Las leyes que el vencedor impone al vencido

Las leyes que el vencedor impone al vencido

EH Bilduk proposamen bat aurkeztu zuen Legebiltzarrean joan den astean, Hezkuntza ez unibertsitarioan hizkuntzen trataerari buruzkoa hain zuzen.

Legebiltzarreko Mahaiak ez zuen proposamena onartu… euskara hutsez zegoelako! Legebiltzarkideek duten euskaraz lan egiteko eskubidea urratuz, lotsa barik.

Las leyes que el vencedor impone al vencidoPP eta PSOE agertu dira ekimena tramitatzearen aurka, ez dutelako proposamena erdaraz jaso. Unionisten ezezkoak ez zuen ondorio txarrik izango, EAJ-k tramitazioaren alde bozkatu izan balu, baina tamalez, EAJ-k Salomonenak egitea erabaki du beste behin ere, “alde batekoen” eta “bestekoen” artean “neutral” agertze aldera edo.

EAJ-k ondo daki nork agintzen duen hemen, eta badaki ugazabekin ondo konpondu nahi badu, makurtu beharra daukala zenbait auzitan, lehenetan lehena, hizkuntzarenean.

Bestalde, erdara hutsez aurkeztu ohi diren testuak, normaltasun osoz onartu ohi ditu Legebiltzarreko Mahaiak. Hizkuntzaren inposaketa da, “Las leies que el vencedor impone al vencido” horietako bat, duela 500 urte Nebrija hizkuntzalariak Espainiako errege katolikoei iradoki bezala. Euskaldunez ari zen besteak beste, orduko hartan ere.

Unionisten jokabideak ez gaitu harritzen. Ezagutzen ditugu. Lehengo lepotik burua dihardute, Nebrijaren, errege katolikoen, Borboitarren, Primo de Rivera eta Francoren enborreko ezpalak dira.

EAJren jokabideak ere ez gaitu harritzen. Lotsarazten eta amorrarazten gaitu, hori bai.

Harritzen gaituena da, EHBilduko ordezkari askoren jokabideak. Euren taldekide asko eta asko, Legebiltzarrean, Baztanen eta UEMAko beste herri askotan, zapalduak eta umiliatuak diren bitartean, espainierari lehentasuna ematen jarraitzen duten horiena.

Ez dute zainetan odolik?

Las leyes que el vencedor impone al vencido

53 pentsamendu “Las leyes que el vencedor impone al vencido”-ri buruz

  • Kritika hontan ere EHBilduri? Ai ama.
    Ulergarria EAJrena? Ba niretzako ez, egiten dituzten gauz asko bezala, are ulergaitzago bere burua abertzale ta euskaltzale dutenen bozkak jasotzea.
    Zuk aipatutako EHBilduko hoiek, euskaraz bizitzen galarazten digute? Euskararen aldeko lege proposamenen aurka egiten dute? Ez.

    Baina kritika oraingoan ere EHBildurentzako, hobekien kudeatu zutenentzako, baita euskararen arloan ere.
    “Oso ondo”

  • Irakurri ondo testua, Sugaar. Uste dut ez duzula ondo ulertu.

  • Badakizu zer gertatzen den, suagaar? EHBilduren barnean ezker abertzalea dagoela, eta Itzain ezagutzen dugunok, badakigu ezker abertzalearenganako duen fijazio, amorru eta ezinikusia. Beraz, ezin testu bat idatzi ezker abertzaleari kritika egin gabe, nahiz eta kasu honetan bikain jokatu.

  • Uste dut batzuek ez dakizuela ezker abertzaleari egiten zaion kritikarik txikiena ere onartzen.
    Testua arreta pixka batekin irakurtzen baduzue, ikusiko duzue kritika gogorra egiten zaiela PP, PSOE eta EAJri, eta azkenik, EH Bildun espainierari lehentasuna ematen diotenei. Ez EH Bilduri berari.
    Dena den, EH Bilduko kide destakatu horiei egin diedan kritika oinarri gabea bada, halakorik ez bada gertatzen, EHBilduko hautetsi askok espainierari lehentasuna ematen ez badiote, zergatik ez duzue hori salatzen?
    Gezurra bada, esazue gezurra dela.
    Antzeko zeozer egin zuen Maialen Lujanbiok ere duela aste batzuk, gisa honetako erantzunik jaso gabe, noski. Gogoratzen?
    http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/faktoria/audioak/osoa/4040350/maialen-lujanbio-gai-librea-euskadi-irratia/

    • Oso ondo ulertu dut, erran du besteak egiten dutena ta gero ez dela harritzekoa, bai ordez Bildurena ,ez?

      Ulertuta, zeintzuk dira batzuen ta besteen euskara planak? Ta jarrareak euskararekiko? Nortzuk galarazi nahi zuten (ta lortu ere) Donostiako euskal kontseiluetan (adibide txikia jartzeagatik) gazteleradun elebakarrak egon ez zitezen? Bildu, ta nortzuk boterea eskuratu bezain pronto aldatu dute hori erdaldun elebakarrak euskal kontseiluan sartuz?EAJ ta PSEk.

      Kritika ez dela onartzen? Nik kirtikatzen dut ezker abertzalea, ez daukat inolako arazorik gaizki egiten dutenean edo zerbait lotsagarri egin dutenean txio bidez errateko beraiei zuzenean, edo iruzkinatuz, edo lagunekin nagoenean…

      Hemen bertan Zuzeun idatzi zuten artikulu bat Bilduren jarrera Nafarroako hainbat udaletan kritikatuz (buruz ari naiz) ta ondo egina kritika.

      Idazkiarena? Zer da erratea Bilduko batzuek euskararekiko duten jarrera? Bilduko nortzuk? Zenbat? Zer egin dute? Kritikatzen da batzuen jarduna tweterren euskara gutxi erabiltzeagatik ta? Euskararen alde egotea, nahi duena erabili dezala erratea, derrigorra izan behar dela ikastea ta hortarako proposamenak egin….. Ez du erran nahi pertsona hori euskaraz bizi nahi duenik, erran nahi du bi hizkuntzak gutxienez errespetatzen dituztela.

      Ta diglosia, estresa… guztientzako da, ta jada bizitzen dezun lekuaren arabera, nekez erabili ahalko dezu euskara aldiro ta jende andanarekin.

      Zuk bai ez duzula inolako kritikarik onartzen EAJri buruz, nik uste dudan Iltzain baldin bazera, ta nago baietz zarela.

      Ongi izan.

  • Gertatzen dena da, “iupi” ezagutzen dugunok badakigula bera dela espainierari erabateko lehentasuna ematen dien Sortukide horietako bat. Horregatik emango zion min Itzainen kritikak.

  • Artikulu ona. Eta bukaerakoarekin ere erabat ados!!

    Autokritikak onartu egin behar dirala neska-mutillak!!!

  • Nik ez dakit nor zaren, Itzain, baina interes handiz jarraitzen ditut zure idazkiak hemen, Zuzeun. Esan behar dizut nik ere ikusten dudala EH Bildun badagoela zer hobetu eta zer kritikatu euskararen gaian. Aldarrikapenetatik harago, eguneroko praktikan batez ere, koherentzia eta sendotasun handiagoa eskatuko nieke EH Bilduko kargudunei. Ildo horretan kritika egitea oso positiboa izan daiteke, ondo zaintzen bada kritika hori nola, zer bidetatik eta, batez ere, zer testuingurutan egin. Zeren eta zuk egin duzun kritika balekotzat eta ontzat jotzeko modukoa ere izango bailitzateke, baldin eta EH Bilduren euskara hutsezko proposamen baztertuaren harira egin ez bazenu. Arras perbertsoa iruditu zait, eta negargarria, testuinguru hori, non EH Bilduk bakarrik defendatu duen proposamen bat euskara hutsez aurkezteko eskubidea, zer-eta EH Bilduren hizkuntza jarrera salatzeko! Gainera, PSOE, PP eta EAJri kritika gogorra egiten zaiela diozun arren, denok dakigu iritzi zutabe baten funtsa, oinarria, errematea dela, azken hitzak (bertsoetan ere, halatsu), non gupidarik gabe zafratzen duzun EH Bildu. Hots, zutabe osoa eraiki duzu azkenerako erremate horren gainean: hor dago zure ideiaren funtsa, mamia, intentzionalitatea. Konparazio muturreko bat egin beharko banu, esango nuke egin duzuna dela Idomenira joan eta han, mixeriaren erdian, goseak akabatzen dauden haur errefuxatuei baratzeetan barazkiak lapurtzen ibiltzea aurpegiratu.
    Oso-oso itsusia, benetan.

  • “zer-eta EH Bilduren hizkuntza jarrera salatzeko ERABILTZEA!”, esan nahi nuen (agudoegi idaztearen ondorioak).

  • Idatzitako kritika bere osotasunean irakurri behar da. Eta kritikari kritika ere, hala egin behar zaiola iruditzen zait. Bestalde, kritika egitean, idatzi denari egin behar litzaioke kritika, eta ez idatzi ez denari.
    Nik ez diot EH Bilduri kritikarik egin, EH Bildun espainierari lehentasuna ematen jarraitzen dutenei baino. Hitzez hitz: “Harritzen gaituena da, EHBilduko ordezkari askoren jokabideak. Euren taldekide asko eta asko, Legebiltzarrean, Baztanen eta UEMAko beste herri askotan, zapalduak eta umiliatuak diren bitartean, espainierari lehentasuna ematen jarraitzen duten horiena.”
    Iruditzen zait gainera, azken horiek PPk edo PSOEk edota enparauek baino kalte handiagoa egiten digutela.

    • Bilduren jarrera PSE, PP ta EAJrenak baino kalte haundiagoa egiten duela?
      Zer egiten du kalte gehiago, zuk zerbait ez erabiltzea edo besteei erabiltzea galaraztea? Zuretzako bigarrena, ezker abertzaleari diozun gorrotoa sumatzen zaizu, ta horrela zaila da kritikak onak ta zentzudunak izatea.

      • Ez diot gorrotorik EH Bilduri. Aldiz, iruditzen zait ez zaretela gauza kritikarik dokumentatuena ere irensteko. Zerk egiten digu kalte handiagoa?
        Legebiltzarrean idatzi hori atzera bota izana euskaraz zegoelako?
        Ala ordezkari abertzaleak españolez jardutea Legebiltzarreko plenoetan?
        Nik argi daukat.

        • Kritika dokumentatuena? Ba ez da zurea izango.
          Ez dezu erantzun, zer da txarragoa? Bilduk gaur egun (gehiago ezker abertzalekoak) euskara gehien erabiltzen diranak dira ta alde askorekin ez dut erraten EAJn batzuk euskara erabiltzen ez dutenik, baia gehien erabiltzen dituzten politikariak ez dira zure EAJrenak.

          Beraz ze kritika? Ze jarrera?

          Berriro, zer da okerrena euskararen kontra legeak ateratzea edo kolonizatua zaudenez gaztelera gehiago erabiltzea euskara jakinda?

          Kritika? Ba Matute zenun kritikatzeko euskara ez dakiela ta ikasi ez duela, ta hori bai arbuiagarria dela.

          Baina zuk erranda, Bilduko batzuek dituzten….

          Ba EAJ, PSE ta PPko gehiengo osoa duten jarrera da hori, ez batzuena.

          • Matute ez da ba EH Bildukoa?
            Eta EAJ “nirea”… ai ama!
            Segi bizkor, Suagar.

          • Matute erran dizute EHBildukoa dala ta euskararik ez dakiela, ta hori gaizki dagoela, ta?
            Artikulua idatzi dezun modun ez dago nundik hartzerik.
            Ta lotsagarria izanik, bera ez du (Bildun behintzat) , euskararen aldeko ezer oztopatu.

            Artikulua kritikatu dut idatzita dagoen modun aditzera ematen dezuna erru gutxien dutenei egozten diezulako (errua dute ere), ta gainera EQUOrekin aurkeztu bazara, nago postureoan zabiltzala batik bat, agian erratua nago baina hori iruditzen zait.

        • Alderditako hooliganekin eztabaidatzen alperrik ari haiz Itzain.

  • Ba iepa, ez dakit nola ezagutzen nauzun, kasu honetan ez duzulako nire deskribapenarekin asmatu… Bilatzen jarraitu beharko duzu 😉

    Ta Itzain, aizu, ez da ezer gertatzen. Zure testu asko ezker abertzalea jipoitzeko dira. Iruditzen zaizu euskararen egoera hobetzeko hobea dela EHBildu edo ezker abertzalea epelak edo postureoaren zale direla salatzea, PP, PSOE edo EAJk egiten dutena baino. Bakoitzak ildo bat aukeratzen du lan egiteko, ta zure hori da… Animo ta ea emaitza onak ematen dizkizun. Baina hori bai, gero ez saiatu hori horrela ez dela esaten… Iruzkinetako askok inpresio hori hartu badugu testu honetatik (ta ez zen zure asmoa), hiru aukera daude: edo iruzkingileon ulertzeko ahalmena ez da oso handia, edo gaizki azaldu duzu, edo zure fijazioa nahi gabe atera da.

  • Baina benetan uste duzu, Itzain, Legebiltzarrean EH Bilduk euskara hutsez egin eta beste alderdiek era lotsagarrian atzera botatako proposamen hori dela EH Bilduko “ordezkari askoren jokabidea” salatzeko testuinguru aproposa? Berriz galdetzen dizut: benetan?

      • Esango dizut zergatik.
        Argi daukat PP-PSOE-IU-Equo eta ziurrenik Podemos ere, espainiera inposatzearen aldekoak eta euskara gehiago batzuek ala gutxiago besteek baztertzearen aldekoak direla.
        Argi daukat, EAJn euskaltzale koherenteak oso gutxiengoan daudela, egon badauen arren, eta EAJ-k unionisten itzala bilatzen duela ia denean, baita euskararen auzian ere sarri.
        Argi daukat alderdien artean EH Bildu dela euskararen alde gehien egiten duena, baina argi daukat ere, euskaltzale koherenteak gutxiengoa direla EH Bildun ere, eta bere ordezkariek edota bere hedabideek espainierari erabateko lehentasuna ematen diotenean, hori aurrekoen eraso guztiak baino kaltegarriagoa gertatzen zaigula.

  • Eskerrik asko, iupi. Saiatuko naiz.
    Dena den, eskertuko nizuke nire testuak arreta pixka batekin irakurtzea, eta bertan gezurrik edo datu okerrik aurkituz gero, aizu, erantzun eta kitto, ezta?

  • Ona artikulua. Sorturiko eztabaida, negargarria. Partidismo antzua, noizko euskararen partidua? Partiduek noiz arte baliatuko dute euskara diskurtso gisa? Berandu gabiltza eta hola eztabaidatu behar? “Lainopean bezala galduak gabiltza”

  • Hara, Beñat-iupi-Ezdulert.
    Equoren zerrendan joan nintzen,
    1. Gogoak eman zidalako.
    2. Ikusi nuenean gai honetan eta beste batzuetan Equoren benetako jarrera zein zen, utzi egin nuen.
    Ulertzen duzu orain?

  • Ok, Itzain. Jarrera horrekin erakusten duzuna zera da: euskara, euskararen normalizazioa eta hori guztia ez zaizula fitsik inporta; alegia, euskararena aitzakia hutsa dela (“arma arrojadiza” esaten diote gaztelaniaz) zuk ezin ikusi dituzun batzuk -EH Bildukoak, zehazki- egurtzeko eta haien kontraesanetan zirika ibiltzeko, ustezko jarrera euskaltzale puru eta aratz baten talaiatik begira, betiere.
    Gure amandre defuntuak esaten zuen bezala: “halakoengandik urrrrruuuuunnn, urrunnnnnn…..”.

  • Segi (ba) bizkor, Belatz…

  • Ez dakit nor diren beñat eta EzDulert horiek. Ez jarri neri beste (ez)izenik

  • Kasualitatea izango da, baina IP eta eposta helbide berbera daukazue “hirurok”…

    • Horrek ez die arrazoia kentzen.
      EH bilduko batzuen jarrera kritikatzeko nahikoa arrazoi dituzula? ados. Ni ere ados nago jarrera batzuk kritikatzean, baina testuinguru egokia ez duzula erabili argi geratu da. Eman duzun azalpenak ez dio zuri egin zaizun kritikaren muinari erantzuten nire ustez. Batzuk kritikak jasotzeko zailtasunak dituzte…. batzuk bakarrik ez, antza.

  • Pat Garrett 2016-05-27 21:13

    Lau katu euskaldunen alderdia behar dugu!

  • Zure asmoa bazen azaltzea Eh bildu izan behar dela euskararen aldeko borrokan abanguardia, eta horretan bere jarrarera ez eredugarriak direla hain zuzen ere borroka horretan kalterik handiena eragiten dutela, niri ere ez zaitu iruditzen idatzi duzun testua denik hori azaltzeko modurik zuzenena. Zure komentarioa irakurri ezean ez nintzateke konklusio horretara sekula iritsiko. Beraz, animatzen zaitut asmo hori egoki azalduko lukeen testu berri bat idaztera, eta bertan eztabaidatuko nuke gustora zurekin kasuistika hori. Baina, sarrera honetan, iruditzen zait eztabaidatu beharrekoa dela euskara hutsezko ekimenei nola kentzen dien zilegitasuna euskal alderdi politiko batzuek, eta erdara hutsezkoei berriz hauspoa eman.

  • Bide batez eskertu nahi nizuke zuzeun argitaratzen dituzun sarrerak. Gustora irakurtzen ditut eta eztabaidarako tarte ederra irekitzen duzu. Euskarak behar duena hain zuzen.

  • Ez dut uste EH Bilduk izan behar duenik euskararen adeko borrokaren abangoardia (abangoardia aski izan dugula uste dut), defakto, hala gertatzen bada ere.
    EH Bildu da euskararen alde garbi diharduen alderdi bakarra, baina sekulako hurtsune eta kontraesanak ageri ditu. Lujanbiok adierazi zuen neuk baino askoz hobeto.
    EAJ-k bestalde, euskararen erabilera interesatua eta puntuala besterik ez du egiten, eta garatzen ari den hizkuntza politika azalekoa bezain antzua da. Gainera, gizarte-ekimenak abiarazitako ekimenak bere politikaren parte balira legez aurkezten ditu, eta horiek sustatzera bideratzen dituen diru publikoak, herritar gehienon (aberatsenak ez) diruak, erabiltzen ditu eurenak balira bezala.
    Berba batean, EAJren hizkuntz politika ankerra iruditzen zait. Uste dut garatzen ari den politikikak euskara desagertzera daramala, baina anestesia dosi egokia emanda, hiltzen ari den gaixoari morfina eman eta “lasai laztana, osatuko zara” esanez bezala.
    Hor dabil bolo-bolo “Eta hemendik aurrera zer?” txosten tristea ere, apenas erantzunik jaso ez duen proposamen zehatzik gabeko “hizkuntza politika marko” berria, euskalgintzako hainbat eragileren sostengu arrigarriarekin…
    .
    Baina EHBildurena ere, sarritan okerra eta kaltegarria iruditzen zait, asmo onez egina bada ere. Eta arazorik handiena da, alor honetan konpetentziarik ez daukanez, ez duela jasotzen beste eragileen aldetik inongo kritikarik.
    Ez dago eztabaidarik. Ez dago kontrasterik, EH Bildu baita euskararen alde benetan zeozer (gutxi? asko?) egiten duen ia bakarra.
    Adibidez: Otegik duen itzala izanda, espainierari lehentasuna (sarri erabatekoa) ematea, mortala iruditzen zait euskaldunontzat. Berak bezala, beste hautetsi ASKOK ere, espainierari ematen diote lehentasun osoa, espainieraren erabilera legitimatuz, ezin “gureago” bilakaraziz eta ondorioz, euskararen erabilera eremu sinbolikora baztertuz.
    GARArena iruditzen zait aipatu beharreko beste adibide triste bat. Ezker abertzalearen hedabide-ikur denak, espainieraren legitimazio eta aldarrikapen ariketa ikaragarri indartsua egiten du egunero-egunero. Espainiera bakarrik ez. Astero-edo, frantsesez idatzitako orrialde oso bat eskaintzen digu, “eraikuntza nazionalaren” mesedetan.
    Nahiz eta irakurle gehienak euskaldunak dituen, euskara apaingarri da Garan, konzientzia txarra arintzeko edo, astero Gaur zortzi kaleratzen badu ere.
    Garak eta ezker abertzaleko sektore zabalek esaten digutena da, esplizituki gainera, “Euskal Herrian hiru hizkuntza dauzkagula”. Eta bai, egia da, baina ahaztu egiten zaie esatea horietako bi inposatu eta inposatzen zaizkigula: “las leies que el vencedor pone al vencido” direla. Laster batean piper potoa eta Frantziako bandera salduko dizkigute “gure” bezala. Zergatik ez?
    Esan nahi dudana da, ezker abertzalea eta EH Bildu izani alderdirik euskaltzaleenak alde handiz, españolez dihardute nagusiki, eta españolez eraikitzen ari dira bere “Euskal Herrirako” egitasmoa, bere baitako militante asko gogoz ahalegintzen diren arren bestela izan dadin.

    EAJ-n txistuaren edo txapelaren mailako fetitxe da euskara.
    Unionistentzat sekulako pagotxa. Gure ezintasun eta borondate falta orokorrari esker.
    Baina Lujanbiok zioen bezala, (ezker abertzalean) euskara traba eta estorbu da tamalez… noiz arte? Emango dio buelta?

  • Ezker abertzalearengatik izango balitz ez litzateke euskal hezkuntza sistemarik existituko eta ez lirateke ikastolak ez jaio eta garatuko. Hezkuntza publilkoan lan egiten dut eta ezker abertzaleko kideak etortzen zaizkidanean EAJren kontra esaten diet eta egia eztabaidaezina da: “EAJrengatik ezpalitz ez ginateke instituto hontan egongo euskaraz mintzatzen”. EAJren jendearen aleginak sortu zituen ikastolak eta euskal komunitatean dugun hezkuntza publiko euskalduna. Gero beste gauza da mobidak montatzea eta itxurak egitea. Horretan ezker abertzalea txapelduna dudarik gabe. Ez dut ukatzen ezker abertzaleko jende asko euskararen militantea denik baina ezker abertzalearen modu papanatikoek askotan euskarari mesede baino kalte egiten diote.

  • Nire ustez larunbateko BERRIAn agertutako Jose Mari Pastorren kritika askoz orekatuagoa da: http://www.berria.eus/paperekoa/1839/010/001/2016-05-28/extremaduran_euskaraz.htm

    • “Espetxetik irten eta gero Arnaldo Otegik Anoetan egindako agerraldian, zein izan zen hizkuntza nagusia? Erraza da besteek egiten dutena arbuiatzea, baina zer egin gutarrek, praxian, antzera jokatzen dutenean? Oso jende gutxik kritikatu zuen ozenki orduan euskarari emandako tratamendua. Gauden garaietan gaudela, eta batez ere hauteskunde bezperan, kontuz: erdal belarriak gozatu behar ditugu, sentsibilitate handiz konposatzen ari garen sinfoniarantz hurbil daitezen.
      Erdara da nagusi gure gizartean; erdara da nagusi gure politikan. Gure ordezkari politikoek Twitter sare sozialean zein hizkuntza erabiltzen duten ikusi besterik ez dago, esaterako. Kasu batzuetan datuak negargarriak dira, batez ere abertzaleen artean.”

      Josemari Pastorrek ere, begitan hartuta ote dauka ezker abertzalea? Ene, ene…

      • Orekatuagoa dela esan du Itzain. Eta hori esatean pentsatzen dut zati ere kontuan hartuta egingo zuela.

        Ez dizute esan ezker abertzaleari kritikarik ez egiteko. Soilik, iritzi zaio kritika hori ez duzula testuinguru egokian egin. Euskara hutsezko proposamen bat arbuiatu dela eta fokoa okerreko lekuan jarri duzula soilik.

        Norbaiten kontradikzioak ageriko uztea nahi baduzu, ez hasi argumentazio norbait horren praktika on bat azaltzen, … Bestela irakurlea nahastu egin daiteke. Ni bai behintzat.

        Niri interesatzen zaidana da jakitea zergatik abstenitu zen pnv. Interes hau zute idatzitik piztu zait. Ezker abertzalearen ajeez beste batean.

  • Eta benetan harrigarria egiten zait osakidetza euskalduntzea zeharo oztapatzeko PPren ekimena eztabaidatu zen egunean Jon Azkue PSOEkoak ondokoa esan eta kritika zorrotz eta gordin bat ere ez entzun ez izanak (neuk behintzat ez dut entzun):
    “Vivir en euskara no es un derecho fundamental y básico, sino una opción estrictamente personal” (Jon Azkue, PSOEko legebiltzarkidea Gasteizen)

    • PSOEren ohiko jarrera da hori. Mendiak berak oso antzeko zerbait esan zuen duela hilabete batzuk. Unionistek ez, jakina, baina abertzaleek ere EZ zioten erantzun.
      Ez JELtzale epelek, ez EHBildutar suharrek ere.
      Alderdi abertzaleen jarreraren eta koherentziaren beste adibide bat, esan baldin badaiteke.
      Kalifikazioa norberak jar dezala.

  • Aurreko baten, ntb-ko mahainguruan, PPko ordezkariak esaten zien ordezkari abertzaleei-eta, haurreskolen aferaren harira, haurrak eskolatu nahi zituztela erabiltzen ez den hizkuntza bateko ikastereduan. “Sí que se usa”, “sí que se usa”, erantzun zioten, motz.
    Ez zitzaion arrazoirik falta PPkoari.

  • Itzainekin nago ni: eredu izan behar duena ez bada, oso txarto gabiltza.gure etxean gaztetxoei zuzendutako euskaldun izatearen harrotasunaren mantrak dagoeneko ez du funtzionatzen, porrotaren zeinu argien aurrean: etbren desastrea, arnasguneen nekea, abertzaleen plantak…Ez dakit konturatzen diren tamainako atakan gabiltzala.

    • Peru Dulantz 2016-05-31 09:08

      Itzainek askotak kritikatu du “eredu izan behar lukeen hori” (baina asko-askotan, e!), eta ez dut uste inoiz izan duenik horrelako erantzunik, denok baitakigu zer kritikatu asko daukala. Baina oraingoan bere kritika lekuz kanpo zegoela esango nuke: “eredu izan behar lukeen horrek” ondo jokatu duen bakarra izan den gertakari bat hartu eta, amaieran (konklusioan) “con calzador” bada ere, to!, berriz ere egurra “eredu izan behar lukeen horri”, horrexek piztu du hemen batzuon kritika.

  • Damutzen bada, hormaratuko ote duzuen beldur izango da akaso

  • Dena den, baten bat euskaldun linguistikoki koherenteen alderdia ELKA abian jartzera animatzen bada, hemen nauka behar denetan laguntzeko eta botoa emateko, jakina, horretarako garaia izan daiteke eta. Baietz herrialde bakoitzean diputaturik lortu hasteko!

  • Zergatik da “moderatzeko zain” lehen egin dudan galdera? = ZERGATIK ABSTENITU ZEN PNV???

    Zergatik gehiegi egun baterako…

  • Nork erabakitzen du komentario bat kentzea? Artikuluaren egileak ala zuzeuko administradoreak?

  • Zergatik abstenitu zen pnv???
    Eman al du pnvkoren batek azalpenen bat honen inguruan? Benetan entzun nahiko nuke zein aitzakia erabiltzen duten.

  • PNVri galdetu beharko

  • Kazetariren batek galdetuko zion ala?

    • Peru Dulantz 2016-05-31 12:59

      Bai, bai… egon hadi horretan!

      • Ba espero dut Berria, Argia edo Zuzeuk berak PNVkoren bati elkarrizketa bat egiten dienean -eta pentsatzen dut hauteskubde garaiotan egingo dutela-, galdera hau luzatzea. Iruditzen zait hemen iritzia eman dugun DENOK eskertuko dugula.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude