Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai

Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai

Euskal gaizkileak: Goizuetako Joxe Etxegarai

(Goizueta eta Urumea. Asier Sarasua. CC)

.

“Trabuko” esaten badizut, seguru asko, “hitzak ederrak, bihotza faltso” aterako zaizu ondoren eta kantatzen hasiko zara Mikel Laboaren  Goizuetan bada gizon bat ospetsu hura.

Gezurra badirudi ere, kantu horri esker memorian iltzatuta geratu zaigu Trabuko izeneko gizona, baina ez da bera historia honetako benetako protagonista, azken finean salataria baizik ez baitzen izan, diru faltsua egiten zutela eta, gizonezkoz osatutako laukote bat kartzela bidean jarri zuena. Antza denez, lau gizon horiek Lesaka, Arantza eta inguruetako elizetan ostutako zilarrez egiten zuten diru faltsua. Oroitzen zara Ituringo arotza izeneko beste kantu hartaz? Han joareak egiten ei zituzten “urrezko santuak” urtuta, Goizuetan, ostera, dirua. Gai hau gehien ikertu duenetako bat, Patziku Perurena izango da, liburu bat ere argitaratuta dauka gaiarekin.

Nor ziren atxilotu zituzten lau gizonezkoak?

Kantuaren azken bertsetean “bi seme eta hiru alaba” hazitzekotan uzten dituena, Joxe Etxegarai goizuetarra izan zen, Artikutzako inguruetan kokatuta dagoen Berdabiokoa, beste hiru lagunekin batera atxilotu zutena. 1748. urteko dokumentu batean datorrenez, Joseph de Etchagarai, Joseph de Quillaberri, Gracian de Echeverria eta Juan Antonio de Navaz izan ziren atxilotuak. Killaberri, Zuberoako larraingoa zen, nahiz eta Berdabion bizi. Irunen bizi zen Etxeberria Hazparnekoa zen eta Navaz, ostera, zubietarra, nahiz eta Berdabion bizi garai hartan. Hura bai zela mugazgaindiko bizimodua!

Antza denez, Lesakako udalak jarri zuen denuntzia, zilarrak lapurtu zituztela eta. Horrexen akusaziopean atxilotu zituzten baina Trabuko izeneko gizonak, ostera, diru-faltsutzearen hobena gehitu zien bere salaketarekin. Lau egunez Iruñeko kartzelara eraman ostean, libre utzi zituzten, hala ere, guztiz pobreak zirela eta. Oso polita da Trabukok nola jakin zuen diru faltsuaren kontua. Patziku Perurenak kontatu zuen Sautrela saioan:

Gure herri kantu nagusienetakoa da, eta abestiaren bi aldaera ezagunenak, Azkuek eta Aita Donostiak bildu zituzten.

(Resurreccion Maria Azkuek Errenterian Luis del Puerto izeneko bati jaso eta 1922ko bere kantutegian argitaratu zen bezala).

1. Goizuetan bada gizon bat
deritzen zaio “Trabuko”
hitzak ederrak bihotza faltso
sekula etzaio paltako
egin dituen dilijentziak
berari zaizko damuko.

.

2. Ongi, ongi oroitu hadi
zer egin huen Elaman.
Difuntu horrek izatu balu
jarraikilerik Lesakan
orain baino lehen egongo hintzan
ni orain nagoen atakan.

.

3. Nere andreak ekarri zuen
Aranaztikan dotea,
hobe zukean ikusi ez balu
Berdabioko atea,
orain etzuen hark idukiko
dadukan pesalonbrea.

.

4. Nere buruaz ez naiz oroitzen
zeren ez naizen bakarra
hazitzekoak hor uzten ditut
bi seme ta hiru alaba
Jaun zerukoak adi dezala
horien amaren negarra.

(Aita Donostiak Aranazen jaso eta 1929ko bere kantutegian jasotako aldaera)

1. Bardabioko semia naiz ta
Seme fortuna gabia.
Aranaztikan ekarri nuen
Dotiarekin andria.
Hobe zukian ikusi ezpalu
Bardabioko atia.

.

2. Nere buruaz ez naiz oroitzen,
Zeren ez naizen bakarra.
Azitzekuak or uzten ditut
hiru seme ta bi alaba.
Jaun zerukuak adi dezala
haien amaren negarra.

.

3. Goizuetan bada gizon bat,
Deitzen diote “Trabuko”.
Hitzak ederrak, bihotza faltso
Behinere etzaio faltako.
Hark egin didan aberiguazioa
Sekulan etzait ahantziko.

.

4.-Denbora batez oroitzen bayintz
Zer egin yuen Elaman,
Denbora hartan ibiltzen yintzan
Yarraiki nikan Lesakan
Orain bano len egun yakien
Ni orain naguen atakan.

.

5. Goizuetako eskribu Jaunari:
-Eskarrikasko, barkatu;
Informaziuak onak diguzu
Iruñerako prestatu!
Mundu honetan edo bestian
Biharko dituzu pagatu.

.

6. Zorriak eta arkukusuak
Arrotontxuak nagusi.
Denbora batez erran bihartzuenak
hau bihar nuela ikusi!
Zeruko Aita, lagun nazazu,
Ezin nengoake igesi.”

“Berdabioko atea” podcasta

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)