Kupidoren Kate Motzean
Kupidoren Kate Motzean
Marinelaren zain dagoen alaba, ezkontz behartua, maitasun ukatua, mariñelaren zai zai… Neska zaharrak Madalenan santuari eskatuz “nobio” bana. Santuei eskatzeaz nazkatuta edo, mugikorra eskuan Whatsappez eskatuko dio bi motots dun neskatilak, “dantza dezagun dantza, edozein herriko jaixetan” izan ohi zen balts dun zita. “Eta berriro itzuliko balitz”, kantatuko lioke Letek iragan denbora arrotzari.
Kate motzekoa omen da Kupido. Diru truke alaba saldu zuen baserritarra zen agure zaharrak. Gezia bihotzean sartua, odol hustu dira jadanik. Zenbat? Bat, bi, hiru… Gasteizen gorpu bat, Bilbon bestea. “Biziak hilak, ametsak”. “Amodiozko sentipenen azken hatsa”. Azken arnas itoa. Gorria. Pasioaren kolorea. Maitasunarena. Griña. Bizipoza. Larrosena. Arantzen jarioak estali duen lur odolduaren. Itsua ote maitasuna?
Amona jaiki da goizean, larrosak eskuan abiatu da elizara. –Ni ez naiz fededuna amona. Eskutik helduta eman ohi zidan elizara. Hamaiketakoaren truke edo. Senarrik ez duen andreak ohitura bihurtu du iganderoko zita. Badakit aitonari joaten zaiola bisitan.
San Valentin irakurri du eskeletatik haratago. Bihotz formako pizza ageri da. Pizza zer den ulertzea ere zail egiten zaio. Metafora modura maitasunak jaten duela pentsatu dut. Hara, bada hezurretan geratzeraino argaldu denik. Noski mutilak lodi edo mehe berdin maiteko zuela esan zion. Mugikorreko pantailan ordea, hezurretan dagoen neska baten irudia du jarria. Bat maite behar duzu asko, besterik ulertzen ez duen gizarte batean. Asko baino hobe litzake ondo maitatzea.
Leihotik begira dago birrotxa, solterona askorentzat. Bikoteak eskutik helduta, bakoitza berera, zera beste “traste” horretan mezuak bidaltzen. Eta hitzez ordez idatziz esango dio ondoan duenari maite duela. Noski, elkar begiratzeko astirik hartu gabe. Ez omen da ona bakarrik ibiltzea. Gizonekiko lotura eza txarra balitz bezala. “Lizun” ikusiko dute zenbaitek. Ez ote dabiltza pozoituta azken aldian Kupidoren geziak?
Hilak 14. Bihotzak alde guztietan. Ipunetako printze urdinaren zain. Ideia matxista berpiztu da egun batez. Itzuliko dira bihar eskoletako hitzaldiak. Berdintasunaz arituko dira, “gona motzegia” ordea neska horrena. Kale kantoian gertatu zen, “ordu horietan bakarrik” arazoaren erantzuna. Baina tira egun batez. Gaurkoz. Hogeita lau orduz. Maitasun erromantikoa. Kaleetan. Egunkariko orrietan. Zenbat iragarki ikusi dituzu jadanik? Izan zaitezen norbaitena. Berdin kapitalismoarena, patriarkatu nahiz zure ondoan gezia sartu dizun horrena. Baina kontuz gezia norena den. Jabea izateak menpeko bihurtzen du. Eta bihotzean gezia ziztatzeak min ematen du.
Konpartitzetik baino jabetzatik gehiago du, norbaitena bihurtzen da pertsona. Nire mutila, nire neska. Ez ote posesiboegia? Gezia garaipenaren, konkistaren ikur. Negarraldi bi hilerriko atarian. Ondoan bi gazte larrosak eskuan. Ez dezatela arantzek geratu maitasunaren jarioa.
?????? Nori ez diote amestarazi printze urdiñekin? Adin batera iritsi eta zure aurrean erortzen da teloia. Ezagutzen dugun bakarra maitasun erromantikoa da. Ideia horrekin hazi-hezi gaituztelako. Gizartean bertan sistematizatua dago, erlazio iraunkor “perfektu” bat bilatzea. Norbaitena izan behar duzu, hori baita zure egitekoa. Gure kultura kristaua da, eta horren adibide garbiena da maitasuna.
Bizitza ideala, bakarrik baino hobe norbaiten alboan… Negozio txarra bakarrik bizitzearena. Familia osatzea da kultura honek erroturik daukan ideia. Eta ahaztu gabe familiaren buru gizona dela, nola ez.
Maitasuna! Ze gauza itsusia eta zekena eta alienatzailea!
Geziak maitasun eternalaren ikur. Geziek apurka apurka odol husten dute. Geziek jabe bat dute. Iñor ez da iñorena, ezta konkista bat. Maitasun bat badago, hori askatasuna da.
Askatasunarena ideia abstraktuegia da beharbada. Dena den, argi dago ez badugu desagertzea nahi teoriatik praktikarako pausoa beharrezkoa dela. Berdin gertatzen da idatzian aipatu ditudan gaiekin. Teorian denak oso askeak eta oso geureak gara. Baina ez gara konturatzen mekanizatua dagoen kontrol baten menpeko garela. Ume garenean esaterako aske jaiotzen gara, baina pixkanaka pixkanaka gure egitekoak definitzen joaten zaizkigu, hazi-heziz. Beraz, askatasuna gizarteak ezarritako muga bat da. Aske izango bagina, ezezaguna, berria, desberdina dena onartuko genuke. Ez ginateke eroriko maitasunarentzan egun bat ospatzea bezalako zentzugabekeria batean.
Norbanakoari bera izaten utziko genioke aske bagina. Denok besteen aurrean onartuak izatea nahi dugu. Horregatik, ohiko pautak jarraitzen ditugu. Identifikatuak sentitzeko, besteen berdin izateko. Askatasuna beraz utopia litzateke, amesten dugun horretan dago. “Maitasunean” maitatu eta maitatuak izatea nahi dugu. Beraz aipatzen den katea motzegia da. Denok gaude “errealitate” horretara lotuak. Gizartearen bide markatua hori delako.
Gizakiarengan dago posesibotasuna. Gizakiak animaliak menperatu zituen, gizakiak gizakia eta nola ez emakumea. Hortik erlazioen eta familia osatzearen ideia. Noski maitasun estereotipatu horretan emakumeak zer paper bete du? Dudarik gabe bere “printze urdiña” asebetetzearena.
Erlazioak gizartea kontrolatuta izateko baliagarri zaizkie botereari. Erlazio monogamikoak. Erlazio desparekotasunezkoak. Nor norena den azpimarratzekoa litzateke. Gizarte patriarkal batean esklusiboki sexu “nagusituak” baitu erabateko pribilegioa…
Gure mendebaldeko kulturan emakumeari ama izatearen papera erantsi zaio, familia osatu behar izatearena. Eginkizun horretan objektu bezala irudikatu da. Ezkontza behin betiko elkarketa definitzako bide izan da. Batek baino gehiagok pentsatuko du bere buruaren jabe dela, berak hartzen dituela erabakiak. Baina kulturan errotutako egiuneen ondorio dira. Gizarteak markatzen du bidea. Eta San Balentin eguna gizonen ikuspuntutik gidatutako mundu kapitalista bateko beste emaitza bat besterik ez da.