2015ean irakurriko ez ditudan bost liburu
Urtearen hondarrean gaude eta hemendik gutxira 2015ean irakurritako liburuen zerrendak ugarituko dira, nork bere literaturzaletasuna – ejem, harrokeria, ejem— hauspotzeko eta liburu kuttunenak jendeari iradokitzeko asmoz. Neuk ere geure literaturzaletasuna hauspotzeko – ejem, harrokeria, ejem— eta liburu errekaitzak zuei ekiditeko asmoz, 2015ean hasi baino bukatuko ez ditudan liburuen zerrenda aurkezten dizuet, harekin nahi duzuena egin dezazuen. Azken batean, arrazoi ugari daude irakurketa bat ez bukatzeko.
– Arranegi (Eusebio Erkiaga): Donostiarrek ñoñostiarrak direla fama dute eta Lekeition ere txakurrak ortozik ibiltzen direla esatea ez da astokeria bat. Arranegi horren adibide garbia da. Edozein kalen deskribapena Lekeitiok eragiten dion poza eta harrotasuna azaltzeko erabiltzen du Erkiagak, eleberria gida turistiko-sentimentala balitz bezala edota, itzulingururik gabe, gida turistikoa balitz bezala. Berbarako, nork gogaitu unada luze-samar batez, […] maite dan norbait […] zerbait ainbeste urteren buruan ikusi ezta, barriro ondoan eta inguruan ikusirik? Hunkigarria. Zoritxarrez ez naiz bertokoa eta ezin dut gozatu.
Ataria eta lehen kapitulua irakurri ostean, lekittarrismoz ase nintzen, eta irakurtzeari utzi nion ondarrutar bihurtzeko beldurrez (bigarren kapituluan utzia).
– Ramuntcho (Pierre Loti): Ezpeletan erosita. Lotik Euskal Herriari buruzko artikuluak erosi nahi baina patuak Ramuntcho gorde zuen niretzat. Gainera, saltzaileak euskaraz hartu ninduen. Liburuari heltzeko, testuinguru ezin hobea. Patu kontuak ziruditen baina liburu errekaitza da Ramuntcho, sindudarikgabe. Esan gabe doa euskaldunen inguruko topiko guztiak aipatzen dituela: Ramuntcho tipo herabe, isila, tristea eta abar da. Hori gutxi balitz, topikoak inguruan ere txertatzen ditu, euskaldunok geure eguraldiaren pare bagina bezala. Hasiera motela, erritmorik gabea; hitz gutxitan: aspergarria. Ramuntchoren herria Sarako parajeetan girotuta egotea ez zen nahikoa izan irakurtzen jarraitzeko. Iparraldeko Txomin del Regatoren fanei atsegina egingo zaie irakurketa. Burla egiten dion liburua atera berri da (laugarren kapituluan utzia).
– Jean Etchepare Mirikuaren idazlana: (Piarres Charriton): Droga gogorra. Euskaltzale peto-petoentzat edo (edozelan) adituentzat. Nik uste nuen Irulegiko Irratiaren entzule leiala izatea nahikoa zela liburua gozatzeko. Oker nengoen. Idazlanen bilduma izanik, edozein idazlani hel diezaiokezu irakurtzeko. Zenbait gogoeta interesgarri biltzen ditu liburuak, batuaren ingurukoa batez ere, baina zabaltzen dudan bakoitzean aharrausika hasten naiz, orriotan somniferoa gordea izango balu bezala. Benetan. Aitortzen dut ez naizela liburuaren neurrikoa, ez dudala euskara hura ulertzeko maila, ez pazientzia nahikorik. Hala da. Biribiltzeko: behin dentistarengana eraman nuen eta azalari erreparatuta frantsesez irakurtzen ari nintzela pentsatu zuen gizajoak (ertz guztiei heltzen saiatu ondoren utzia).
– Las aventuras del valiente Soldado Svejk (Jaroslav Hasek): Gustatu zitzaidan lehen liburukia. Hainbat pasadizo barre algaraka amaitzen nituen, adibidez Sveijk soldaduak apaizarekin bizi duena edota poloniarrak gorrotatzen dituen lagunaren borroka kontatzen duena; baina beste pasadizo batzuk luzeegiak eta errepikakorrak egiten zitzaizkidan, esaterako, Sveijk basoan barrena galtzen dena. Lehen liburukia azkar amaitu nuen, urtarrilak 19, gainera; baina nagikeriaren nagiaz ez dut bigarrena hasi ere egin. Ahaleginak eta bi egin ditut irakurtzeari berriro ekiteko baina ezin (2015a osoa egin du lo neure ondoan). Edozein irakurketa erakargarriagoa iruditzen zitzaidan, Arranegi barne, eta edozein liburu irakurtzen nuen hura amaitzean El Soldado Svejkren bigarren zatia hasiko nuela sinesteko asmotan. Atera kontuak ze nagikeria klaseak harrapatzen nauen liburuaren azala ikusten dudan bakoitzean (Arranegi, ene, Arranegi hartu nuen lehenago!!!). Gaur ere ezin dut ulertu nagia honen jatorria eta neure hitza ematen dut 2016ean misterioa argitzen saiatuko naizela (lehen liburukia amaitu ondoren utzia).
– Victoria (Josep Conrad): Lord Jim da gehien gustatu zaidan liburuetako bat. Ez bakarrik istorioa bera (ororen gainetik, ohorea gorde!), baizik eta kontatzeko era: Lord Jimi buruz entzuten dituen puskak maisuki lotzen ditu narragileak (Marlowek) istorioa osatzeko. Victoria Lord Jimen kopia txarra iruditu zait. Izan ere, Conradek antzera kontatzen du Victoria (narragile bat eta Asiako uharteen zehar galdurik dagoen marinel baten bizipenak puskaka lotuak) baina Axel Heystek ez du Jimen xarma bera eta Conradek ez du Axel Heysteren ezaugarri nagusia nabarmentzen asmatzen (bakardadea). Liburu honekin itxurak, plantak eta harroxkarena egitearen gorenera ailegatu nintzen: Real Madrid-Barcelona jokatzen ari zirela etxean geratu nintzen irakurtzen, nire lagunek futbol partida ikusten zuten artean. Agian, itzultzeko partidari itxaron beharko diot liburuari berriz ekiteko (lehen zatia amaitu ondoren utzia).
Honaino heldu zaretela, aitorpen bat: sei liburuk izan beharko lukete hemen, izan ere, ez nintzen L’Homme Révolté (Albert Camus) zabaltzera ausartu. Batzuetan komeni da liburu arinak irakurtzea.
Jaroslav Hasek – Xveik soldadu onaren menturak (I):
http://www.armiarma.eus/unibertsala/hasek/
Jaroslav Hasek – Xveik soldadu onaren menturak (II):
http://www.armiarma.eus/unibertsala/hasek2/
Kaixo, Jon.
Gustu kontuak alde batera utzita, harritu nauena honako aipamen hau jarri izana da, harritzekoa balitz bezala jarri duzulakoan (zugan harridura sumatu baitut). Beltzez nabarmendu dut :
“Ezpeletan erosita. Lotik Euskal Herriari buruzko artikuluak erosi nahi baina patuak Ramuntcho gorde zuen niretzat. Gainera, saltzaileak euskaraz hartu ninduen“.
Ezpeleta arrunt herri euskalduna da, nahiz eta komertzioetan frantsesak leku nabarmena izan. Baina hortik aipatzera “saltzaileak euskaraz hartu” zintuela…
Bueno, (ustezko) harridurak harridura, pozgarria da saltzaileek euskaraz hartzea, izan Ezpeletan, Azpeitian, Tolosan, Durangon, Oionen, Agurainen, Tuteran edo Izaban.
Aupa Xaun,
Harritu ninduen, ze leku guztietan frantsesa entzuten nuen. Iparraldeko leku askotan halakoak gertatu zaizkit: frantsesa barra-barra entzun baina gerora hizlaria elebiduna dela konturatu naiz (Bilboko gazteekin bezala, egia esan).
Ondo ibili
Pierre Loti gostuko izan ez baduzu, saia zaitez Pierre Lodiren “File Ramuntxo”. Bururaino heltzen bazara, gero kontatuko…