Sautrela 423: Iñaki Aldekoa, Piarres Larzabal eta Ostegunak

 

Zapatu honetako saioan Iñaki Aldekoa oñatiarraren bisita izango dugu. 68ko belaunaldia. Politika, kultura eta beste mamu batzuk liburua argitaratu berri du Utriusque Vasconiae argitaletxearekin. Euskal Herrian eta Mendebaldeko Europan 1968tik hona izandako mugarri kultural eta politikoak errepasatzen ditu Aldekoak. Bidenabar, 1968tik honako testuingurua baliatzen du gure iragan hurbilari begirada bat bota eta Bernardo Atxagaren Etiopia zein Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso lanak aztertzeko.

Erreportajean Piarres Larzabal izango dugu hizpide. Aurten bete dira 100 urte gure antzerkigintzaren idazle emankorrenetakoa jaio zela. Larzabal apez, euskaltzale, abertzale, baina, batez ere, antzerki idazle izan zen. Ehundik gora antzezlan idatzi zituen, eta gaurdaino ere iritsi zaigu bere ondare literarioa. Oraindik ere hamaika kolegio eta lizeotan taularatzen dira haren obrak. Ixabel Etxeberria irakasleak eta Daniel Landart antzerkigileak bere bizia eta obra gerturatuko dizkigute.

Beñat Sarasolak duela zenbait urte institutuko gaztetxo eta unibertsitate ikasleen irri-karkailak eragin zituen liburua ekarriko digu: Jon Arretxeren Ostegunak. Parranda, maitasun korapilo eta ostegunetako unibertsitate giroa jasotzen dituen liburua.

Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.

Iñaki Aldekoa, Piarres Larzabal eta Ostegunak (Sautrela 423)

Sautrela 423: Iñaki Aldekoa, Piarres Larzabal eta Ostegunak
Ikusi saioa osorik hemen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude