Leku Urrunen Atlasa: Nomaden bizimodu gogorra
Egun osoko mendi ibilbidearen ostean iristen gara Kilemchera. Bertan gure bizitzako bigarren yurta bisitatzen dugu, askaria mahai gainean dagoelarik. “Beti horrela da” esaten digu Gulminak: Kaimak, esnearekin egunero egindako krema; sary may, krema horrekin egiten duten gurina; boorsoq, frijitutako ogi gozo mota bat; eta hainbat marmelada. Etxeko alabetako batek tea zerbitzatzen die gonbidatuei, hauek asetu arte. Eta ase arte ase arte da. Ezin da “ez” esan, oso ohitura txarra da. Horregatik “beteta nago, eskerrik asko” esan behar da gehiago nahi ez baduzu. Familiako heldu batek ematen du, normalki, ongi etorria. gure kasuan gizona dago bertan, eta distantzia batera esertzen da, alabak tea jartzen digun bitartean. “Zergatik ez dago gurekin jaten? Ohitura bat al da?” galdetzne diogu Gulminari. “Berak gero jango du, bere familiarekin, zuek gonbidatuak zarete”, erantzuna. Hala ere gizonari iruditzen zaio guk gonbidapen zuzena egin diogula galdera horrekin, eta gurekin esertzen da.
Nomadek bizimodu gogorra dute. Gaur egungo erosotasun batzuk kenduta (askok mugikorra eta eguziki plaka bat dute yurtan) animaliekin bakarrik iritsi daitekeen lekuetan bizi dira askotan. Egun osoa animaliekin ematen dute, eta yurtara itzultzerakoan ez dute dutxarik edo elektrindarrik. Janaria ere gorde daitekeena bakarrik dute, eta altuera horietan ez da barazkirik hazten. Animaliekiko dependentzia osoa dute: egunero egiten dituzte esnekiak, freskoak eta zapore handikoak. Behorren esnearekin gure gorputzerako ona ez den Kymys izeneko edaria egiten dute (zubereraz Kümis idatziko litzateke). Behien esenarekin lehen aipatutako krema eta gurinaz gain gaztak eta arroz-esnea egiten dute. Ez da gure arroz-esnea bezala, hala ere: arroza uretan egosi ondoren esnean botatzen dute, zapore eskaseko zopa bat eginez. Euren ardiek ipurdian gantz handia dute, eta sukaldean hori erabiltzen dute, oliorik ezean. Karbohidrato bakarrak garraia daitezkeen bi janaritik hartzen dituzte: patata eta arroza. Eta noizbehinka azenarioa eta arbiaren artean dagoen beste barazki bat. Pasta lau bat ere izaten dute, zoparekin batera jateko.
Komuna zulo bat da lurrean, ez besterik. Familia batzuek egurrezko lau iskina eta txapa batzuk jartzen dituzte inguruan, dirua dutenek uralita goian, baita papera (benetako luxua) eta atea ixteko sistema bat. Dirurik ez dutenek oihal bat erabiltzen dute lau makilen artean paretak egiteko. Uda bukatzen denean beheko suaren errautsak botatzen dituzte kakaren gainean, eta vodka botila bat jarri lekua markatzeko. Hurrengo urtean ez dute leku berdinean zuloa egin nahi, bistan denez.
Ura doakoa da, baina bilketa garestia da. Errekaraino jaitsi eta animaliekin edo oinez igo behar dute. Horregatik beharrezkoa dena baino ez dute erabiltzen. Yurten kanpoan hamsterrek edateko duten sistemaren antzeko bat dago eskuak, aurpegia edo hortzak garbitzeko. Edateko ura irakin behar dute beti. Ur beroa edatea nahiago dute, terik gabe ere, ur hotza baino. Irakindako urak ziurtasuna ematen die, ur hotzak ez hainbeste. Urari suu esaten diote, baina beti espero dute atzerritarrek voda esango dutela, errusiar azentoaz. Eta ohikoa da eskatzen duzun edozein lekutan irakindako ura ematea. Ezin dugu gutxiago espero: urik ez izateak heriotza esan nahi du.
Animalien neguko gorotza gordetzen dute, lehortu, eta udan sua egiteko erabiltzen dute. Haize hotza dagoenean, baita udan ere, beheko su txiki bat pizten dute yurtaren barruan, animalia kaka lehorrarekin eta egur pixka batekin. Ez dago egurrik inguruetan, eta altuera honetan ezin da su irekirik egin. Ura edo esnea irakiteko bi zilindro konzentrikoz osatutako berogailu moduko bat erabiltzen dute: barruan sua dagoen bitartean, kanpokoan likidoa berotzen da.
Desagertzen ari den bizimodu bat da. Ez dira munduko azken nomadak, baina belaunaldi berriek ez dute bizimodu hau nahi. Bixkeken egun batzuk beranduago NBEko janari programan lan egiten duen Nazgulekin egon ginen afaltzen. Argi esaten digu: “gure aiton-amonen garaian gehienak hala bizi ziren. Gaur egun belaunaldi gazteok nahiago dugu hiria”. Baserriekin gertatzen dena errepikatzen da mundu osoan, kasu honetan gogorregia ematen duen bizimoduarekin amaituz. Turismoa, hala ere, momentu egokian ari da iristen Kirgizistanera. Oraindik bizimodu hau benetakoa da, eta bidaiari asko prest gaude ordaintzeko halako bizimodua egun batzuetan zehar ikusteko. Barne turismoak ere badu indarra: asko dira asteburu pasa mendiko belardietako yurtetara jotzen duten familiak, behinolako bizimodu sinple hori gogoratu nahian edo.
“Ez dut gehiago nahi, beteta nago” esan diot kirgizeraz neskari. Gaizki, kriston barrea egin duelako Gulminak. “Txon-txon, rajmat” gisako zerbait esan niola uste dut. Edo hori zen esan behar niona eta nik hitz absurdoren bat esango nion. Edonola ere aitak ere irribarre egiten du. “Oso gustura egon da zuekin” esan dit Gulminak, “normalki etxeko nagusia ez da bidaiariekin esertzen askaria partekatzera”.