Dolua lege bihurtzen denean (Judith Butler)

Judith Butler (Cleveland, 1956) estatubatuar filosofo postestrukturalista da -Berkeleyko Unibertsitatean irakasle-, bereziki generoari, etikari eta politikari buruzko ikerketak eta hausnarketak egin dituena”; euskarazko wikipedian irakurri dugunez.

Pentsalaria Parisen zela, eta bertako jazoeren ondotik idatzi duen testua euskarari ekarri dute Iruñeko Katakrak elkarteko lagunek.

Dolua lege bihurtzen denean (Judith Butler)Parisen nago eta ostiral arratsean Beaumarchais-en egon zen hilketako eszenatik gertu pasatu naiz. Beste jomuga militar batetik hamar minutura afaldu nuen atzo. Nire ezagun guztiak salbu daude, baina ezagutzen ez ditudan asko traumatizatuta daude edo hil egin dira. Kolpatu egiten du eta izugarria da. Gaur kaleak jendez gainezka ziren arratsean, baina hutsik gauean. Goiza erabat bare zegoen.

Argi dago, gertakizunen ostean telebista publikoko elkarrizketak entzunda behin-behineko emergentzia egoerak, berez, egoera sekuritario bat areagotzeko tonua ezarri du. Telebistan eztabaidatutako gaietan poliziaren militarizazioaz jardun da (nola osatu prozesua), askatasunaren eremua, eta nola borrokatu Islama -entitate amorfo bat-. Hollande ahalegindu da gizon itxura izaten gerra deklaratu duenean, baina performantzearen oinarria imitazioa zen eta horrela diskurtsoa ezin da serio hartu.

Eta halere, bufoi bat bada ere, armadaren buru gisa ari da jokatzen. Estatuaren eta armadaren arteko ezberdintasuna disolbatu da larrialdi egoeraren argian. Jendeak polizia ikusi nahi du, eta polizia militarizatuak defenda ditzan nahi du. Desira arriskutsu -nahiz eta ulergarri- bat. Izan ditu alde onuragarriak larrialdi egoerak, denei eman zitzaien atzo gauean doako taxia etxera joateko, kolpatutako guztientzako zabaldu ziren ospitaleak. Ez dago etxeratze-agindurik, baina zerbitzu publikoak murriztu dituzte, ez dago manifestazio eskubiderik. Hildakoak gogoratzeko topaketak ere ilegalak izan ziren teknikoki. Batera joan nintzen Errepublikaren Plazara eta poliziak agindu zuen alde egin behar genuela, jende gutxik egin zuen jaramon. Niretzako itxaropenerako une llabur bat izan zen.

Musulmanen artean dauden komunitateak eta ikuspegi politiko ezberdinak desberdintzen ari diren tertuliakideak errudunak direla esaten dute, ñabarduren bila ari direlako. Antza denez, etsaia ulergarria eta bakarra izan behar da garaitu ahal izateko, eta diskurtso publikoetan musulmanen eta jihadisten eta Estatu Islamikokoen arteko ezberdintasunak egitea zaildu nahi da. Adituek bazekiten etsaia nor zen Estatu Islamikoak erasoen autoretza aitortu aurretik.

Niretzat interesgarria izan da Hollandek hiru dolu-egun iragarri dituen une berean indartu dituela segurtasun kontrolak -Gillian Roseren liburuaren izenburua irakurtzeko beste modu bat: dolua lege bihurtzen denean-. Dolua egiten ari gara edo gero eta militarizatuagoa dagoen estatu indarrera eta demokraziaren suspentsiora menderatzen ari gara? Dolu-egun ofizialak hiru dira, baina emergentzia egoera hamabi egunera luza daiteke Asanblada Nazionalak onartu arte.

Gainera, estatuak azaltzen du askatasunak mugatu beharko dituela askatasuna defendatzeko -paradoxa bat dirudi baina telebistako adituak ez ditu molestatzen-. Bai, erasoak Frantziako askatasunaren eszena ikonikoetan gertatu ziren argiki: kafetegi bat, rock kontzertuen areto bat, futbol estadio bat. Rock kontzertuaren aretoan, antza denez, 89 pertsonen hilketa basatien erasotzailetako batek salaketa egin zuten: Frantzia errudun zela Sirian interbentziorik ez egiteagatik Assaden erregimenaren kontra, eta Mendebaldea errudun zela Irakeko interbentzioarengatik -erregimen Baathistaren kontra-. Beraz, ez zen Mendebaldearen interbentzioen kontrako posizio bat per se.

Bada ere izenen politika bat: ISIS, ISIL, Daesh. Frantziak ez du Estatu Islamikoa esan nahi horrek estatu bat onartzea esan nahiko lukeelako. Daesh termino gisa erabiltzen dute, frantsesean sartuko ez den arabiar hitz bat delako. Bitartean, erakunde horrek hartu ditu hildakoen ardurak, Kaliferriko lurretan hegazkinetatik bonbardatuta hildako musulmanen erantzuna zela alegatu zuten. Rock kontzertua helburu gisa hartzearen arrazoiak honakoak izan ziren: idolatria eta perbertsioen jaialdia sustatzen zituen. Ez dakit nola iritsi ziren perbertsio terminora. Haien eremutik kanpora irakurtzen ari zirela iruditzen zait.

Presidentetzarako hautagaiek muturra sartu dute: Sarkozy atxilotu eremuak proposatzen ari da, jihadismoarekin loturak dituztenak atxilotzea beharrezkoa dela esan du. Eta Le Pen pertsonak kanporatzea proposatzen ari da, berriki etorkinak bakteriak direla esan du. Hiltzailetako batek siriar jatorria omen duenez eta Greziatik Frantziara iritsi denez migranteen kontrako gerra nazionalista indartu dezakete Frantzian.

Nire apustua da askatasunaren aldeko diskurtsoa garrantzitsua izango dela datozen egun eta asteetan, eta harremana izango duela segurtasunaren egoerarekin eta demokraziaren bertsio murriztuekin. Askatasunaren bertsio bat erasotzen du etsaiak, beste bertsio bat mugatzen du estatuak. Estatuak erasotu duten askatasunaren bertsioa defendatzen duela dio, Frantziaren bihotza balitz bezala, eta segidan elkartzeko askatasuna bertan bera uzten du -manifestazioak egiteko eskubidea- doluaren testuinguruan eta poliziaren militarizazio handiago bat prestatzen du. Afera politikoa da, eskuinaren ze bertsiok irabaziko duen hurrengo hauteskundeetan. Eta zer gertatuko den onargarria den eskuinarekin Le Pen zentroa bilakatuko denean. Nardagarria, tristea, aieru garaia, baina honen guztiaren erdian, oraindik pentsa dezakegu, hitz egin-pentsatu-ekin dezakegu.

Dolua marko nazionalera murriztu da. Aurreko egunean Beiruten hildako 50ak ia ez dira aipatzen, ezta azken asteotan hil dituzten 111 palestinarrak ere, edo Ankarako gorpuak. Ezagutzen ditudan gehienak impasse egoera batean daude, ezin direla pentsatzeko gai diote. Gogoeta egiteko moduetako bat da nahigabe transbertsalaren kontzeptua topatzea, ikustea nola funtzionatzen duen nahigabearen neurriak, zergatik kafetegia denean kolpatutakoa -eta ez beste leku bat- nire bihotzak beste modu batera jokatzen duen. Badirudi beldurrak eta haserreak estatu polizialarekin bat egingo dutela. Imajinatzen dut horregatik nahiago ditudala impasse batean sentitzen direnak. Horrek esan nahi du itxaron beharko dugula berriz ere pentsatzen hasi arte. Zaila da pentsatzea shock egoeran zaudenean. Denbora behar da, eta denbora hori partekatu dezakezu baimenik gabeko topaketa horietan, aldamenean dauzkazunekin.

Judith Butler (Parisen, azaroak 14an)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.