Heroina hemen

heroina

Azkenengo hamarkadetan asko eztabaidatu izan da droga ez-legezkoek eta bereziki heroinak (hemendik atzera heroina “H”) gure artean izan zuten sarrera moduaren inguruan. Nere irudipena da iritziak ematera jo izan duela jendeak –iritzi moztaile erabatekoak, eskuarki–, eta iritzi horiek, gainera, epai moral baten araberakoak izan direla.

Honelatsu banatu dira, oro har, iritzi horiek: bat droga ez-legezkoen eta bereziki H-aren (heroina) kontra baldin badago, gauza txarra dela uste baldin badu, orduan “gaiztoek” sartutakoa edo zabaldutakoa da, hots, Estatuak eta bere poliziak nagusiki; aldiz, bat ez badago H-aren kontra eta ez badu uste gauza txarra denik, orduan ez du uste izaten gaiztoek sartua izan zenik, edo ez erabat behintzat. Beraz, epaien eta iritzien munduan eta mendean dabiltza kontu hauek gehienetan, eta jende gutxi arduratzen da zinetan eta benetan zer gertatu zen jakiteaz.

Nik ez dut epai moral edo politikorik egingo sustantzia ez-legezkoen gainean. Ni probatutakotik mintzo naiz. Nik arazoak sustantzia legezkoekin izan ditut: benzodiazepina izenekoekin, hain zuzen ere, eta sustantzia horiek edozer moduz harrarazten dituzten Osasun Zerbitzuetako profesional edo gamelu legezkoekin. Hau gizartean oso zabaldua dagoen arazo edo izurri bat da; berez, hauxe da benetako drogadikzioa, baina ez da gaurko gaia, eta horretantxe utziko dugu. Sustantzia ez-legezkoekin ari gara gaur, eta nik probatutakoaren arabera esan dezaket heroina (H-a) dela denetan arazo gutxiena eman izan didana; hobeki esanda, ez dit inolako arazorik eman, eta bai atsegin haundia. Eta hala ere tabua izaten segitzen du, eta sustantzia ez-legezko guztien artean deabruzkoena izaten segitzen du, izenez eta omenez. Zergatik? Zer ezkutatzeko?: sustantzia legezkoen adikzio masiboa beharbada? Bai, badakit tartean daudela 70eko hamarkadan H-ak izan zuen sarrera eta haren ondorio latzak (gehienbat ezjakintasunak eta zikinak sortuak), eta horrek erraztu egiten duela H-a bestelako adikzio eta okerren estalki bihurtzea. (Ohartxo bat neure kasuaz: nik 1992an probatu nuen heroina aurrenekoz, eta ordurako denok genekien nola eta zenbat har zitekeen arriskurik pasa gabe; noizean behin hartu izan nuen, eta beti sudurretik, harik-eta “afiziotxoa” etorritako bidetik joan zitzaidan arte. Hau jende askoren kasua da, eta izaten segitzen du, nahiz ez duen ia inork aitortzen. Neuri ere, egia esanda, ez zait erraz-erraza egiten holako aitorpenak agerian egitea, baina hemen iruditzen zait arrazoiketari lagundu egiten diola.)

Ez dakit oraindaino esandakoarekin H-ari buruzko epai moral edo politikorik egin dudan, baina, hemen izan zuen sarrera moduari dagokion aldetik, esan beharra daukat gero-eta maizago aurkitzen ditudala Estatuaren eta bere poliziaren esku-hartze zuzenaren aldeko lekukotasunak.

Oraintsu irakurri ditudan José Ribas-en lekukotasun batzuk aipagarriak iruditzen zaizkit. Bartzelonan 70eko hamarkadan agertu zen Ajoblanco aldizkari “libertarioaren” sortzaileetako bat izan zen Ribas, eta bere Los 70 a destajo liburuan (Bartzelona, 2007) aditzera ematen duena da Ameriketan eta Europan bederen, 60ko hamarkadan hasita, nagusiki Estatuaren poliziak zabaldu zuela H-a arrazoi politiko garbiengatik.

Honela dio, 69 or.:
Los sociales o secretas… reaparicieron… a finales de 1977, en locales como El Paraigua, el London y la pizzería Rivolta de la calle Hospital con bolsitas de heroina que regalaban a los camellos, en su mayoría gitanos, que hasta entonces sólo pasaban chocolate. Como pude averiguar más tarde, la pionera en este tipo de comportamiento había sido la Administración norteamericana que había hecho lo mismo en California, a fin de destruir a la Nueva Izquierda. En la década de los sesenta, el Departamento de Estado exportaría a Europa este método, el más eficaz para dinamitar los focos de radicalismo.

Ameriketako kontuez gehiago, 240 or.:
Aquella misma noche me topé en Zeleste con un mulato de Puerto Rico que había vivido en California durante los años bravos de los Black Panthers… Ciertos elementos parapoliciales se habían infiltrado en los sectores más extremistas con la intención de provocar rencillas, rumores y el desprestigio de unos contra otros. Concluyó el relato con una muy contundente explicación sobre el origen del tráfico de heroína. Por lo visto era uno de los métodos más eficaces para acabar con todo. Negros ajenos al movimiento, camellos de poca monta que vendían marihuana y ácidos, fueron reconducidos a un mercadeo mucho más rentable, el de la heroína, una droga que adormecía el activismo de cualquier tipo.

Ribas-ek epai politiko-moral garbia egiten du, Lou Reed-en figuran eta piuran oinarriturik, 290 or.:
Por la noche asistí… al concierto de Lou Reed en el Palacio de los Deportes… Aquella noche Lou Reed de poco se nos muere en escena. Se desvanecía sobre el piano de cola que apenas tocaba mientras su voz rota y ronca desafinaba. No se sabía bien si seguía en este mundo o estaba ya en elotro. La heroina, a la vista estaba, era un arma letal.

Heroina-ren sarrera eta zabalkundean
Estatuak izan zuen bere partea
eta baita bere arrazoi politikoak ere


Kondena emana dago: Heroina arma hilgarria da. Ez dago heroina atseginerako erabiltzerik. Heroinak hil egiten du. Tabakoak bezala. Edo pattarrak bezala. Edo –zergatik ez?– urak bezala (itotzea uraren gaindosia besterik ez da). Edozerk gaixotu edo hil lezake bat, behar ez den bezala eta komeni ez den tamainan hartu ezkero. Biziak berak ere hil egiten du bat azkenerako: hortik atera kontuak!

Gogoan dut nola izan nuen behin batean eztabaita erdi-publiko bat Eneko Landaburu mediku higienista argi bezain estimatuarekin. “Drogak” ziren eztabaidagai, eta batzuek defendatzen genuen ia edozein sustantzia –heroina barne– erabil zitekeela modu arrazoizko eta neurrizkoan, baina Enekok ezetz: sustantzia batzuk txarrak zirela kasu guztietan eta dosi guztietan. Zein sustantzia? Ba, legeak bere esparrutik kanpoan uzten zituenak, hain zuzen eta hain oker. Ikusarazi nahi izan genion bere gaitzespena legearen mugen araberakoa zela eta, beraz, legearen esanera moldatua zela, baina nere irudipena da droga ez-legezkoen mundutxoak urrutitxo gelditzen zitzaizkiola hari, eta haien gainean modu arrazoizko eta neurrizkoan pentsatzea ezinezkoa egiten zitzaiola. Dena dela, aitortu beharra dago honetaz eta bestetaz Enekorekin hitzegin zitekeela beste ia inorekin ez bezalako lasaitasunez.

Denok dakigunez, kulturak edo mundutxoak sortzen dira sustantzia jakinen inguruan, maiz elkarren ukatzaile izan ohi direnak. H-aren kultura edo mundutxoa hondamenezko zerbait besterik ezin izan zitekeen, adibidez, Ribas-en moduko jendearentzat, hots, garai hartan “kontrakultura” zeritzan mundutxokoentzat, zeinak kalamu-gauzekin eta LSD-arekin baitziren libertitzen.

Espitari ere ez zioten usain onik hartzen, 162 eta h.:
[Pau Maragall] me dijo que el speed daba mal rollo, que lo promocionaban la CIA y el FBI para joder el invento pacífico de los hippies… que pedían el fin del capitalismo y un cambio de civilización en todo el mundo.

Jakina: “gureak” ez diren drogen gaitzespen arinegia egiteak ez dio Ribas-i sinesgarritasunik kentzen H-aren zabalkundearen gorabeherak aztertzerakoan.
Natorren neure ingurura. Denetik aditu dugu H-aren sarreraz, baina hemen idatzizko beste lekukotasun bat dakart: Jexux Sudupe Patta azkoitiar musikeroarena (“Jotakie”, “Dirección Obligatoria”, “Patta ta Sendaezinak”). Patta, garai hartako beste asko bezala, H-ak harrapatu zuen zeharo.

Haren esanak ageri dira Xabi Bordaren ‘Jotakie: Urolan pop’ liburuan (Sorauze, 2006), 110 or.:
“Urte gogorrak tokatu zitzaizkigun. Batez ere, heroinaren erruz. Gobernuak bultzatuta, gazte jendearen artean gogor sartu zen droga hori. Heroinaren munduan murgiltzen zen gaztea anulaturik geratzen baitzen, borroka politikotik kanpo… Batzuk onik irten ginen, eta beste batzuk, berriz, bidean geratu ziren”.

Azpeitiko Ixtitutuko garaiez geroztik ezagutzen dut Patta, eta esan beharra dago, badaezpada, haren musikero giroak ez duela sekula izan deus ikustekorik kontzientzia politikodun taldeen munduarekin.

H-aren sarrera eta zabalkundearen gainean ez dut uste gauzak erabat hola edo erabat hala izan zirela segurtatzeko moduan gaudenik, baina iruditzen zait Estatuak izan zuela bere partea eta izan zituela bere arrazoi politikoak. Eta baietz, halaxe dela: ez dela “drogaren kontrako gizajator garbien” asmazioa. Hori ematen digute aditzera lekukotasun askotxok (“Navajas txostena” ere hor ibiliko da nonbait, zeharo ezkutatu ez badute), eta hemen atera ditudanek ere bai, eta ez naiz ni, bistan geratu denez, H-aren gaitzespen politiko-moral batetik mintzo direnetakoa.

heroina

Izan ere, gauza bat da sustantzia bera, bere horretan (pozoiarekin nahastu gabe, hasteko), eta beste bat da Estatuak edo beste edonork helburu jakin batzuekin sustantzia horren erabilera burugabea bultzatu edo erraztu izana. Kontuan hartu behar da, adibidez, jende askok eta askok hasieran ez zekiela H-ak, nerriz kanpora haru ezkero, adikzio latz bat sortzen ahal zuenik ere. (Gaurko egunera etorririk, bultzatutako erabilera burugabeak asko dira, baina, lehenago aipatu bezala, psikodroga legezkoena esango nuke dela kasurik izugarriena.)

Hasierako ezjakintasunezko giro hartaz, berriz ere Ribas-en hitzak dakartzat, 457 or.:
Los porros corrían por todas partes, y la heroína… empezaba a circular por los lavabos de algunos antros sin que nadie supiera muy bien qué era aquello ni de dónde venía.

Ohartxo bat, bukatzeko, edo galdera bat: eta ETA izeneko kuadrilla armatuak izan al zuen parterik H-aren salerosketan? Bai, benetakoa da galdera.
Euskal Herriko apezpikuen 1984ko agiri batean aurki genezake jadanik salaketa; urte horretako azaroaren 20ko El País egunkaritik hartzen ditut apezpikuen hitzak:
El tráfico de la droga ha sido uno de los medios utilizados por diversos movimientos terroristas para costearse sus propias armas. Tenemos motivos fundados para sospechar que este mismo procedimiento ha sido utilizado, al menos en algunas ocasiones, en nuestra propia tierra.

Lehenagoko lekukotasunak ere badira, eta Zuzeu-n bertan ikus litezke: Iñaki Larrañaga, “ETAk dirua lortzeko droga asko sartu zuen Euskal Herrian”.

Eta hemen, jakina, aitatu beharra dago Roberto Saviano, zeinaren arabera kuadrilla armatu horrek esku-hartze zuzena izan baitu droga ez-legezkoen –bereziki, egia da, kokainaren– salerosketan, halako moldez non gameluen hilketak ez baitziren izango salerosketa horretan izan zitzakeen aurkari edo lehiakideak garbitzeko modu bat besterik. Ez da Saviano bakarrik; H-aren eta beste ez-legezko droga batzuen inguruko lagun batzuen iritziak ere iritsi izan zaizkit zentzu berarekin. Nere iturriak segurantzia osoarekin mintzatu zaizkit, baina nik oraingoz, badaezpada, nahiago dut iritziak direla esatea. Horrek ez du esan nahi, jakina, ez litzatekeenik ikertu behar aukera horren inguruan. Izan ere, denok sumatu izan dugu Estatuak eta ETA-k, ETA-k eta Estatuak, elkarren antz izugarria izan dutela maiztxo.

Honako honek estilozko ariketa hutsal baten edo erakutsi-behar antzu baten antzik izan ez dezan, errematea emango diot esanez bi puntu xinpletara bil daitekeela nere esankizunaren funtsa:

    1. Posible dela uste dut ia sustantzia guztien –H-arena ere bai, dudarik gabe– erabilera zentzuzko eta neurrizkoa. Atsegina eta gozamena sentitzeko bideak izan daitezke. Entzunda eta probatuta jakiten da. (Horretarako, jakina, ez-legezko izate hori kendu egin behar litzaieke erabat.)
    2. Badirudi Estatuaren aparatu kontrolatzaileek droga ez-legezko batzuk –eta bereziki heroina– erabili zituztela, eta noiznahi erabil ditzaketela, interes lokarrarazle eta despolitizatzailearekin (eta ez bakarrik interes ekonomiko “ustelekin”). Legez kanpokoak izateak eta informazio egokirik ezak lagundu egin zien noski aparatu horiei sustantzia jakin batzuen erabilera burugabe eta suntsitzailea bultzatzen.

Eta bi puntu xinple hauez gainera, beste lerro bat, ilunxeagoa. Mundu Garatuko toki askotan, joan den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan, bizimoduaren, politikaren, atseginaren eta abarren inguruan aldaketa interesgarriak abiatu ziren gazte-jendearen artean. Ez diegu izenik jarriko. Ez ditugu sobera mitifikatuko. Baina, 70eko azken urteetan hasita, leku askotan Asunto Gogorrak izorratu zuen dena, edo asko behintzat bai. Asunto Gogorrak azpian harrapatzen duen oro izorratzeko joera baitu. Dena bere erara nahi izaten baitu. Askapen modu oro narrasten edo usteltzen ditu Asunto Gogorrak. Eta hemen, nik bizi edo ezagutu dudanaren arabera, bi aurpegi izan ditu bereziki Asunto Gogorrak: droga ez-legezkoak eta arma ez-legezkoak. Horien erabilera burugabe eta neurrigabeak (armen kasuan ez dakit erabilera burutsua posible den) mugimendu interesgarri askotxo izorratu ditu hemen. Borroka armatuaren mistika alde batetik, eta punkismo zakar-zatarrena beste aldetik; pistolerismoa eta destroikeria; suntsiketa eta autosuntsiketa. Jakiteko eta ikertzeko gelditzen dena da Estatuaren aparatuek zenbateraino bultzatu ote duten ezkutuan hemengo Asunto Gogorra.

drogak, estatua, ETA, heroina

5 pentsamendu “Heroina hemen”-ri buruz

  • Iñaki Segurola honek ba ote du zerikusirik Santi Leonék bere azken sarreran aipatzen duen Iñaki Segurolarekin? (https://zuzeu.eus/2014/12/10/euskara-batua/) Eta areago, Segurolak hemen aipatzen duen Heroina (H) hori, Euskara Batuaren irudi paraleloa edo simil bat izan daiteke? Ala zoratzen hasita nago?

  • Xinple? Neronek soila nahiago. Beste hori zer da bada, musika aparatua? Eta bidenabar, zein ederki idazten duan euskara artifizial horretan.

  • Iñaki Segurola 2014-12-13 12:02

    Lukas: zuk aitatzen dituzun bi horiek badute zerikusia: pertsona berbera naiz (dira? gara?), ustez behintzat.

  • Droga, ura, sugusak, maitasuna edo edozein alorretan: Pozoia dosian datza. Ados.
    Hala ere, Iñaki, epai moral eta politikorik adierazi gabe jardutekotan, itzuri zaizun “armen kasuan ez dakit erabilera burutsua posible den” esaera kontraesankorra da(teke), akaso (estilistikoki, bikaina den arren, Nagorek nabarmendu duenez).

    • Iñaki Segurola 2014-12-14 20:46

      Erabilera burutsua (zuhurra, neurrizkoa) eta atsegingarria posible da sustantzia askorekin, eta H-arekin ere bai. Jakina denez, H-a Bayer etxeak merkaturatu zuen eztularen kontrako botika moduan, eta Aspirinarekin bateratsu gainera (ik. goi-goiko irudia). Armak, aldiz, hiltzeko aparatuak dira, horretarakoxe asmatuak izan dira. Bata eztula kentzeko eta besteak bizia kentzeko. Alde pixkat badago, eta horregatik da neretzat armen erabilera “ona” oso gauza dudazkoa edo zaila. Armek eta H-ak batera dutena da, neurriz kanpora erabili ezkero, oso erraz ohitu daitekeela bat biak erabiltzera, eta behin ohitu ezkero, oso nekeza dela neurriz erabiltzea, eta are nekezagoa zeharo uztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude