Zu kaiku(a) al zara?
Zu kaiku(a) al zara?
Hitz jokoen erabilera erabat zilegia da publizitatean. Are gehiago, kontsumitzaileak erakartzeko modua izan daiteke askotan. Baina Kaiku enpresaren hitz jokoa, iraingarri samarra iruditu dakioke euskaraz ulertzen duenari. Azken kanpainak honako galdera luzatzen du “Kaiku zara?”. Eta erantzuna baiezkoa dela dirudi. Batean eta bestean “Ni kaiku naiz!” edo “Gu kaiku gara!” irakurri baitaiteke.
Noiz utziko diote euskarazko kanpainak gazteleraz pentsatzeari? Gutxienez itzulpen duinagoak egin beharko lituzkete, euskaldunak ez baikara kaikuak…
Irudia | Ni kaiku(a) naiz | Joxe | Creative Commons By SA
Ikusi dudanean, zeharo xelebrea begitandu zait niri ere. Baina gero hartaratuta, ez dagoela gaizki ere erabaki dut. Gurean oso normala da entzutea, esaterako, poteo garaian, “Hi zer haiz?”. “Ni, zuritoa”. Zuritoa eskatu duela, alegia, eta ez beltza, errobera edo mustioa.
Dudarik gabe, algara handiagoa aterako lidake “Ni Kaikua naiz” irakurrita. Baina tira, gehiegi eskatzea da hori.
Nik ez nuke kaikuak ez direnik esango, aurreko udaberrian Kaiku eta Iparlat-ek egin zituzten negoziazioak ikusita.
Sustatun ere euskaldunak kaikuak garen, Kaiku garen… eztabaidan: http://sustatu.com/1263401464
Baten bati xelebrea begitandu zaio esaldia.Hala ere, inor ez da ohartu “ilea hartzea” gaztelania garbia dela. “Bertzeren buruko zorria ikusi….”
Adarra jo
Harpa…
burla egin…
isekatu, iseka egin…
burlatu, musikatu, eskarnio egin, trufa egin…
ihakinztatu, nausatu (Ziberoan) eta futitu eta trufatu (Iparraldean)…
Felix arrazoi duzu. Erdarakada zuzenduta dago jada. Mila esker!
Barkatu Fran, baina harpa jotzea, hankatartekoak igurtzitzea da, hau da probetxuzko deus ez egitea (nork dio hankatartekoak ukitzea ez dala probetxuzkoa?)
@gari:
Nahasten ari zarela uste dut, harpa jotzea adarra jotzea da, trufa egitea: http://intza.armiarma.com/cgi-bin/bilatu2.pl?kodea=el05066
Hankartekoak igurtzitzea, “kanpaia jotzea” dela esango nuke, baita “idiarena jotzea” ere, besteak beste: http://intza.armiarma.com/kon/sexua.htm
Eta alferkerian ibiltzea, “artajorran aritzea”: http://intza.armiarma.com/cgi-bin/bilatu2.pl?kodea=el04872
Bai Gari arrazoi duzu; eta adarra jotzea abere baten buru gaineko luzakin hustua hartu eta haizea botata soinua ateratzea da. Jajaja
Anjel Lertxundiren “Hitz beste” zutabean:
http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-01-16/005/008/Kaiku.htm
[…] harrotu zituen. Eztabaidak piztu ziren eta gustu guztietarako iritziak entzun ahal izan ziren. Hemen bertan kanpaina hura mintzagai izan genuen. Baita Atoan blogean edota Sustatun ere. Anjel […]