Meme leloak

Meme leloak

Meme leloak78ko Konstituzioak makina bat gauza estu eta irmoki lotu zituen, eta hor dago gure arazo frankoren jatorria. Erabakitze eskubidea debekatuta, besteak beste, fermuki betetzen diren zapalkuntza eta betetzen ez diren eskubideez leporaino dagoen liburu zahar horretan. Insumisioa debekatuta. Udaletxeak euskara hutsean funtzionatzea debekatuta. Egin, Egunkaria, Ardi Beltza, Apurtu, AteakIreki eta KaleGorrian debekatuta; debekatua sarrera, debekatua irteera.

Debekatu zen Olentzero. De+bekatua zelako, akaso. Olentzero debekatua euskararen bekatua zekarrelako zakuan. Manifestazio debekatuak, asanblada galaraziak, legez kanpoko elkarretaratzeak. Ilegala Ezker Abertzalea, ilegalak presoen abokatuak, ilegala gaztetxea, ilegala disidentzia.

Handitik txikirako jokoa dirudi. Hasieran mugimendu politiko bat debekatzen da terrorismoaren tentakuloa delako; egunkariak ere tentakuloak dira; eta gazte mugimendua; eta internazionalismoa. Ondoren debekatzen da, adibidez, etxe kaleratze bat modu baketsuan oztopatzea; edo atxiloketa bat. Baimenik gabeko protesta egitea, edo poliziaren gehiegikerien berri ematea, edo kazetaritza lana egitea. Mozala.

Egun batean telebista piztu eta esaten dizute Bilboko gazte bati 600€-ko isuna jarri diotela ACAB jartzen duen sudadera bat emateagatik; eta hurrengo egunean astakeria handiago bat entzunterakoan kasik ez dut zirkinik ere egin. Zeren eta, azken berrien arabera, Espainiar Gobernuak “meme”-ak debekatu nahi ditu, meme leloak; ze demonio dira, ordeak, memeak?

Meme leloakPausoka Elkarteak, adibidez, meme txapelketa bat antolatu zuen duela gutxi. Memea, lerdokeria, adar jotze hutsa, ironikoa agian, sarkastikoa beharda, ozpina ausaz. Zakurraren putza, ezereza, huskeria. Umekeria esango nuke kasik. Baina kritika politikorako ere erabili dira, eta hortik gobernuaren asmoa.

Hots, pintadak egiteko pintura erabiltzen denez, pintura debekatu; hau da, molestatzen didana ezabatu. Bihar zer? Zer debekatuko dute bihar? Traolak? Ile luzea? Sarera bideoak igotzea? Zer? Meme leloak debekatuta, memeloak lez.

Meme leloak