Hamaikagarrenean agidanez
Hamaikagarrenean agidanez
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamargarren legealdiarenak egin du, 2012-16 urteetako legealdia. Uste genuen legealdi berezia izango zela: López Lehendakariaren agintaldiaren ondoren zetorrelako, Ezker Abertzalea legeztatu berria (Sortu) zelako, EAJk eta EH Bilduk gehiengo zabala lortu zutelako, % 64a, 48 legebiltzarkide, Eskoziako erreferendumak eta Kataluniako independentisten garaipenak ilusioa piztu zutelako, eta krisia, krisi latza sufritzen genuelako. Borroka armaturik gabe, datu guztiek iradokitzen zuten agintaldi berezia izan zitekeela hamargarren legealdiarena. Usteak erdia ustel, ostera. Zer gertatu da?
Zapuzketa itzela gertatu da, zapuzketa X. legealdiak ekarri duena. Fagor kooperatiben ikur nagusiaren desagerpena, industriaren krisi ikaragarria, ArcelorMittal lantegien itxiera Sestaon eta Zumarragan azken adibideak, sektore publikoetan urterik urte murrizketak, etxe desjabetzeak, langabezia, prekarietatea eta pobreziaren hedapena. Gasteizko Legebiltzarrean egindako lanak ez du balio izan egoera hobetzeko.
Emakumeen kontrako biolentzia nardagarriak bere horretan dirau, matxismoa nagusi eta emakumeen bazterketak bere bidea. Herri harresiak Donostian, Ondarroan, Iruñean, Azpeitian, Gasteizen,… atxiloketak presoen aldeko elkarteen aurka. Presoen urrunketak eragindako errepide-istripuak. Presoekiko mendekua eta krudelkeria, batez ere, gaixo dauden presoenganako. Gazteriaren aurkako erasoak Kortxoenea itxi du.
Lau urteotan Euskal Herriko lurraldeen arteko kohesioa ahuldu egin da. Euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketak gero eta gehiago, gero eta sarriago; itxurakeriako hizkuntza politika eta aurrekontu-murrizketak, euskararen erabilera sustatzeko propaganda, alde batetik, eta, bestetik, erabilera eragozteko ekimenak.
Ez da urrats txikienerik egin euskararen normalizazio bidean adostasuna lortzeko. Lortu den apurra, berriz, Toki-Erakundeen Legean, Udal Legean, Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegira eraman du. Saiatzen naiz X. Legealdiaren alderdi positiboren bat bilatzen, benetan, baina ez dut ezer esanguratsurik aurkitzen.
Bien bitartean, lau urte hauetan ere, unionismoak azken hauteskundeak, Madrilgo Kongresua hautatzekoak, irabazi ditu Hegoaldean. Berriro ere irabazi ditu. Irabazi ditu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Katalunian. Espainiako Erresumaren lurralde-batasuna aldarrikatzen duten mota bateko edo besteko indar politiko unionistak indartzen ari dira. Unionismo mota desberdinen artean, estatu mailan unionismo gogorrenak, atzerakoienak, (PPk) irabazi du. Euskal Herrian, Hegoaldean, berriz, erabakitzeko eskubidea defendatzen duen unionismoak irabazi du. Elkarrekin Podemos deitutako elkargune politikoa indar politiko unionista baita.
Unionista horien ustez, Euskal Herriaren askatasuna Espainiako Konstituzioaren baitakoa da. Espainiako Estatura aldaketak ekarri nahi dituen unionismoak, Kataluniari eta, agian, bestelako erkidego autonomoei erabakitzen uztea proposatzen du, erabakiak har ditzaten erreferendum bidez. Hori da, unionismo demokratikoaren proposamena, Espainian hauteskundeak galdu dituen unionismoa, alegia.
Euskal Herrian izaera eta kolore guztietako unionismoak ezagutu ditugu, beltzak, urdinak, gorriak, laranjak eta orain morea. Ezagutu dugu unionismo klase asko: unionismo hiltzailea eta gerrazalea, unionismo autoritario eskuindarra, unionismo liberala, demokrata-kristaua eta sozial liberala, unionismo sozialista, sozialdemokrata, unionismo komunista, estalinista eta maoista eta, orain, unionismo demokratikoa, Ernesto Laclau (1935-2014) irakaslearen teoriei jarraitzen diena. Hori bai, unionista guzti-guztiak Espainiaren batasuna defendatzen dute, unionistak dira, alegia.
Independentzia nahi dugunok, aukeran, unionismo demokratikoa nahiago dugu, jakina. Nola ez. Azken buru, unionista demokratikoak erabakitzeko aukera aitortzeko prest daude, eurek Espainiaren lurralde batasuna aldarrikatu arren. Tamalez badakigu, beste aldetik, unionismo demokratiko horrek ez duela onartzen Kataluniak edo Euskal Herriak bere kasa erabiltzea erabakitzeko eskubidea. Haiek nahi dutena da, horrela esaten baitute, estatutik antolatzea Kataluniako eta, akaso, Euskadiko herritarrei galdetzea, ondo ulertu Euskadi, beraientzat, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa direla. Ez dituzte onartzen inolaz ere tokian tokiko herri-mugimenduak antolatutako herri-kontsultak, ez baitituzte onartu aukera izan dutenean, orain arte bederen. Unionistentzat, kasu honetan edozein unionistarentzat, ez dago nork bere alde erabakitzerik, haientzat alde bakarra dago, hori bai, estatuari eta soilik estatuari baitagokio. Alde batekotasuna: estatua.
Gaude, unionisten azken lubakia dela unionista demokratikoen aukera, erabakitzeko eskubidea nahi baina berdin-berdin jarraitzeko erresuma zapaltzailearen mendean. Euskal Herriaren alde borrokatzen dugunok lan itzela daukagu egiteko. Lan itzela azaltzeko egoera politikoa zertan den azaltzeko, bai, baina, batez ere, programa independentista zertan den ahalik ondoen esplikatzeko.
Hamargarren legealdia alferrik galdu dugu, hamaikagarren agidanez… Independentistok eta euskaltzaleok elkar gaitezen bestela euskararenak egin du, eta euskararekin batera Euskal Herriarena, jakina. Irailaren 25ean unionistak gailentzen badira, independentistek baino boto eta legebiltzarkide gehiago lortzen badute, askatasunaren bidean atzerapauso handia gerta daiteke, askatasunaren bidean eta eskubide politiko eta sozialen alorrean ere.