsoleta destinada al área rural y sin oferta urbana para los espectadores vascoparlantes”.

    Arazo latz hori gainditzeko ziurrenik, gaur, irailak 18, arratsaldeko seiak direnean, Cordoba-Jerez futbol partidua erretrasmititzen hasi dira euskarazko katean.

    Bete-betean asmatu dute formula berriarekin.
    Bistan dago, euskal herrietako jendeak ez, baina hirietako ikusle “vascoparlanteek” interes ikaragarria dutela derby andaluziar horretan.

    Zorionak ibilaldi berria hain modu egokian hasteagatik!

  • […] eta ezpatak zorrotz eta altzata dabiltza. Horixe bakarrik behar zuen kate guztietako audientziak hutsaren hurrengo mailetara erorita dabilen Euskal Telebista […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude