Balea bat kiroldegian
Balea bat kiroldegian
Kiroldegi barruan, saskibaloi kantxan, balea bat. Posible da?
Ikusten duzuenez posible izan liteke bai, eta agerpena ez litzateke magia kontua izango, soinu eta guzti kantxan proiektatutako holograma bat baino.
Ikusgarria , ezta?
Holografia hiru dimentsioko irudia lortzeko metodoa da, laser izpi bidez proiektatzen dena eta gero eta esparru gehiagotan erabiliko dena etorkizunean. Floridako Magic Leap etxeak egindako erakustaldian ikus dezakegunez, errealitate mixtoa, guk orain arte ezagutu duguna eta birtuala nahastetik sortutakoa, gure artean da jada.
Balea berak baino -batez ere Jozulinek txio bidez fake bat dela ohartarazi duelako-, agerpenak umeengan izan duen eragina egin zaigu deigarriagoa. Nola egiten duten guztiek oihu aulkian saltotxo bat eginez, nola egiten duten so albora, lagunaren begietan norberaren zirrara bera aurkitzeko asmotan, edo ahoa bete hortz, besteek ere gauza bera ikusi ote duten frogatzeko, konplizitatez. –Ikusi duzu hori? Itzela!
.
Lehen zinema proiekzioen zirrara
Esaten da duela 120 bat urte atzera, Lumiere anaiek Parisen lehen zine proiekzioak egin zituztenean, tren bat pantailan agertu, “L’arrivée d’un train à La Ciotat’ pantailan“, eta ikusleak, besaulkietatik jaikita lurrean etzan zirela, lurrun-makinak azpian harrapatuko zituen beldurrez.
Geroztik garapen teknologikoak ziztu bizian egin du aurrera, baita zinemagintzan ere, eta jada izutzen gaitzak garela esan ohi den arren, bistan da kitzikatzen gaituen zerbait lehen aldiz erraietan nabaritzean gure sentipenak antzekoak direla, lehen bezala orain.