Sautrela: Garazi Kamio, dokumentazio lana eta “Gabeziak”

Garazi Kamio

Garazi Kamio andoaindarrak bigarren liburua argitaratu berri du Elkar etxearekin, Orube abandonatuak nobela. Aurrenekoa ipuin-liburua izan genuen, 2012an argitaratu zen Beste norbaiten zapatak. Oraingo eleberrian hiru garai ezberdinetako hiru istorio gurutzatzen dira: 36ko Gerra ondoren Belchite-ko kontzentrazio esparrutik herrira bueltan datorren Mario, heroinarekiko menpekotasuna uxatu nahian borrokan dabilen Miren, eta Maider, ingurukoek berengandik espero dutena betetzeko fikzio bat eraiki duen emakumea. Hari fin batek lotzen ditu hiru istorioak, zeinetan orube abandonatu fisikoez gainera orube abandonatu moralak ditugun halaber. Duela urtebete Agustin Zubikarai beka jaso eta haren eskutik idatzi du bere nobela estreinakoa. Liburuari buruz galdegingo diogu Kamiori, bada. Nolakoa izango ote da idazketa prozesua? Nolakoa izan da ipuinetik nobelarako igarobidea? Nolatan bururatu zaizkio hiru istorio horiek?

Gainera, gure iraganeko zakutik Xabier Gantzarainek ondutako erreportaje bat berreskuratuko dugu. Literaturgintzan, eta bereziki nobelagintzan, garrantzia izaten du sarri askotan dokumentazio lanak. Iraganeko edo urrutiko istorioak presentera ekartzeko xehetasunak ondo jakin behar izaten ditu idazleak egiantzekotasuna lortu nahi badu. Ezagun denez, nekez idatz baitaiteke ezagutzen ez denaz. Dokumentazio lanaren inguruko eskarmentu eta ideiak azalduko dizkigute Edorta Jimenezek eta Lutxo Egiak.

Azkenik, BeƱat Sarasolak Tere Irastorzaren lehen liburua izango du mintzagai, 1980ko Gabeziak. Gerora aski ahots poetiko indartsua bilakatuko zenaren lehen urratsa izan zen ordukoa. Ez zitzaion polemikarik falta izan gainera, Sarasolak azalduko duen moduan.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.