Ameriketarako bidean dira berriro pilotariak

Ameriketarako bidean dira berriro pilotariak

Pilota da geure kirolik nazioartekoena, zestaren kasuan munduko bost bazterretara hedatutakoa, Gorka Bilbao eta Zigor Etxebarria zinemagileen “Jai Alai Blues” dokumentalak edarto baten agertu ebenez.

Gauza jakina da baina, urrezko aroa oso atzean lagata aspalditxotik gainbeheran egoala modalitatea, apurka-apurka frontoiak zarratu izanagatik. Eta kontuak horrela, urteak ziran Ameriketak egitera Euskal Herritik pelotaririk joaten ez zala, lehen legez. Aurten Floridako Dania Jai Alaik bederatzi gazte jokatzera deitu dabezan arte.

Jokin Arbe, Jon Zabala, Xabi Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa dira bederatzi horietatik lau. Markinarrak dira Arbe eta Zabala, gernikarrak Barandika eta Lekerika, egungo munduko txapeldunak afizionatu mailan. AEB-etara jo aurretik, elkarren arteko dema antolatu dabe.

Abenduak 12 (18.00etan eta doan), Markina-Xemeingo Unibertsitatean:

Jon Arbe 24 urteko mutila da, aurrelari bizkorra eta errematatzailea. Jon Zabala, bere aldetik, 27 urteko atzelaria da -aita bere AEBetan jokatu eban pelotaria dau-, profesional legez Filipinasen debuta egindakoa. Biak ala biak ondo ezagutzen dabe alkar, baita bihar parean izango dabezan gernikar lagunak be, Barandika eta Lekerika. Askotan jokatu izan dabe alkarragaz zein alkarren kontra.

Arbe eta Zabalak sei hilabeterako kontratua sinatu dabe Dania Jai Alairekin, neguko denboraldirako, eta datorren urtarrila orduko kinielak jokatzen izango dira Floridan. Eurok kontatuta, bederatzi dira egun AEBetan zestaz jokatzen dagozan markinarrak.

Ameriketarako bidean dira berriro pilotariakLea Artibaiko Hitzarekin egindako berbaldian, pozik egoazan biak ala biak, AEBtara joateak gustuko daben kirol batetik bizitzeko aukera emongo deutsela-eta. Baita harrituta be, hain ondo ezagutzen daben Unibertsitatean agurra antolatu deutselako. Zabalaren esanetan, “Egun berezia izango da, sekula ahaztuko ez doguna”. Bere aldetik, “Oso pozgarria da zesta-puntaren etorkizunari bultzada emanaz gu agurtzeko jaialdi bat antolatu izana -dino Arbek-. Jende askok borondatezko lan handia egin dau eta horrek asko betetzen dau”.

.

Jaialdi berezia Unibertsitatean

Markina-Xemeinen historikoki pisu handia izan dau pilotak, eta bertako frontoia da horren lekuko nagusia, Unibertsitatea. Biharkoa jaialdi berezia izango dau.

Frontoiko jaialdia baino lehen, Kultur Etxean eta eguerdiz, berbaldi bat izango da Miguel Angel Bilbao Aretxabaleta eta Alberto Prieto Calixtorekin, “Jai Alai munduan” gai dabena. Lehena markinar historia zalea da, “Cesta punta. Los profesinales de la especialidad” liburuaren egilea, eta herrian zestak izan duen garrantzia hartuko dau ahotan. Bigarrena irakaslea da Floridako unibertsitatean, eta kirolak AEBetako gizartean utzi duen arrastoaren barri emango dau.

Behin frontoian -doaneko sarreragaz-, iluntzeko seietatik aurrera eta markinar-gernikar eupadaren aurretik, zesta eskolako gazteen arteko partidak izango dira; besteak beste Izaro Arbek jokatuko dau mutilekin batera, Daniara doan aurrelariaren arrebak.

Partiden ostean, Unibertsitatera bertaratzen diren atzo eta gaurko markinar pilotari guztien arteko argazkia egingo dabe, gorazarre modura. Argi gero, On&On disko jartzaileagaz girorik ez da faltako-eta!