Armagabetzeak erakutsiak

Armagabetzeak erakutsiak –

Herri mugimenduaren ekimenez oraindik orain izan den armagabetze operazio bikaina dela eta, honatx gogoetatxo zenbait:

1-Herri ekimena

Politikari batzuei urtikaria sorrarazten dion herri ekimena gai da aginte egiturei aurre hartzeko eta haiek mugiarazteko, bai eta agerian uzteko ere EAEko eta Nafarroako klase politikoaren maila eskasa, Espainiakoaren parean jarrita edo ia gaindituta haren eskaskeria.

Oraindik aspaldi ez dela, batzuei urtikaria sorrarazten dien Kataluniako prozesuaz ari zela Urkullu jaunak egunkari batean botea gogora ekartzekoa da: “gizartearen aurrean inolako ardurarik ez daukaten gizarte mugimenduek (sic) Kataluniaren ibilbidea eta alderdien egitarauak modu horretan baldintzatzeak larritu egiten nau” (itzulpena nirea da).

Bagenekien horrenbeste, baina horra hor Euskal herrian ere, armagabetzea burutu ahal izateko izan den ibilbide luze eta zail honetan, berau lideratzeko eta intxaurrak bere otarrera eramateko bereak eta bi egin ondoren, nola ikusi duen Jaurlaritzak bere burua guztiz tokiz kanpo eta zer egin-esan ez zekiela, non eta herri mugimenduaren ekimenez erabateko arrakasta izan duen armagabetze operazioan; Espainiaren estrategiarekin bat eginda gaiztoak belaunikarazteko egin zuen apustua guztiz zapuztu zitzaion eta itsuak ere ikusten duena da gure mandatari gorenen egonezina, adierazpen urduriak eta noraeza nabarmena: “guk beste modu batean egingo genuen”, jakina, bagenekien horrenbeste.

.

2- Hegoaldeko “gure” erakundeak

Funtsean esana dago baina gauzak xehatu aldera:

Armagabetzeak erakutsiakTransbertsalitatea, hitzarmena eta ezberdinen arteko itunak bezalako kontzeptuak moda-modan ditugun garaiotan, “baten batzuei -PNVri- egurrik ez” kontsigna dagoela dirudi. Ez naiz ni palazio panpoxetako politika handi horretaz -horixe omen da politika asko eta askorentzat- askorik dakien pertsona, baina ez zait ekintza politiko -ezkutatutako zentzurik jatorrenean- batere zintzoa kritika politikoa egin behar denean ez egitea; eta bazter utzi ezin daitekeena izateaz gain, aipatutako modako horiekin ez dira bateraezinak, guztiz kontrakoa baizik.

Bertsio ofizialak bestela badio ere, niri oraingo Urkullurenak garai bateko Lopezena, Washingtongo metro hartan, ekarri dit gogora,. Bata ondo informatuta ziurrenik, bestea ideia arrastorik eduki gabe zirudien, baina biak ere erabat jokoz kanpo: Batek, hitz politen bat eta prentsaurreko batean presentzia triste bat lortzeko Madrilera bidaia presatu eta antzua egin behar, hala beharrez; besteak, telefonozko elkarrizketa barregarria inprobisatu behar itxurak egite aldera.

Honezkero ohitzen hasita gaude: batzuek diskrezioa hitza bor-bor erabiltzen hasten direnean badakigu ziur, ezgaitasun eta eraginkortasun falta ikaragarriak mozorrotzeko saio triste batean, hutsaren hurrengoa besterik ezin dugula hortik espero. Gauzak diskrezioz egiten ari direnean kiratsa du diskrezioa hitza erakusleihoan zintzilikatzeak, edo bestela esanda: ez da batere diskretua diskrezio osoz ari gara behin eta berriz errepikatzen ibiltzea.

Espainiaren estrategia aldaketa, batzuek oso modu diskretuan iradoki duten bezala, ez da etorri Urkulluren eskaeraren ondorioz, -pentsatzea ere!- ezta gutxiagorik ere: Espainiak, gatazka armatuaren txingarrei nola edo hala pizturik eusteko bere ahalegin zoroan, zenbait arlotan behintzat, Frantzia behar zuen lagun eta Frantzia lagun izan gabe kamustu egin zitzaion guztiz estrategia ankerra: Espainiak besterik ezean, hala beharrez eta egoerak behartuta utzi behar izan zuen egiten. Kontua da afera hauetan (eta beste guztietan) azken urteotan Espainiaren eskutik morrontza eskandaluzkoa erakutsi duen jaurlaritzaren noraeza auzo-lotsa pasatzeko modukoa izan bada ere, horra herri ekimenak behartutako Espainiaren estrategia aldaketaren ondorioz, nagusiaren eskua askatu eta nola gelditu den Jaurlaritza ez zerurako ez lurrerako, auzo-lotsaren tamaina ez sinesteko moduan handiagotuz. Ikusi nahi duenak erraz ikusiko du aldebiko harreman parekide izenpean saltzen diguten hori morrontza mintzeraino nabarmena besterik ez dela eta berriro uzten digu agerian PNVren boteretxoa Madrilen boterearen itzalpean besterik ez dela boteretxo. Horregatik behar du PNVk Madril. Aukera hori aspaldian egina du: boteretxoari hala edo nola eutsi; eta ez du batere eskrupulurik horri eusteko gu denok salgai jartzeko. Txakur gosetuak mahai azpiko ogi papurrei nola halaxe segituko dute boteretxoari atxiki. Hemen ez du PNVk agintzen, hemen Madrilek agintzen du PNVren bitartez. Horra hor aldebiko harreman parekidearen martingala zertan den.

Eta Nafarroako gobernua? Morroiaren morroi, akaso? Hala dirudi.

.

3- Aurrera begira:

-Akats larria iruditzen zait niri prozesu subiranista abian jartzear den honetan, oraindik ere PNVri begira ibiltzea, denbora galtze barkaezina izateaz gain haien tranpan erortzea da: subiranismoari galga jartzea eta ahalik eta gehien atzeratzea. Berriro ere esan beharrean gara: PNV da azken berrogei urteotan Espainia izan den estatu egitura ustel horretan, bere hasierako zimendu usteletatik bertatik zutabe nagusietako bat; Espainiako unionismoak Euskal-herrian izan duen eta duen makulu, berme eta lasaigarririk handiena, alegia, independentismoak duen -eta izan duen- oztoporik handiena. Besterik da abiaturiko prozesu subiranista batean haien oinarriek nola jokatuko luketen.

-Prozesu subiranista abiatzear den honetan herri mugimendua eta gizartea bera behar ditu zurkaitz, oinarri eta mamia: unibertsitatea, irakasleak, idazleak, ekonomistak, abokatuak, antimilitaristak, euskalgintza, pobrezien kontrako taldeak, sindikatuak, feminismoa… Partiduak, urtikariak urtikaria, haiek bultzatutako guztia sustatzeko, hedatzeko eta baliabideak jartzeko daude, eta ez alderantziz.

Armagabetzeak erakutsiak Armagabetzeak erakutsiak Armagabetzeak erakutsiak Armagabetzeak erakutsiak Armagabetzeak erakutsiak Armagabetzeak erakutsiak