II. Zaldi lasterketa Zarauzko hondartzan.

MjEyMw==

Zarauzko hondartzak hipodromorik ikusgarrienaren traza hartuko du larunbat honetan, maiatzak 1, Turismo Bulegoak zarauztar talde batekin elkarlanean antolatu duen II. Zaldi Lasterketari esker. 12:00etan emango diote hasiera lehiaketari, itsasbehera aprobetxatuta, eta ordubete eta erdi inguru beranduago bukatuko da, ondo bidean. Hamasei zaldizkok parte hartuko dute, euren animaliekin batera. Ibilbideak zirkulu forma izango du eta Zarauzko Damaren parean egokituko dute, hondartzaren erdialdean, gutxi gora behera. 400 metro inguruko luzera izango du. Irteera eta helmuga, berriz, Gurutze Gorriaren parean kokatuko dira, sorosleen talaia aprobetxatuz.

Zaldiek eta zaldizkoek hiru itzuli eman beharko dituzte lasterketa bakoitzean, 1.200 metro guztira. Iraupenak baino gehiago, zuzenguneetan garatutako abiadurak izango du garrantzia, eta nola ez, baita bihurguneak hartzerakoan izandako trebetasunak eta kokapenak ere, lasterketa bakoitzean sei bihurgune hartu beharko baitira. Hiru sailkapen txanda egingo dira, eta lehen bi postuetan gelditzen direnek  final handirako txartela eskuratuko dute. Lasterketa bakoitzean, beraz, seina zaldizkok parte hartuko dute. Antolatzaileen arabera, maila handiko parte-hartzaileak lotu dituzte, badaudelako hipodromoetan maila onean lehiatu diren zaldi eta behorrak. Guzti-guztiak daude hondarretan lasterketak korritzera ohituta. Gehienak Urola-Kosta eta Goierritik datoz, baina Bizkaitik ere baten bat badator . Odolgarbiak ikusteko aukera izango da, bai ingelesak zein anglo-arabiarrak. Zaldizkoen eta amazonen artean ere badaude sona handiko parte-hartzaileak; Iñaki Garmendia, oztopoetan lehiatzen den Jesus Garmendia donostiar zaldizkoaren anaia, hain zuzen; Xabier Lakano, mota honetako lasterketetan zaildutakoa; eta Marian Isasi gernikarra, iaz hirugarren postua lortu zuena, besteak beste. Irabazleak 300 euro, txapela, garaikurra eta zaldiarentzat apaingarria jasoko ditu. Bigarrenak 200 euro eta garaikurra, eta hirugarrenak 100 euro eta garaikurra. Xanti Telleriak erdietsi zuen 2009an lehen postua, Guarnizorekin.

Aurten, berritasun gisa, zarauztar gazte talde batek erakustaldia eskainiko du zaldiekin finala jokatu aurretik, Miguel Iriarte ekitazio irakaslearen ekimenez. Hartara, azken txandan lehiatzen direnek lasterketa erabakigarriaren aurretik atseden hartu ahal izango dute. Probaren gogortasuna hondarraren trinkotasunaren araberakoa izango da neurri batean.

Dena den, antolatzaileak konbentzituta daude baldintza egokiak izango direla. Horretarako, lasterketa eremua zapaldu eta gogortzeko lanean arituko dira boluntarioak tresneriarekin. Jose Patricio Aristi buru izan duen zarauztar talde baten eta Turismo Bulegoaren elkarlanaren ondorioz jaio zen proba, iaz. Aristik azken urteetan Getariako lasterketa eta beste batzuk antolatu dituzten Lazkano anaiak ezagutzen ditu, eta berak beti galdetzen zien nola zen posible zaldi lasterketa baterako baldintzarik onenak dituen hondartzak, Zarauzkoak, halakorik ez edukitzea, Donostiak, Zumaiak, Oriok edo Getariak ez bezala. Zarauzko hondartza eskenatoki ezin aproposagoa da halako ikuskizun bat antolatzeko, bere zabalera eta luzera kontuan hartuta. Inguruak ez du aurkezpenik behar, ederra dela badakite denek. Baina horrez gain, ia edozein txokotatik ondo ikusten da. Hala, iaz 3.500 lagunetik gora buldu ziren malekoian eta inguruetan lasterketaz gozatzeko. Bai jendea eta bai parte-hartzaileak, denak gelditu ziren oso gustura. Arrakasta erabatekoa izan zen, eta Aristiren eta boluntario taldearen lana eskertu behar dugu, proba aurrera eramateko lan handia egin dutelako eta larunbatean ere dena ondo atera dadin arduratuko direlako. Horrelako ekimen batek jende asko erakartzen du, ikusgarritasunagatik, emozioagatik, eta errespetua eta jakin mina pizten dituzten animalia itzelak gertutik ikusteko aukeragatik.

Irudia | Zarauzko I. Zaldi Lasterketa. 2009/05/03 | Imanol Lasa | Creative Commons By SA