Gotzon Hermosillak “Raw Power” (Kafe Aleak)

Gotzon Hermosillak “Raw Power” (Kafe Aleak)

Gotzon Hermosillak "Raw Power" (Kafe Aleak)

.

Iggy Pop & The Stooges

“Raw Power” (Columbia, 1973)

.

Mehatxua. Arriskua. Seguru ez zaudela pentsatzea, edozein gauza gerta daitekeela sentitzea. Ez dakit rock’n’rollak entzulearen erosotasunari erasotzeko gaitasuna galdu ote duen, ala nik neuk, zahartzearen poderioz, sentsazio hori bilatzeko gaitasuna galdu dudan. Ez dakit. Kontua da gaur egun milaka talde on daudela, bikainak ere ez gutxi, baina gutxik lortzen dutela nigan arriskuan egotearen sentsazio hori ernatzea.

Eskorbutok hasieran ematen zituen kontzertu haiek ditut gogoan, eta lehenengo lerroetan geundenon artean sortzen zuten zirrara, urdailetik gora egiten zuen beldurraren kilika, mehatxuaren magia basatia. Geroztik, hainbatetan bilatu dut sentsazio hori, anfetamina lehenengo aldiz probatu duenak hasierako taupada hura berriro (eta alferrik) bilatzen duenaren grina bertsuaz. Topatu ere, topatu dut noiz edo noiz: The Crampseko Lux Interior soinu ekipoa birrintzen, Atari Teenage Riot Festimad jaialdian tentsioz beteriko emanaldia egiten, Naked City edo Throbbing Gristleren diskoak… Eta Iggy and the Stooges, jakina.

The Stooges, taldearen lehenengo diskoa, sinplea da, gordina, oinarrizkoa. Fun House, sei hilabete geroago jakaren poltsikoan aurkitu dugun tripi ahaztua jateak eragindako bidaia txar baten modukoa. Baina Raw Power… beste hariko ezpala da hori.

Gotzon Hermosillak "Raw Power" (Kafe Aleak)Historia ezaguna da. Iggy Pop eta James Williamson Londresera joan ziren 1972an, Bowiek gonbidatuta, Iguanaren karrera salbatu behar omen zuen diskoa grabatzera. Han, gustuko erritmo sailik topatu ez, eta Asheton anaiei berriro taldearekin bat egiteko gonbita bidali zieten. Esan eta egin. Irailaren 10ean hasi ziren lau taldekideak diskoa grabatzen, eta urriaren 6an amaitu zuten. Baina Raw Power urtebeteko atzerapenaz kaleratu zen. Ordurako, kontraturik, diskoetxerik eta etorkizunik gabeko taldea zen Iggy and the Stooges, Bowieren management enpresak kale gorrian utzi ostean, eta Pop eta Williamson heroinaren zurrunbilo eroan barrena labain eginak ziren ostera ere. Diskoaren porrot komertziala erabatekoa izan zen.

“Kalean dabilen lehoinabarra naiz, bihotza napalmez beterik daramadala. Munduak ahantzitako mutikoa naiz; bilatu eta suntsitu egiten duen horixe” (Search And Destroy). Horrela hasten da diskoa, eta horrela laburbiltzen da bere mezua: munduak ahantzi zaituela sentitzea, napalm bola baten antzo erraiak erretzen dizkizun amorrua, dena suntsitzeko gogoa. Eromena, desesperazioa, gorrotoa. Tristezia. Mehatxua (Gimme Danger).

Ez dut uste diskoaren garrantzi historikoaz luzatzea merezi duenik, rockaren historialariek esan beharreko guztia esan dutelako dagoeneko: 60ko hamarkadaren hippismoa behin betiko akabatu zuen diskoa, punkaren aurrekaria, rock’n’rolla bibrazio txarrak bideratzeko tresna ere izan daitekeela frogatu zuen lana… Hori guztia egia da, bai, baina badago hori baino kontu garrantzitsuagorik: grabatu zenetik berrogei urte igaro badira ere, oraindik mehatxua atzematen dela Iggyren oihu eroetan, Williamsonen riff hiltzaileetan, bozgorailuetatik ateratzen den anabasa pozoitsuan. Neuk, behintzat, milaka aldiz entzun dudan arren, oraindik ere hotzikarak sentitzen ditut taberna batera sartu eta Raw Power diskoko abestiren bat entzuten dudanean. Mehatxua. Arriskua.

.

Gotzon Hermosilla (Barakaldo, 1966) Izu Giroa fanzinearen argitaratzailea

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek
Gotzon Hermosillak / Gotzon Hermosillak / Gotzon Hermosillak