Erdaraz, nahi badugu

Erdaraz, nahi badugu

Joan den otsailaren 11n Jose Mari Pastorrek “Erdaraz, nahi badugu” argitaratu zuen Berria egunkarian:

Erdaraz, nahi baduguKaixo, hola, hamaikak laurden gutxiagotan nuen hitzordua, , pasa, pasa, deja ahí las cosas, hemen? sí, sí, quítate la parte de arriba, desabróchate el pantalón y bájalo un poco (…) así, toma aire, expúlsalo, zer moduz? todo bien, muy bien.

Erizainak txapa bat darama blusaren gainean: euskaraz, nahi baduzu. Kontsultako atean lelo berdina dago jarrita. Nahi izanez gero, euskaraz egiteko aukera du pazienteak. Erizainak ere euskaraz egingo du. Nahi badu, jakina. Euskal Herrian gaude, baina ez Tuterako ospitalean, Donostiakoan baizik. Gipuzkoa, euskal probintzietan euskaldunena, alde guztietan euskal lurraldez inguratuta dagoelako, kantari batek gipuzkoarzentrismo ariketa bat eginez behin adierazi zuenez.

Erizainaren eta gaixoaren arteko elkarrizketa elebitasun adibidea izan dela esango dute: askatasun osoz mintzatu dira biak. Borondate hutsez, bakoitza hizkuntza batean. Osasun arloko profesionalak hamaika arrazoi izango ditu euskaraz ez egiteko: beharbada, oraindik ez du euskaraz mintzatzeko trebetasun handirik; edo Placido Mujika zenak baino hiztegi oparoagoa du, baina ez du euskaraz egiteko asmorik. Nahikoa egin du oposizioak gainditzen. Orain, que le den al euskera. Administrazio publikoko langileak euskaraz ulertzen du. Teorian elebitasunaren nolabaiteko protokoloa betetzen du, eta ez du herritar euskalduna erdaraz egitera behartzen. Elebitasun agerikoa, baina izorratasun ezkutukoa: erdaraz erantzuteak euskaraz ari dena izorratzen du. Bi lagunen arteko elkarrizketa batek normalean ez du luzaz irauten bi hizkuntzatan. Sarri, bi hizlarietako batek beste hizkuntzara joko du. Hizkuntza ofizial txikiaz hitz egiten jakinda ere, estatus legal eta sozial handiagoko hizkuntza ofizialean mintzo den langile publikoak bestea makurraraziko du. Seguruena, baina ez beti, borondate txarrik gabe. Euskaldunak ez du kexa egiteko arrazoi objektiborik izango. Inork ez dio esan «no te entiendo» edo «en castellano, por favor». Baina badu motibo subjektiborik kezkatzeko. Ez dit ulertu? Ez daki ondo euskaraz? Gaizki sentitu da euskaraz egin diodalako? Adarra jotzen ari zaizkit hemen, txapa horiek eraman arren? Eta hurrengoan baliteke erdaraz egitea.

Euskaldunak beti kexatzen omen gara. Erdaldunak, ostera, inoiz ez. Hori gezurra dela ikusi genuen asteartean. Robert Masih Nahar, ERCko politikaria, Espainiako Senatura joan da Santiago Vidal ordezkatzeko. Robert Masih indiarra da eta 12 urtetik hona bizi da Katalunian. Masih jaunak «oso txarto»egin omen du espainieraz senatari kargua hartzeko ekitaldian. Asaldatu dira hedabideak. Nazionalismo linguistikoa utzi dute agerian, baita ezjakintasuna ere: Masih jaunak ez du espainieraz egin, katalanez baizik! Senatuko presidente Pio Garcia-Escuderoren galdera: «¿Juráis o prometéis acatar la Constitución?». Masih-ren erantzuna: «Fins a la constitució de la republica catalana, i per imperatiu legal, prometo…». Garcia-Escuderok ez du ondo ulertu, antza: «Pero ¿acatáis la Constitución?». «Fins a la republica catalana i per imperatiu legal prometo». Ezin jakin Masihk nola egiten duen gaztelaniaz, baina katalanez hobeto moldatzen da, itxura guztiaren arabera. Hari egindako elkarrizketak dira frogak. Sarean ditugu ikusgai. Zenbait hedabideren ustez, Kataluniako komunitate indiarrak independentismoarekin bat egiteko erabiltzen ari da ERC Masih. Baliteke. Hala pentsatzen hasiz gero, berdina esan genezake Ceutako PPren senatari Fatima Mohamed Dos Santos andreari buruz: Espainiak Magreb-en administratzen duen hiriko herritar batzuk bereganatzeko erabiltzen ari da PP Fatima Mohamed.

Haientzat hauxe da mingarriena, baina: Kataluniaren independentzia nahi duen indiar batek katalana —gaztelania okerra, haien iritziz— erabiltzea karguari zin egiteko. Madrilen, katalana ofiziala ez den lekuan. Bitartean, gu ezinean gabiltza euskararen eremu ofizialeko elebitasunean: zuk euskaraz egin, nahi baduzu; guk, erdaraz, nahi badugu.

Erdaraz, nahi badugu
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Erdaraz, nahi badugu”-ri buruz

  • Masihk Senatuan katalanez entzutean, ez ziren apur bat sikiera lotsatuko bertan diren gure ordezkari txit abertzaleak?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude