Astelehenetik FM 98.3 dialean emitituko du Euskalerria irratiak

Astelehenetik FM 98.3 dialean emitituko du Euskalerria irratiak

Euskalerria irratiko lagunak pozik ziren atzo, astelehenetik aitzina legezkotasunez eta frekuentzia propioarekin emititzen hasiko direla-eta. Biba zuek!

Egun handia da Euskalerria Irratia osatzen dugunontzat, 28 urte baitaramatzagu une honen zain, edo une honetara iristeko lanean.

Egun handia da Iruñerriko euskaldunentzat, behingoz euskarazko irratia entzuterik izanen baitute, arazo teknikorik gabe, traba administratiborik gabe, azpikeria politikorik gabe.

Eta egun handia da, oro har, Iruñerrian bazterketarik eza, berdintasuna, bizikidetza maite dutenentzat.

Astelehenetik FM 98.3 dialean emitituko du Euskalerria irratiak

Astelehenean hasiko da Eukalerria irratia FMko 98.3 frekuentzian emititzen. Legezkotasun, indar eta kalitate osoz. “Egun handia da Euskalerria Irratia osatzen dugunontzat, 28 urte baitaramatzagu une honen zain, edo une honetara iristeko lanean”, adierazi du Mikel Bujanda irratiko zuzendariak. Era berean irratiko langileentzat egun handia da Iruñerriko euskaldunentzat ere, behingoz euskarazko irratia entzuterik izanen baitute, “arazo teknikorik gabe, traba administratiborik gabe eta azpikeria politikorik gabe”. Egun handia da Iruñerriko euskaltzaleentzat, euskara jakin gabe ere herri honetako hizkuntza propio hau maite eta bultzatu nahi dutenentzat: “Eta egun handia da, oro har, Iruñerrian bazterketarik eza, berdintasuna eta bizikidetza maite dutenentzat”.

Guztioi zorionak eta eskerrik asko. Hau guztion artean lortu baitugu.Eskerrik asko gure akziodunei, Euskalerria Irratia Elkarteko 1.000 bazkideei, gure ehunka iragarle fidelei, gure programazioan kolaboratzen duten 200 lagunei. Ezin lagun guztiak banan-banan aipatu. Eskerrik asko euskaldun, euskaltzale, bizikidetza zale guztiei. “Mugarri batean gaude, bide berri bat hasi behar dugu, baina oso argi dugu bide horretan bidelagun nahi zaituztegula, zuek baitzarete irrati honen egiazko altxorra”, nabarmendu du Euskalerria irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakastak. “Orain lortu dugun lizentzia baino are garrantzitsuagoa da zuen guztion baimena”.

.

Zergatik orain?

98an abiaturiko prozesu luzea burutzeko, abuztuan jakinarazi zuten kontratazio mahaiak guri emanen zigula lizentzia. Nahi baino gehiago atzeratu da frekuentzia berria estreinatzeko unea.

Guk berehala bideratu genituen kontu tekniko guztiak, baina beste behin ere euskarazko komunikazioaren gurpilean makila sartu duelako. Opus Deiko unibertsitateak epaileei prozesua behin-behinean bertan behera uzteko eskatu zien. Baina azkenean amore eman behar izan du. Berriki amore eman du. Eta heldu da frekuentzia aldaketa egiteko unea. Behingoz, Iruñerriko euskaldun guztiengana behar bezalako indarrarekin eta kalitatearekin iritsiko da gure seinalea.

Ezkaba menditik emitituko dugu. Nasertic enpresa publikoaren bidez. Tresneria berritu eta egokitu egin dugu horretarako. Ahalegin ekonomiko handia eskatu digu horrek. Baina aurre egin ahal izan diogu, gure bazkideen eta iragarleen sostenguari esker.

Eta aipatzekoa da, halaber, lizentziak behingoz zenbait ate zabaltzen lagundu digula. Erakundeekin harremana normalizatzeko aukera eman digula.

.

Irratiaren iragana

Izan ere, anormaltasunean bizi izan gara. Mugarri hau ospatzen ari garelarik, ezin iragana ahaztu:

  • 28 urtez Euskalerria Irratiak ez du lizentziarik izan.
  • Emititzeko baimena ukatu diote irregularki, irregulartasunen bidez, epaileek behin eta berriz ebatzi dutenez.
  • Euskalerria Irratia bezalako irrati txiki batek Nafarroako Gobernua bezalako erakunde handi batekin lehiatu behar izan du auzitegietan, horrek dakarren gainzamekin: lana, dirua…
  • Euskalerria Irratiak dirutza galdu du, diru laguntzetan, publizitate instituzionalean, bestelako publizitatean.
  • Euskalerria Irratiak urteetan bermerik gabe, ziurtasunik gabe egin behar izan dio aurre bere etorkizunari.
  • Iruñerriko euskaldunek ezin izan dute irratia euskaraz entzun, legezkotasun, indar, berme osoz.

Hau da: hizkuntza gutxitu batean lehiatu gara hizkuntza hegemonikoan diharduten irratiekin, eta gainera lizentziarik ezak eta bere ondorio ugariek zamaturik.

Irratiaren etorkizuna

Iragana atzean uzteko unea da, etorkizunari so egitekoa. Bide berriak ibiliko ditugu, gure komunitatea bidelagun dugula. Gainzamarik gabe. Lizentziak ematen digun segurtasunarekin. Iruñerriko euskaldunei ahalik eta zerbitzurik onena eskaini nahian.

Iaz Iruñerriko Euskaldunon Agerkaria sortu genuen, euskalerriairratia.eus webgunea.

Aurten zenbait eduki bideo-streaming bidez ematen hasi gara. Eta halaxe eskainiko dugu, irratiz, frekuentzia berrian, eta bideo-streaming bidez gure webgunean, FM 98.3 estreinatzeko prestatu dugun programazio berezia.

Astelehenetik FM 98.3 dialean emitituko du Euskalerria irratiak / Astelehenetik FM 98.3 dialean emitituko du Euskalerria irratiak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.