No Pictures!
Zerbait ikusi, kamera begi aurrean paratu eta botoia sakatzeko unean esku bat azaldu kamera aurrean eta “Fotos no!” esan izan didate behin baino gehiagotan.
Batzuetan hitzez gain, militar botekin txorkatilan emandako ostikoz edo egurrezko borra golpez lagunduta etorri zaizkit gomendioak, edo hatz erakuslea poliki lepoaren alde batetik besteraino pasa eta gero ni seinalatu ondoren luzatu didate esaldia. Baina beste batzuetan irriz eta aurpegi alaiz “niri ez mesedez” edo “aurpegi honekin ez!” esan, eskua kamera aurrean jarri eta gero irribarre zabal bat eskainiz, argazkiak ateratzera gonbidatu izan naute. Beste batzuetan, ageriko inongo arrazoirik gabe eta erretratatzera noan ekintzarekin zer ikusirik ez duen norbait etorri eta objektiboa heldu izan dit. Serio, serio.
Mota guztietako egoerak pasa ditut, baina gehienetan argazkia atera izan dut. Badakit neuk ere, deformazioa da.