Antiguo, berritzaile. Euskal Errepublika gaurdanik
Antiguo, berritzaile. Euskal Errepublika gaurdanik –
“Ni naiz ni eta nire testuingurua” erran zuen Ortega y Gassetek, eta neronek gehituko nioke, kopia txar, merke eta plastikozko gisa (bakoitza bere tokian), “ni naizela ni eta inguratzen nauten testuak”: faltan botatzen ditudan Leoneren asteazkenetako buru-janak, Heriok Hasier azkarregi eraman zuelako irakurriko ez ditudanak, etxe honetako perlak eta zaramak, handik eta hemendik iritsi eta irensten ditudanak.
Eragina izan zuen nigan “Maltzaga” atalean plazaratu zen hausnarketa bakoitzak, eztabaida aberastu zuen ekarpen orok. Gaurkoan bat nabarmendu nahi nuke: Unai Apaolaza antiguotarrarena. Izan ere, duela gutxi bere auzotik gaurko idatzi hau plazaratzeko eragina izan duen testu bat iritsi zitzaidan, eta bost kuarto jokatuko nituzke antiguotar horiek Apaolazaren gogoeta irakurri dutela. Ongi etorriak hipertestura, madarikatuok.
Apaolazaren testutik paragrafo hau azpimarratu nahiko nuke:
“Marxismo klasikoak historiaz zuen ikuspegi teleologikoaren arabera, jendarte guztiek igaro behar zituzten fase batzuk komunismora iristeko. Komunismora heltzeko bide horretan, nahitaez igaro beharreko fasea kapitalismoa litzateke. Arrakasta izan duten iraultzek teleologia marxista bete ez arren, ikuskera horrek aje batzuk utzi dizkigu; bata bestearen jarraian txukun-txukun ordenatuta doazen faseetan ulertzen baitugu helburu politiko konkretu batera iristeko bidea. Gainera, teleologia marxistak utzi digun izate politikoa ulertzeko moduak diosku fase bat amaitu arte ezin dela bestea hasi. Aje honek bizirik dirau oraindik, bai munduko mugimendu askatzaileetan baita gurean darabilzkigun eskemetan ere”.
Ideia hau askapen mugimenduari aplikatuz gero, garbi ikusiko dugu zein den emaitza: askok uste dute lehenik erabakitze eskubidearen inguruan egin behar dela indar metaketa eta hori bururaino eraman (Gure Esku Dago), ondoren estatu propioa eskuratzera joateko (mugimendu independentista).
Herritarren gehiengo zabalari hobeto bizitzeko aukerak mozten dizkigute fronte ezberdinetan, eta geroz eta modu argiagoan azaleratzen da Estatu baten beharra. Geure indar harremanen araberako marko batean, burujabea bilakatu behar den estatu batean (Grezia ez izateko), geure erroak, geure herria eta gu geu duintasunez bizi gaitezen.
Alor guztietan jendarte osoaren bizi baldintzak hobetzeko estatu propioaren aldeko hautua egiten duten antiguatarrak bildu dira Zergatik Ez? kolektiboan, Euskal Errepublikaren Aldeko Mugimenduan. Beraien helburua euskal errepublikaren aldekotasuna auzotarren artean zabaltzea da; ez erabakitze eskubidearen errespetua hegemonikoa bilakatu artio, baizik eta ia, orain. Egiteko honetan aritzeko modurik onena auzotarrei eragiten dieten arazoei heldu eta berauek konpontzeko estatu propioaren beharra azpimarratzea da.
Horrelako kolektibo bat jaiotzeak behar zehatz bati erantzuten dio: alderdiek prozesu independentista bat martxan jartzeko duten ezintasunari. Euskal errepublikaren aldeko mugimenduaren neurria ezin dira alderdiak izan, eta ondorioz, estrategia independentista ezin da elite politikoaren hitzarmenetatik irudikatu.
Zergatik Ez? :“Independentismoaren oinarria hobeto bizi nahi duen Euskal Herriko jendartearen gehiengo zabala da, eta horiek dira gure bitarteko eta helburu”
Bukatzeko, kolektibo honek herriz-herri piztu daitekeen dinamika baten hastapena izan nahi luke, Antiguo izatea metxa piztu eta traka baten leherketa abiapuntua. Faseak ez dira zurrunak, eta herri honetan oso maiz bilakatzen dira faseak desfase. Euskal errepublika gure eskubidea da, zor zaigu, hobeto biziko gara, eta egun hori iritsitakoan borroka berriekin egingo dugu topo. Bien bitartean, ekin diezaiogun Errepublika eraikitzeari.
Zorionak Antiguo, berritzaile izateagatik.
Harremanetarako:
zergatikezeh@gmail.com
https://zergatikezblog.wordpress.com/
Hurrengo batzarra:
Ekainak 21, asteazkena
18:30etan Txantxarreka Gaztetxean
Antiguo, berritzaile. Euskal Errepublika gaurdanik.
Nahiko gertutik jarraitzen ari naiz Antiguan jaio den mugimendu-poposamen berri hau eta bizki interesgarria da. Euskal Errepublikaren aldeko jarduna jauzi kualitatibo erakargarria plazaratu dute. Nabardura bat, ordea, Maltzagako artikuluan aipatzen nuen ideia baten ildotik…”hobeto bizitzeko” hori ezkerraren balore etikoen galbahetik igaro behar dela uste dut. Eta ez naiz, doktrinaz eta gutxiago “teologiaz” ari (artikuluan ironikoki erabiltzen den terminoa-ironia bera erabili izan dut sarritan), justizia sozialaz, zintzotasunaz eta koherentziaz baizik.