Gure jendea

Gure jendea –

Gure jendea Euskaldunok Estatu bat behar dugu eta arrazoi asko daude hori esateko. Askotan identitatea, identitatearen babesa, besteak beste, aipatu dira. Gaur, beste arrazoi bat gehitzen dugu: euskaldunok Estatu bat behar dugu gure jendea defendatzeko, babesik gabe dauden gure jendearen eskubideak defendatzeko. Horiek izan ziren Arnaldoren hasierako hitzak.

Lehen eta gaur; iragana eta oraina. Garai berri batean gaudela seinalatzen du hasieratik Arnaldok (gehiegi azpimarratu gabe, egia da). Baina haustura garbia da: lehen gure identitatea babesten genuen; gaur, aldiz, gure jendea. Aldea nabaria da. Lehen ideal edo «esentzia» bat babesten genuen; gaur, aldiz, hezur-haragizko jendea.

Aspaldiko arrazoiak ez zeuden gaizki, baina balio eta esentzia guztiak urtu diren garaian —  Nietzschek beste esakune bat erabiltzen zuen: balio guztiak trans-balioztatzea —, ez dira oso egokiak. Identitatea eta antzekoak sendoegiak eta zurrunegiak sustantzia eta balio guztiak urtzen eta lurrintzen diren garai honetan. Gauzen mamia eta balioa etengabeko aldaketan dauden garaian, independentziari buruzko kontzeptu askoz malguagoa eta moldagarriagoa behar dugu.

Zein da «gure jende» hori? Independentzia behar eta nahi duena, hain zuzen. Hala bada, «gure jendearen» bereizgarria independentista hutsa izatea da. Baina orain joko eremua ez dago esentzien munduan, jendearen munduan baizik. Eta joko horretan gure helburua gero eta jende gehiago «gure jende» bihurtzea da. Horrela, independentzia ahalbidetzen omen duen gehiengo magiko hori lortuko genuke.

Ondo pentsatuta dagoela dirudi. Metafisikarik gabeko independentzia proposatzen dute Sortukoek, nolabait esateko, jendearen interes arrunta eta unibertsalen neurrira egindakoa. Euskal esentziak erabat baztertu gabe —  «identitate» hitza beste behin agertzen da elkarrizketan —, jokoa desiren eta pasioen eremuan kokatzen da.

Jendea «gure jende» bihurtzeko,  jendearen pasioak ezagutu, bideratu eta ase egin beharko ditugu.  Postmodernitatean gaude eta politikari postmodernoen ezaugarria jendearen pasioak ezagutu, manipulatu eta kontrolatu beharra da. Bestela jai izango lukete pasio eta desiren merkatu kosmopolita honetan.  Baina zeintzuk dira  adituak desira eta pasioen munduan? Psikologoak eta psikiatrak, hain zuzen. Horregatik, politikari postmoderno guztiek —  eskuindarrek nahiz ezkertiarrek; Trumpek nahiz Iglesiasek —  psikologo edo psikiatraren bulegotik pasa behar izan dute. Psikologo mota asko daude baina guztiok, ofizioz, jendearen pasioak kontrolatu eta manipulatzeko artean adituak dira.

Ezker abertzaleko iraultzaileak ere, beste politikari postmodernoak bezala, psikiatrarengana joan dira (haien intimitatea babesteko ez dut psikiatra horren izena emango. Pariseko goi mailako psikoanalista zela baino ez dut esango). Psikoanalista horrekin, funtsean, saltzeko teknikak ikasi dituzte. Ez da gutxi, halere. Saltzaile ona izateko, jendearen pasioak eta haien iruditegi kolektiboaren egitura ezagutu eta kontrolatzen ikasi behar izan dute eta.

Ez, ez da gutxi psikoanalistaren sofan ikasi dutena. Ikasitakoari esker, iraultzaileak izateaz gain, saltzaile trebeak bilakatu dira. Hurrengo bidalketan ikusiko dugunez, «Estatu nordiko bat Kantauri itsasoan» saltzeko ere gai izango dira.

Gure jendea

FILOSOFO OHIA

Zer duzu buruan “Gure jendea”-ri buruz

  • Oso ongi iruditzen zait. Estrategiak erabili behar dira, marketing estrategiak. Hori ez da eskuinak soilik erabili dezaken ezer, hori denok erabili behar dugu.